(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barcina Lehendakariak Rosarioko (Argentina) Nafar Etxearen mendeurrena ospatzeko ekitaldietan parte hartuko du osteguna, 2013.eko abenduak 5


Bilerak izango ditu eskualdeko eta tokiko agintariekin eta Argentinako nafar etxeekin, eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso duen osasun-programa aurrez aurre ezagutuko du.


Yolanda Barcina Lehendakaria.

Yolanda Barcina.

Yolanda Barcina Nafarroako Lehendakaria arratsalde honetan iritsiko da Rosariora (Argentina), bertan, Santa Fe probintziako Nafar Etxearen mendeurrena dela-eta antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko. Bisitan, tokiko agintariekin eta herrialdeko nafar etxe guztietako ordezkariekin elkartuko da. Gainera, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso duen osasun-programaren berri izango du.

Programa hasteko, Mónica Frein Rosarioko intendentak (alkateak) harrera egingo dio Yolanda Barcinari bere bulegoan ostiraleko, abenduak 6, goizeko lehen orduetan. Jarraian, udal-jauregiko Carrasco aretoan, Lehendakariari hiriko bisitari bereziaren titulua emango diote. Hiriak 907.000 biztanle ditu eta biztanleriari dagokionez herrialdeko hirugarren hiria da, Buenos Aires eta Cordobaren atzetik, azken horrekin alde txikia badu ere.

Yolanda Barcinarekin izango dira ekitaldian Argentinako bost nafar etxeetako lehendakariak: Buenos Aires, Mar del Plara, Mendoza eta Bolivarrekoak, Rosariokoaz gain. Kalkulatu denaren arabera, Argentinan 40.000 nafar inguru bizi dira (Nafarroan jaiotakoak eta ondorengoak).

Horren ostean, Espacio Cultural Universitario eraikinera joango dira eta, bertan, Argentinako unibertsitaterik handienetarikoa eta entzutetsuenetarikoa den Rosarioko Unibertsitate Nazionaleko arduradunek Lehendakariari sari akademiko bat emango diote, baita Rosarioko Nafar Etxeari ere, izandako ibilbideagatik eta Rosario hiriari egindako ekarpenagatik.

Nafar Etxearen jabetzakoa den eta Rosarioren aldirietan dagoen Funes egoitzaguneko "7 de julio" etxaldean egingo den bazkariarekin hasiko dira erakundearen mendeurrearen ospakizunak. Erakundeak 400 bazkide ditu gaur egun, eta horien erdia 25 urtetik beherakoa da. Ekitaldian, Lehendakariaz gain, Nafar Etxeko zuzendari eta bazkideak, Argentinako gainerako nafar etxeetako ordezkariak eta horietako bakoitzeko dantza-taldeak ere izango dira. "7 de julio" etxaldeak elkartzeko gunea, igerilekua, kirol-instalazioak eta 2005ean Nafarroako Gobernuak egindako 180.000 euroko ekarpenarekin eraiki zen frontoia ditu.

Marsa Cero proiektua

Yolanda Barcina Rosarion egongo den lehen egunean Marsa Cero proiektuari buruzko konferentziara joango da. Proiektua ospitaleetako infekzioak zaindu eta kontrolatzeko plana da eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso zuen. Hitzaldia Joaquín Bermejo Santa Fe estatuko proiektuaren zuzendariak emango du Complejo Cultural Parque de España kulturgunean.

Marsa Cero proiektua 2008ko urrian jarri zen abian, Santa Feko gobernuaren, Nafarroako Gobernuaren, Rosarioko udalaren eta beste erakunde batzuen (baita Rosarioko Nafar Etxea ere) arteko hitzarmena izenpetu zenean. Lehen fasean, Nafarroako Gobernuak Rosarioko osasuneko profesionalek Foru Komunitatean egin zuten egonaldia ahalbidetu zuen ospitaleetako infekzioak saiheste aldera Osasunbideak hartutako neurriak ezagutzeko. Nafarroan ikasitako teknikak aplikatzen dira dagoeneko Santa Fe probintziako 11 ospitaletan, eta emaitza oso onak lortzen dituzte.

Konferentziaren ostean, Juan Grela (1914-1992) margolari eta grabatzailearen erakusketa ikusiko dute, Parque de Españako erakusketa-espazioan baitago. Guraso espainiarrak zituen artista argentinarra izan zen. Amaitzeko, Parque de Españako Príncipe de Asturias antzokian, Lehendakariak Nafar Etxeko bazkide diren Rosarioko etorkin nafarrei sariak emango dizkie. Gehienak Argentinara emigratu zuten nafarren seme-alaba edo bilobak dira. Horrez gain, erakundeari Iruñeko udaletxean dagoen Javier Cigaren "El mercado de Elizondo" izeneko lanaren kopia ere emango dio. Ekitaldi horretan nafar etxeetako dantza-taldeek emanaldia eskainiko dute.

Lan-bilera nafar etxeekin

Larunbatean, Paraná ibaian zehar eta ibaiko uharteetatik ibilbidea egin ondoren, Yolanda Barcina Rosarioko Nafar Etxearen egoitzan batzartuko da Argentinar Errepublikako Nafar Etxeen Federazioko zuzendariekin. Federazioaren burua José Luis Iturrat da, eta bileran nafar etxeen egoera, gauzatzen dituzten jarduerak eta egin nahi dituzten proiektuak azalduko dituzte.

Bazkaldu aurretik, Foru Gobernuko Lehendakariari zuzeneko elkarrizketa egingo dio Carmita Batlle "Horizonte Español" izeneko irratsaioko hizlariak. Rosarioko Nafar Etxearekiko lotura handia du, eta 2004an Nafarroako Karlos III.a Prestuaren Gurutzea jaso zuen.

Arratsaldean, Barcina Lehendakaria 25 de Mayo plazara hurbilduko da, Carmita Batlleren lana diren Nafar Etxeko erraldoiak, buruhandi eta zaldikoak, plazan emanaldia eskainiko duten bost zentroetako dantzari eta txistulariak izango dituen desfilearen buru dela. Plazan horretan dago katedrala, eta bertan egingo dute hildako bazkideen aldeko meza.

Azkenik, Yolanda Barcina izango da "Mendeurrenaren otordu"ko burua. Bertan izango dira, baita ere, Santa Feko gobernuko eta Rosario hiriko agintariak, argentinar errepublikako nafar etxeetako eta Rosarioko eta probintziako Espainiako beste erakunde batzuetako ordezkariak eta erakundeko bazkideak.

Aurreikusi denez, Nafarroako Lehendakariak igandean hartuko du itzulerako hegaldia Bueno Airesen.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Nafarrak Argentinan
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa