(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektoreak tokiko produktuen alde egiten jarraitzera animatu ditu kontsumitzaileak
asteartea, 2013.eko abenduak 17


Esparza kontseilaria buru izan duen ekitaldi batean azpimarratu dute kalitatezko markei emandako euro bakoitza lehen sektorearentzako 13 euro bihurtzen dela.


Esparza kontseilaria eta jatorri-deitura, adierazle geografiko babestu eta kalitatezko beste marka batzuen ordezkariak Nafarroako ardoarekin topa egiten. ( irudia handitu )

Nafarroako nekazaritza elikagaien sektoreak tokiko produktuen alde egiten jarraitzera animatu ditu kontsumitzaileak, izan ere, kalitatezko markei emandako euro bakoitza lehen sektorearentzako 13 euro bihurtzen da. Halaxe adierazi dute gaur goizean José Javier Esparza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria buru izan duen ekitaldi batean.

Esparzak azpimarratu duenez, kontsumitzaile garen aldetik "jakin behar dugu bertako produktuak erosita, kalitatea eskuratu ez ezik, lehen sektorean enplegua sortzen laguntzen ari garela eta, hala, landaguneetako biztanleak mantentzen, lurraldea egituratu eta orekatzen eta denok gozatzen ditugun gure herri, paisaia eta tradizioei eusten". Horiek "gaur egun ezagutzen dugun modura" mantentzea, neurri handi batean, "gure nekazari eta abeltzainek lana izateak baldintzatzen du; horretarako, haien produktuak kontsumitu behar ditugu".

Atarrabian dagoen INTIAren (Nafarroako Nekazaritzako Industrien Teknologien eta Azpiegituren Institutuari) egoitzan izan den ekitaldian, kontseilariarekin batera izan dira jatorri-deitura, adierazle geografiko babestu eta kalitatezko beste marka batzuen hamaika ordezkari, guztiena den helburua lortzeko ahalegin bateratua eta duten egitekoa nabarmentzeko.  Nafarroako Nekazarien eta Abeltzainen Elkarteko (UAGN) eta Nafarroako Nekazaritza Kooperatiben Elkarteko (UCAN) ordezkariek ere parte hartu dute.

Esparzak adierazi duenez, egiaztatu egin da produktu horiek "harrera hobea izan dutela krisialdian eta kontsumoaren beherakada modu apalagoan jasan dutela". Lehen sektorearen indarra ere aipatu du, izan ere, "Nafarroako ekonomiari aurrera egiten laguntzen ari da, onurak eta baliabideak sortuta", eta nabarmendu du egoera "ez dela den bezalakoa kasualitatez: finkatzen ari den kate baliotsu bati esker egindako ahaleginaren, dedikazioaren eta modernizazioan eta teknologia berrietan inbertitu izanaren emaitza da. Hala, Nafarroa eredu bihurtu da, ez bakarrik estatuan, baita pixkanaka nazioartean ere". Amaitzeko, kontseilariak zera esan du, "gure nezakaritzako elikagaiek Foru Komunitatearen nabarmentasuna sortzen, 'Nafarroa marka' egiten eta bestelako produktu batzuri harrera egiten lagundu duteˮ.

Kalitatezko marken sendotasuna

Nafarroako Arkumearen kasuan, komertzializazioa bost aldiz handitu da 2007tik; aldiz, AGBtik (adierazle geografiko babestua) kanpo % 28ko beherapena izan du. Nafarroako aratxeari dagokionez, AGBn, komertzializazioa kiloetan mantendu da, baina AGBtik kanpo % 20 gutxitu da.

Bestalde, 2007tik % 10 handitu da kalitatezko marken aldeko apustua egiten duten enpresen kopurua. Enpresa horiek eta sektore ekoizleak % 8 hazi dituzte kalitatezko marketan egiten dituzten inbertsioak. Gainera, sektore ekoizle guztiei eutsi zaie eta, kasu zehatz batzuetan (ardoa, olioa, arkumea, cava, patxarana eta artisautzako elikagaiak), batzorde erregulatzaileen lana funtsezkoa izan da lehen sektoreko ekoizpenak sustatu eta mantentzeko.

Adibide gisa, Nafarroako Aratxearen kasuan, kalkulatu denez, AGBrik egongo ez balitz, 3.700 behi ume-hazle galduko lirateke eta % 10 egingo lukete behera ustiapenek. Nafarroako patxaranari dagokionez, AGBrik gabe sektoreak aurrera ezin egiteaz gain, diru-kutxa foralean ere zergen bidezko diru-sarrera handiak galduko lirateke.

Nafarroako kalitatezko marken sendotasunaren adierazle da Nafarroako Olioaren JD ziurtagiri-kopurua 6 aldiz handitu izana 2008tik; gainera, ekoizten denaren % 80 oliba-olio birjina estra da. Aurten, Tuterako orburu freskoaren komertzializazioa historiako handiena izango da Nafarroako Erriberako 33 herritan; hori ere sendotasunaren beste adierazle bat da.

Nekazaritza ekologikoak izan duen goraldiak hazkuntza handiak ekarri ditu azken urteetan: labore-azalerak % 270 handitu dira, buru kopuruek % 355 egin dute gora eta ekoizpen ekologikoan jarduten direnak % 8 gehiago dira. Gainera, artisautzako elikagaien fakturazio orokorrak % 70 egin du gora 2007tik, eta zuzeneko salmenta diru-sarreren % 50 da.

2006an Nafarroako Gobernuak "Reyno Gourmet" kalitatezko zigilua sortu zuenetik, Foru Komunitateko nekazaritzako kalitate aintzatetsiko elikagaien estandarte bihurtu da.

Nafarroako hamabost produktuk estatuan eta Europan babes handia dute horien kalitatea bermatzen duten ziurtagiriengatik, jatorri-deitura zein adierazle geografiko babestuak izateagatik. Hauek dira produktu horiek: Nafarroako Zainzuriak AGB, Lodosako Pikillo Piperrak JDB, Tuterako Orburuak AGB, Erronkari eta Idiazabal JDB, Nafarroako Arkumea eta Aratxea AGB, Nafarroako Jatorri Deiturako ardoa, Errioxa JDK ardoa, 3 Riberas AGB, Nafarroako Patxarana AG, Cava JDB, Artisautzako elikagaiak, Nekazaritza ekologikoa, Ekoizpen integratua, Nafarroako Olioa JDB.

Horiez gain, nazioartean aintzatetsitako kalitatea bermatzeko sistemen ziurtagiriak, esate baterako, BRC, IFS, Global Gap edo ISO 22000 dituzten Nafarroan egindako beste produktu batzuk ere badaude.

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa