(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak % 28 handituko du biomasaren bidez sortzen den energiaren kontsumoa hamarkada honetan
osteguna, 2013.eko azaroak 21


Barcina Lehendakariak ostegun honetan ireki du Nafarroako sektorearen I. azoka; bertan, 40 enpresa inguruk hartuko dute parte.


Barcinaren mintzaldia

Barcina Lehendakariaren mintzaldia Nafarroako baso-biomasaren I. azoka irekitzeko ekitaldian. ( irudia handitu )

Foru Komunitateak % 28 handitu nahi du baso-biomasaren bidez sortzen den energiaren kontsumoa hamarkada honetan, Yolanda Barcina Nafarroako Lehendakariak, ostegun honetan, Nafarroako sektorearen I. azokako irekiera-ekitaldian adierazi duenez. Azoka azaroaren 21etik 23ra izango da Iruñeko Baluarte Jauregian, eta 40 bat enpresak parte hartuko dute.

Asmoa energiaren amaierako kontsumoan biomasaren kuota handitzea da, hau da, 2010ean % 3,9 izan zen, eta 2020an % 5 izatea lortu nahi da, Nafarroako III. Energia Planaren barruan.

Energia-iturri berriztagarria da eta, gainera, klima-aldaketa arintzeaz gain, ekonomia eta enplegua dinamizatzen ditu, landaguneetan batez ere. Zehazki, 1.650 lanpostu berri sortuko direla aurreikusi da, zuzeneko eta zeharkakoak, dagoeneko gaur egun sektoreak dituen 4.000 lanpostuez gain. Baso-ustiapeneko, zerratokien eta abarren 300 enpresatan banatuko lirateke.

Nafarroan beroa sortzeko (berogailua eta ur beroa) 501 biomasa-instalazio daude, eta 40.000 kW inguruko potentzia termikoa sortzen dute. Horietatik 441 etxebizitzetan daude jarrita eta 60 enpresetan, hotel-establezimenduetan eta tokiko erakundeetan.

Lehendakariak mintzaldian adierazi duenez, baso-biomasaren erabilera ‟oso hedatuta" dago Europako herrialderik aurreratuenetan, eta Nafarroak ‟maila berera iristeko gaitasun eta baliabide nahikoak ditu". Horren harira, azpimarratu du Foru Komunitateak, azalera osoaren % 65 basoak izanik, lehengai ugari dituela, "iraunkortasuna" kontuan izanik kudeatu behar direnak.


Publikoa

Nafarroako baso-biomasaren I. azokako goizeko jardunaldira azaldu den jendea. ( irudia handitu )

40 enpresa partaide

Azoka Foru Gobernuak antolatu du Saltoki, Honeywell, Smurfit Kappa eta Giro enpresen babesarekin eta Iruñeko Udala, CRANA fundazio publikoa, Ademan, Anafonca, Cener, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa eta Foresna-Zurgaia erakundeekin elkarlanean jardunda.

50 erakusketari baino gehiago eta biomasaren ziklo osoari lotuta, hau da, basotik ateratzen denetik erregai gisa erabiltzen den arte, lan egiten duten 40 bat enpresa bertaratu dira.  José Javier Esparza Abaurrea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria ere azokan izango da gaur arratsaldean irekiera-eguna dela-eta.

Erakusketa ostegunean eta ostiralean egongo da zabalik, azaroaren 21ean eta 22an, 17:00etatik 20:00etara eta, larunbatean, azaroaren 23an, 10:00etatik 14:00etara goizean eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldean. Sarrera doan da.

Enpresa eta erakunde hauek parte hartuko dute: Acimuth, Ademan, Aerclima, Anafonca, Atmos, Belenus, Berotza Iturgintza, Calorpel, Chimeneas Sancho, Baso Ingeniari Teknikoen Eskola, D&R Ingenieros, Ebinor, Ecofuego, Ecospai, Fitfire, Efectivia, Fontanería Sueskun, Foresna, Froling, Giroa, Harimasa, Honeywell, Imesan, Itago, Izurzu Clima, Piazzetta, Kalbiosu, Naparpellet Bitalia, Nasei Ingeniería, Natefi, Nawattia, Ökofen, Orleghy Renovables, Saltoki, Sernemasa, Smurfit Kappa, Solver, Suakontrol, Tedesna eta Urbena.

Gainera, larunbatean, Baluarteko plazan, herri-kirolen erakustaldia egingo dute 11:00etan eta, 12:00etan, leku berean, biomasarekin lotutako ezpaltzeko makinaren eta bestelako makinen erakusketa egongo da ikusgai.

Argibide-jardunaldia

"Nafarroako baso-biomasaren I. azoka: ordezko energia ekonomikoa" izenburupean antolatutako programan argibideak emateko bi saio egingo dira, ostegunean, azaroaren 21ean, Baluarte Jauregiko Koroa Aretoan.

Jardunaldien helburua honako hau da: erregai-formatuei (pellet, ezpala, egurra), erabilerei, erosotasun-mailari, instalazio eta galdara motei eta bideragarritasun ekonomikoari buruzko zalantzak argitzea; auzokideen elkarte, etxebizitza-barruti, hotel, industria, enpresa txiki eta ertain, ikastetxe edo egoitzetan jarritako instalazioek izan duten arrakasta erakustea; eta erregai, instalazio termiko eta kontrol-sistemen instalazioen eredu sorta zabala eskaintzea.

Goizeko saioa administrazio eta enpresei dago zuzenduta, eta arratsaldekoa auzokideen elkarteei, lursailen administratzaileei eta oro har jende guztiari. Doakoa da sarrera, baina aurrez izena eman behar da energia.info@crana.org helbide elektronikora idatzita edo 948 136 591 telefonora deituta.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa