(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak eskaintza gastronomikoa sustatuko du Fitur Turismoaren Nazioarteko Azokan asteartea, 2014.eko urtarrilak 14


Azokan datorren urtarrilaren 24an ospatuko da Nafarroaren eguna, eta bertan izango da Dolores Redondo idazlea Baztan sustatzeko.


Nafarroak, aurten, gastronomiaren bikaintasuna nabarmenduko du Fitur Turismoaren Nazioarteko Azokan. Urtarrilaren 22tik 26ra izango da Madrilen. Horretarako, "Navarra, mahai onaren Erresuma" ibilbidea aurkeztuko du, Nafarroako gastronomia Foru Komunitatearen alderdi erakargarrienetariko baten gisa aitortu eta indartzen duen ibilbidea hain zuzen ere.

Aurten, berriz ere "Déjate abrazarˮ lelopean, Nafarroako Erresuma marka turistikoak Dolores Redondo Trilogía del Baztan deritzon trilogiaren idazleari Baztan ibar ederrak gordetzen dituen magia eta misterioei buruz hitz egiteko aukera emango dio, horietatik hartu baitu inspirazioa bere eleberriak egiteko.   Gainera, Madrilgo hitzorduan, besteak beste, Nafarroako Unibertsitateko Arte Garaikideko Museo berria aurkeztu eta barazkien bidez egindako kosmetika naturalaren erakustaldi bat egingo dute.

Nafarroa, mahai onaren Erresuma

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak prestatu du ibilbidea INTIA-Reyno Gourmet, Nafarroako Ostalaritza Elkartea, Erresumako Jatetxeen Elkartea, ANAPEH eta turismo eta gastronomiarekin erlazionatutako Nafarroako beste kolektibo batzuen laguntzarekin.

Ibilbidea lau kategoria handiren inguruan dago antolatuta: jatetxeak eta tabernak, jaiak eta ekitaldiak, Nafarroako produktuak, sari eta opariak. Jatetxe eta tabernen katergoriaren barruan, hiru maila daude: goi-mailako eta egile-sukaldaritzako jatetxeak; sukaldaritza tradizionalekoak, erretegi eta sagardotegiak ere barne hartuta; eta pintxoenak, dastatzeko leku eta ibilbiderik onenekin.

Gastronomiako ibilbidean Nafarroan urte osoan antolatzen diren eta gastronomia funtsezko osagai duten ekitaldiak ere nabarmenduko dira. Esate baterako: Arroizko Ogi Txigortuaren Eguna, Tuterako Barazkiak goraipatzeko Jardunaldiak, Milagroko Gereziaren Eguna, Deikazteluko Zainzuriaren Eguna, San Martin Unxeko Ardo Gorriaren Eguna, Etxalar edo Erronkariko Gaztaren azokak, Uharte Arakilgo Artzai Eguna, Zangozako Potxen Jardunaldiak, Uxueko Artzain-apurren Festa, Erriberriko Mahats-bilketaren Festa, Iruñeko eta Nafarroako hainbat herritako Pintxoen eta Kazolatxoaren eta ardoaren asteak edo Baldorbako eta Metauteneko Boilurraren Azokak.

Hirugarren kategoria Nafarroako produktuek osatzen dute, adibidez, barazkiek eta zainzuriak, pikillo piperrak edo orburuak bezain ezagunak diren baratzeko produktuek, perretxiko eta boilurrek, askotariko haragiek, jatorri-deiturako ardoek, gaztek eta esnekiek edo patxaranak. Ekoizpenari lotutako jarduerak ere sustatuko dira alor horretan (laborantza edo hazkuntza, bilketa, elaborazioa), baita upategiak, ardoaren ibilbideak eta gaikako museoak ere. Tokiko merkatuetan eta saltoki espezializatuetan bertako produktu gastronomikoen erosketa ere babestuko da.

Opariek (patxarana, gazta, ardo-botila etab.) Gastronomiaren Ibilbideak oinarri duen laugarren kategoria osatuko dute. Horien bidez, turistek erosi eta euren herrialdeetara eramaten dituzten eta Nafarroa osoan dauden saltoki espezializatuetan saltzen diren produktuak sustatuko dira..

Besarkada bat irudikatzen duen stand-a

Nafarroak FITURen izango duen stand-a besarkada bat irudikatzeko modura diseinatu da, "Déjate abrazar" kanpainaren leloarekin bat etortzeko, eta sei beira-arasa izango ditu. "Zentzumenen erakusleihoa" izango da; Nafarroarekin lotutako soinuak entzun, usainak usaindu edo gauzak ukitu ahal izango dira. Hala, "Nafarroako Erresuma" marka turistikoaren asmoa sentitzen dena, zentzumenen bidez jasotzen dena eta sentimenduzkoa dena indartzea da, jendeak parte hartzeko diseinaturiko stand batean.

Stand-ean harrera-mahai nagusi bat eta informazio espezifikoa emateko beste hainbat mahai egongo dira, ostatuei (Nafarroako Ostalaritza Elkartea, ANAPEH eta Nafarroako Landa Turismoaren Federazioaren eskutik), naturari eta ekoturismoari, gastronomiari, kulturaren turismoari eta jaiei, proposamen turistiko zehatz eta espezifikoei eta biltzarren eta osasunaren turismoa bezalako beste produktu batzuri buruzko informazioa emateko.

FITURen, Nafarroako Turismoaren "Déjate abrazar" komunikazio- eta publizitate-kanpaina berrargitaratuko du aurten Nafarroak. Ekimena Nafarroako Turismoaren Plan Integralaren estrategia eta eskaintza turistiko berrituaren barruan egin da. Oinarri nagusiak natura, kultura eta gastronomia ditu.

"Déjate abrazar" esaldiak bideratuta, Komunitateko produktu turistiko nagusiak aurkeztuko dira Nafarroa emozioen bidez sustatzen jarraitzeko asmoa duen komunikazio-kanpainan. Esan bezala, besarkada hizkuntza unibertsala da eta, besarkada baten bidez bisitariei esan nahi zaie Nafarroak bere kultura, natura, jaiak, gastronomia, ardoak eta abar eskainiz "besarkatuˮ egiten dituela.

Stand-a Grupo Standing enpresari esleitu zaio 6 azokatarako (FITUR, Tolosako Mahana, Lyongo Mahana, Navartur, Expovacaciones eta Sevatur) deitutako lehiaketaren bidez. 145.140 eurokoa izan da guztira, eta 2013rekin alderatuta % 22,61 aurreztu da.

Aurkezpenen programa oparoa

FITUR azokarako aurkezpenen programa zabala dago antolatuta, eta "Nafarroaren Eguna" ekitaldi instituzionalarekin batera amaituko da. Aurten, urtarrilaren 24an (ostirala) izango da.

"Nafarroako Erresuma" marka turistikoak barazkien bidez egindako kosmetika naturalaren erakustaldi batekin hasiko du aurkezpena. INTIA eta Reyno Gourmet Nafarroako kalitate-markak esku hartu dute ekimen horretan, Koldo Rodero sukaldariarekin (Michelin izan bat du) eta Ultzamako Aurum Cosmetic laborategiarekin batera. Azokako egun guztietan, 11:00etatik 13:00etara, zainzurien, pikillo piperren, orburuen, borrajen eta Nafarroako jatorri-deiturako olioaren esentziekin egindako aurpegi- eta gorputz-krema horiek aurkeztuko dira. Produktuek azalerako onuragarriak diren propietateak dituzte, goi-mailako kosmetika eta kalitatekoak dira eta, gaur egun, lasaitzeko eta spa-zentroetan eta Iruñeko Rodero jatetxean bertan banatzen dira.

Gainera, Dolores Redondo Trilogía del Baztan trilogiaren egileak (El guardián invisible, Legado en los huesos eta Ofrenda a la tormenta) Baztanen magiaz hitz egingo du asteazkenean, eleberri horiek idazteko orduan handik hartu baitzuen inspirazioa, eta Pirinioetako paisaia bere liburuetako toki bihurtu izana azalduko du. Horrez gain, FITURen estreinatuko da Dolores Redondok berak trilogian agertzen diren Elizondoko eta Baztango tokiak erakusten dituen bideo bat.

Barazkiak eta gastronomia urtarrilaren 23an (osteguna) egingo diren aurkezpenetako mintzagaiak izango dira berriro. Egun horretan ere aurkeztuko da Nafarroako Unibertsitatearen Arte Garaikideko Museo berria.

Ostiralean, urtarrilaren 24an, Nafarroaren Eguna ospatuko da eta ekitaldi instituzionala egingo da. FITUR 2014 azokako berritasunen aurkezpenez gain, bertaratzen direnek dantza garaikidea eta Nafarroako musika batzen dituen ikuskizun batez ere gozatzeko parada izango dute.

Asteburuan, Sendaviva Natura Parkeko maskotak alaituko du stand-a eta, 13:00etan eta 16:30ean, akrobazia-saioak eta Nafarroako musikaren emanaldiak egongo dira. Tierras de Iranzu elkarteak ere ekoesperientzien proposamenak egingo ditu.

Turismoaren egoera

Eskura dauden azken datuen arabera, hau da, 2013ko urtarriletik azarorakoen arabera, Nafarroako ostatuek 1.043.858 turista hartu zituzten azarora arte. Turista horiek 2.193.052 gau egin zituzten (Estatistikako Institutu Nazionala).

Bidaiari horiek % 2 handitu dute turisten kopurua. Datuak Espainiako batez bestekoa baino altuagoak dira (% 0,9ko aldea) eta, adibidez, Kanariak bezalako komunitate turistiko baten datuen antzekoak (% 2,2 bidaiari gehiago).

Datuak onak dira, eta lotura estua dute atzerriko turismoarekin (asko Done Jakue Bidea dela-eta etortzen dira), baina baita Nafarroako hotelen sektoreak prezioei dagokienez egindako ahaleginagatik ere, azken urteetan jaitsi egin dituzte prezioak.

Hoteletako bezeroen kopurua eta, bereziki, atzerriko turismoa handitzeari esker (Foru Komunitatea hotelen sektorean hazkuntza handiena izan duen estatuko komunitatea da, % 17,2), Nafarroako ostatuen eskaintzaren egoera orokorra Asturiasen, Errioxan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Kantabrian, adibidez, erregistratutakoa baino hobea da.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa