(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

510 eskola-umek ikasi zuten iragan ikasturtean ospitale eta etxebizitzetako hezkuntza-programen bidez asteartea, 2013.eko abenduak 31


Hezkuntza Departamentuak osasun-arazoak direla-eta eskolara joan ezin duten ikasleen hezkuntza-premiei erantzuten die.


510 eskola-umek ikasi zuten iragan ikasturtean osasun-arazoak direla-eta ikastetxeetara joan ezin duten haurrentzako Nafarroako Gobernuaren hezkuntza-programetako baten bidez.

Zehazki, 398 eskola-umek ikasi zuten pediatriako eremuan dagoen ospitaleko ikasgelan, 70ek Natividad Zubieta Haur eta Gazteen Eguneko Ospitaleko psikiatria-unitatean (buru-nahasmendu larriak dituzten haur eta gazteentzat) eta 42ri euren etxeetan eman zitzaien arreta.

Programa horien bidez, Gobernuak ospitaleratuta dauden zein, medikuaren aginduz, aldi batez ikastetxera joan gabe etxean egon behar duten haurren hezkuntza-premiei erantzuten die.

Hezkuntzaren arloan arreta eskaintzeko modu horiek guztiak Hezkuntza Departamentura atxikitako Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren bidez koordinatzen dira.

42 ikaslek beraien etxeetan jaso zuten arreta

Hezkuntza-arreta etxean emateko programaren bidez, gaixotasuna, traumatismoa edo susperraldia dela-eta medikuaren aginduz etxean denbora luzez egon behar duten eta, hori dela-eta, eskolara joan ezin duten ikasleei euren etxeetan ematen diete hezkuntza-laguntza. Programa horrek Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Nafarroako ikastetxeetako haurrei ematen die hezkuntza-laguntza.

Iragan ikasturtean 42 ikasleren hezkuntza-premiei erantzun ahal izan zen arreta etxean emateko araubidearen bidez: 23 Bigarren Hezkuntzan (19 gaztelaniaz eta 4 euskaraz) eta 19 Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan (8 euskaraz eta 11 gaztelaniaz), eta Iruña (23); Zizur Nagusia (3), Zizur Txikia (2), Martzilla (2), Sarriguren (2) eta beste hamar herritan (ikasle bana).

Hezkuntza-arreta etxean jasotzeko hiru baldintza bete behar dira: familiak egin behar du eskaera, eskaeran familiak berak hartu beharreko konpromisoak zehaztuta; etenik gabe 21 egun natural baino gehiagoz ikasleak ikastetxera ezingo duela joan adierazten duen medikuaren txostena; eta kasuan kasuko ikastetxeko zuzendariaren eskaera ere aurkeztu behar da.

Haur eta Lehen Hezkuntzan, astean 5 orduko zuzeneko arreta ematen da etxean, eta hilean behin, 2 orduz, ikastetxeko orientatzailearekin eta tutorearekin koordinazio-saioa egiten da. DBHn astean 8 orduko zuzeneko arreta ematen da eta 2 orduko koordinazio-saioa egiten da hilean behin.

Programak berak ematen dizkie koordinaziorako fitxak zentroko orientatzaileari zein arreta etxeetan ematen duten irakasleei, eta hamabost egunean behin edukien, jardueren eta azterketen kontrola egiten da, egindako lanaren, aurrerapenaren edo izandako zailtasunen hamabost egunean behingo koordinazio-saio bakoitzean irmotasunari eusteko.

Ikastetxeek ematen dizkiete hezkuntza-arreta etxean emateko programako irakasleei behar duten ikasmateriala, programa zehatzak eta ikasgelako bestelako gauza batzuk.  Gainera, programaren koordinatzailea zuzeneko elkarlanean aritzen da osasun-taldearekin, susperraldiaren iraupenari eta ikaslearen osasun-egoeraren bilakaerari buruzko informazioa trukatzeko.

398 ikaslek hartu zuten parte "Ospitaleko ikasgela" programan

Ikasleek hezkuntza-laguntza euren etxeetan jasotzeko aukera izan aurretik, Nafarroako Gobernuak arreta ospitaleetan emateko programa ere badu, "Ospitaleko ikasgela" izenekoa. Programa horrek 3 eta 16 urte arteko ikasleak eskolatzen laguntzen du eta ume eta gazteen psikiatria-unitateko 18 urtera arteko adin-barrutiko ikasleen jarraipena egiten du.

Pasa den ikasturtean 398 adingabek jaso zuten arreta; horietatik 332k ikasgelan bertan eta 66k gelan. Horien artetik 290k gaztelaniaz ikasi zuten eta 108k euskaraz. Ikasmailei erreparatuta, 182 ikasle Lehen Hezkuntzan zeuden, 160 Haur Hezkuntzan eta 56 Bigarren Hezkuntzan. Ikasle horien egonaldiak egun bat eta 21 egun baino gehiagoko tartean izan ziren. 25 haurrek, gutxiengoak, egin zituzten 21 egun baino gehiagoko egonaldiak. Zazpi egunez 328 ikaslek jaso zuten hezkuntza-arreta eta 45ek 7 eta 21 egun arteko tartean.

"Ospitaleko ikasgela" programak NOGeko ama-umeen eraikineko laugarren solairuko ikasleei ematen die zuzeneko hezkuntza-arreta. Bertan, 20 gela, 40 ohe eta behaketarako 3 ohe daude guztira. Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara dauden haur ospitaleratu guztiak barne hartzen ditu hezkuntza-arretak. Bigarren Hezkuntzakoekin gehienbat koordinatzekoak diren lanak burutzen dira eta, hala egokitzen denean, hezkuntza-arreta etxean jasotzeko programan lankidetzan aritzekoak, ikaslearentzat egokiena hori dela uste bada.

2013-2014 ikasturte honetan, hiru irakaslek osatzen dute ospitaleko arreta-taldea. Honako hauek dituzte helburu nagusiak: hezkuntza-arreta inklusiboa ematea, ikaskuntzarako premia bereziak, baita psikologikoak, sozialak eta afektiboak ere, bermatzeko beharrezkoak diren metodologia eta egokitzapenak aplikatuta; jatorrizko zentroekin eta familiarekin ematen den hezkuntza-laguntza koordinatzea, biei ikasketen inguruko eta ikaslearen ikastetxerako itzulerari buruzko jarraipena egitea ahalbidetuz eta baliabide eta teknologia berriak komunikatzeko eta barne hartzeko bitarteko gisa sustatuz; eta diziplina anitzeko taldeetan hezkuntza eta osasunaren alorreko langileekin, langile psikosozialekin, eta ospitaleko elkarte eta boluntarioekin bat egitea, ospitaleratuta dauden haurrei arreta osoa emateko koordinazio-prozedurak ezartzeko. Irakasle taldeak ikaslearen ikastetxearekin koordinazioan daude, prozesu horren bidez ikasketetan laguntzeaz gain ikastetxera itzultzea ere errazteko.

Askotan ikastetxeko ikasmateriala erabiltzen da, eta aurrez aurreko eskolak ospitale-eremuko egokitzapenen arabera eskaintzen dira. Haurrarentzat egokiena den eremua ere aukeratzen da, gela edo ikasgela. Irakasleak etengabe ari dira trebatzen eta harreman iraunkorra mantentzen dute estatuko ospitaleetako ikasgelekin. Ospitaleetako Pedagogoen Europako Elkartearekin ere lankidetzan aritzen dira (H.O.P.E.).

Amaitzeko, azpimarratzekoa da beharrezkoa dela osasun-taldeekin koordinatzea eta familiak ezagutu eta horiei informazioa ematea. Hala, prest izaten dira lanerako baldintzak eta ikasleekin harremanak izateko behar diren komunikazio-bideak.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa