(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hezkuntza Departamentuak guraso bananduen arteko desadostasunak daudenean zentroentzako jarraibideen behin betiko testua onetsi du ostirala, 2014.eko urtarrilak 10


Agirian guraso bananduen elkarteen eta ikastetxeen ekarpenak gehitu dira, eta urtarril honetatik aurrera aplikatuko da.


Hezkuntza Departamentuak Nafarroako ikastetxe publikoentzako, unibertsitateak kenduta, jarraibideen behin betiko testua onetsi du, guraso banandu eta dibortziatuek euren seme-alabei loturiko hezkuntzako erabakiak hartzeko orduan bat etortzen ez direnerako. Hasierako testua guraso bananduen elkarteek adostu zuten, baina jendeak parte hartzeko aukera izan duen aldian, ikastetxe, orientatzaile eta gurasoek ere ekarpenak egin dituzte.

Agiriak ikastetxea hautatu eta aldatzea, haurren bila eskolara joatea, ebaluazioen berri ematea eta bestelako alderdi garrantzitsu batzuekin lotutako jarraibideak jasotzen ditu, esate baterako, eskolako jantokiko zerbitzuari eta irudiak eta datu pertsonalak uzteari buruzkoak. Agiria ikastetxeetara bidali da urtarril honetatik hasita aplika dadin.  Jarraibideak derrigorrezkoak dira ikastetxe publikoentzat eta orientatzekoak itunpeko ikastetxeentzat, ikasleen onarpenari loturiko kontuetan izan ezik; halako kasuetan testuan ezarritakoa beteko dute.

Jarraibidearen helburua ikasleentzako arreta egokia eta gurasoen eskubideak bat etorraraztea da, adingabeen eskubideak legezkoa den beste edozein interesen gainetik bermatuta.

Agiriak dioenez, gurasoak ados egon ezean, guraso-ahalari buruz ebazpen judizialak dioenari edo bi aldeen arteko adostasunari jarraiki jardungo da. Edonola ere, adingabearen interesa bermatzeko, agiriak jarduteko arauak ezartzen ditu erabakiak hartzea nori dagokion argi ez dagoenean, gurasoek desadostasunak eragin dituzten heziketari loturiko alderdiak aipatzen dituen ebazpen judiziala edo bi aldeek onartutako beste agiriren bat aurkeztu arte.

Ikastetxea aukeratzea

Lehen aldiz ikastetxe  batean sartzeko eskatzen dutenean eta udalerriaren inguruko desadostasunak daudenean, lehentasuna emango zaio adingabearekin bizi ohi den edo haurra, gehienetan, eskolara eraman eta bertatik hartzen duen gurasoaren etxebizitza dagoen herrian eskolatzeari. Jagoletza partekatua bada edo haurra bi gurasoekin neurri berean bizi bada, lehenik eta behin haurraren anai-arrebak dauden ikastetxeari emango zaio lehentasuna eta, hala ez denean, bi gurasoetako edozeinen bizitokitik hurbilen dagoen ikastetxeari.

Haurra udalerri bereko zein ikastetxetan eskolatuko den adostu ezin bada, haurrak anai-arrebak dituen ikastetxean eskolatzeari emango zaio lehentasuna eta, anai-arrebarik izan ezean, adingabearekin bizi ohi den edo haurra, gehienetan, eskolara eraman eta bertatik hartzen duen gurasoaren bizitokitik hurbilen dagoen ikastetxean eskolatzeari. Jagoletza partekatua denean, bi gurasoekin neurri berean bizi denean edo haurra ikastetxera eraman eta ekartzeko ohitura berbera bada, bi gurasoetako edozeinen bizitokitik hurbilen dagoen ikastetxeari emango zaio lehentasuna.

Ikastetxez aldatzeko eskatzen dutenean, haurra dagoeneko eskolatuta dagoen ikastetxean gelditzeari emango zaio lehentasuna, aldaketa adingabearekin bizi ohi den gurasoa bizitokiz aldatuko delako egiten denean izan ezik, betiere arrazoitzen bada, adibidez, lanagatik.

Seme-alaben bila eskolara joatea

Desadostasunak daudenean, ebazpen edo hitzarmenik aurkezten ez denean, bi gurasoetako edozeini edo biek adostutako hirugarrenari emango zaio haurra. Gainera, haurra jasotzeko modua mantendu egingo da bi gurasoek aldatzeko eskatu edo bietako edozeinek orain artekoa aldatzen duen ebazpen edo erabakia aurkeztu ezean.

Informazioa jakinarazteko modua

Agiriak dio seme-alaben zaintza eta jagoletza gehiena ez duten gurasoek eskubidea dutela informazioa jasotzeko, ebazpen judizial batek halakorik berariaz galarazi ezean. Informazioa ebaluazioari, eskolako egutegiari, eskolako eta eskolaz kanpoko jardueren programari, eskola-kontseiluari, jantokiko menuari, istripuak gertatzean abisuak emateari edo arrazoirik eman gabe eskoletara ez agertzeari edo higiene-baldintza desegokietan agertzeari buruzko jakinarazpenen kasuan aplikatuko litzateke jarraibide hori, baita bileretara joango den gurasoari dagokienez ere.

Horretarako, ikastetxeak guraso horri jakinaraziko dio eskatutako informazioa, ezarritako modua baliatuta. Edozein kasutan, gurasoak informazio hori jasotzeko duen eskubidea bermatu beharko du. Ahal den guztietan ordenagailuz emango da informazioa, eskatzaileak hori aukeratu edo baimentzen badu.

Hezkuntzako erabaki garrantzitsuak

Hezkuntza erabaki garrantzitsuak hartzeko bi gurasoek berariazko baimena behar da Honako kasu hauetan behar izaten da berariazko baimena, besteak beste: ikasketen ibilbidea edo aukerako ikasgaiak aukeratzeko, erlijioa edo horren ordezkoa aukeratzeko, irudiak edota datu pertsonalak bildu edo uzteko baimena lortzeko, hizkuntza-eredua aldatzeko, eskolako jantoki-zerbitzuan izena eman edo baja egiteko, eskolaz kanpoko jarduerak aukeratzeko edota ikastetxearen barrutitik ateratzeko baimena lortzeko.

Halako kasuetan bat etorri ezean, eta erabaki dezakeen gurasoa zein den berariaz ebazten duen ebazpen judizial edo erabakirik ez badago, ikasleak hautatu ahal izango ditu hezkuntza-ibilbidea eta aukerako ikasgaiak. Desadostasuna erlijioa edo ordezko ikasgaia hautatzeko orduan gertatzen bada, erlijioan emango zaio izena gurasoetako batek bataio-agiria erakusten badu. Aukeraz aldatu nahi bada, orain arte aukeratutakoari emango zaio lehentasuna ikasleak 12 urte baino gutxiago baditu; aldiz, ikasleak berak aukeratu ahal izango du bata zein bestea adin hori baino nagusiagoa denean.

Irudiak edota datu pertsonanak bildu edo uzteko baimenari loturiko erabakiari dagokionez, agiriak zera ezartzen du: ikasleak 12 urte edo gehiago baditu, berak erabakiko du eta, adin horretara iritsi ez bada, ez dira irudiak edota datu pertsonalak lortu edo utziko. Halaber, ikasleari egokituko zaio hizkuntza-eredua aldatzea 12 urte edo gehiago baditu. 12 urte izatera heldu ez bada, matrikula eginda duen ereduan jarraituko du.

Desadostasunak jantokiko zerbitzuaren edo eskolaz kanpoko jardueren ingurukoak direnean, erabakia jagoletza duenak edo egun gehienetan ikaslearekin bizi den edota ikaslea ikastetxetik jasotzen duenak hartu ahal izango du. Hala ere, bat ez etortzea arrazoi ekonomikoengatik bada, haurrak jantokian jatea edo eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzea nahi duen eta zerbitzua edo jarduera ordain dezakeen gurasoak erabaki ahal izango du. Irizpide horien bidez desakordioa ebatzi ezin bada, ikasleak erabakiko du.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa