(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Donejakue Bideko autobia (A-12) Errioxarekin lotzeko obrak 15 hilabete barru amaituko dira

asteartea, 2014.eko urtarrilak 21


Halaxe iragarri dute gaur goizean Barcina Lehendakariak eta Sustapen ministroak obrak ikustera joan direnean. 103 milioi euroko aurrekontua dute eta, horretatik, Nafarroak 20,2 milioi euro eman ditu.


Barcina, Pastor eta Sanz

Barcina Lehendakaria, Pastor ministroa eta Sanz lehendakaria obrak ikustera egin duten bisitan. ( irudia handitu )

Donejakue Bideko autobia (A-12) Errioxarekin lotzeko obrak 2015eko apirilean amaituko dira, hemendik 15 hilabetera. Horixe eman du jakitera Yolanda Barcina Nafarroako Lehendakariak Ana Pastor Sustapen ministroarekin eta Pedro Sanz Errioxako lehendakariarekin batera obrak egiten ari diren eremura egin duen bisitan. Foru Komunitatearen eta Errioxaren artean dago eremu hori.

Hedabideei adierazitakoen artean, Barcina Lehendakariak gogorarazi du Nafarroak berak eraiki zuela berari dagokion Donejakue Bideko autobiaren (A-12) zatia, baina estatuari dagozkion 6,5 kilometro falta zirela. Horren haritik, esan du orain benetan ari direla betetzen hartutako konpromisoak, Foru Komunitateak lotura burutzeko behin eta berriz hainbat eskaera egin ondoren.

Bestalde, Ana Pastor ministroak aitortu du Donejakue Bideko autobia lurraldea ardazteko funtsezko egitura dela. Horrekin bat etorri dira Nafarroako eta Errioxako lehendakariak, obra bi komunitateentzat "ezinbestekoa" eta "garrantzitsua" dela esan baitute.

Azkenik, Errioxako lehendakariak aitortu du Nafarroak zegokion obra "bere garaianˮ egin zuela, eta Espainiako Gobernuak lotura eraikitzeko obrak bizkortuta egindako "bultzadaˮ azpimarratu du.

Obrak ikusteko egindako bisitan, Luis Zarraluqui Sustapen kontseilariak, Alberto Catalán Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Carmen Alba Gobernuaren Nafarroako ordezkariak eta Errioxako beste agintari batzuk ere izan dira.


Taldearen argazkia.

Lehen planoan obrak ikusteko egindako bisitan izan diren agintariak eta, atzealdean, Ebro ibaia gurutzatzeko etorkizunerako egiten ari diren zubia ikus daiteke. ( irudia handitu )

103 milioi euroko inbertsioa

Proiektua Sustapen Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren artean 2009ko urtarrilaren 8an izenpetutako lankidetza-hitzarmenean dago jasota. 103 milioi euroko inbertsioa eginda autobiaren 6,5 kilometro eraikiko direla jasotzen du. Proiektuaren kostutik, 20,2 milioi euro eman ditu Foru Gobernuak eta gainerakoa Sustapen Ministerioak.

Obrei esker, Ebro ibaia gurutzatuko duen zubi berriaren bidez, Donejakue Bideko autobia (A-12) Errioxako LO-20 autobiarekin lotuko da. A-12 Iruñearaino dago martxan Nafarroan. Gaur egun, Donejakue Bideko autobia Nafarroaren eta Errioxaren arteko mugatik hurbil amaitzen da, norabide bakoitzeko errei bana duen autonomia-erkidegoko errepide bihurtuta. Ondoren, Logroñoko industrialdeak zeharkatzen ditu, hainbat biribilgune igarota.  Horregatik, lotura berria eginda errepidea askoz ere erakargarriagoa izango da Errioxatik Nafarroara doan ibilbide luzeko trafikoarentzat.

LO-20 autobia 3,3 km luzatzea ere barne hartzen du proiektuak. Aukera hori askoz bizkorragoa eta seguruagoa izango da egunero N-232 errepidetik Logroñotik hurbil dauden Recajoko loturaren eta Portaladako industriagunearen artean dabiltzan 15.000-20.000 ibilgailuentzat. Horrez gain, AP-68 autobidearekin elkartzeko lotura ere egingo da. Azken hori, itxura guztien arabera,  A-12 LO-20rekin lortzeko obrak amaitu ondorengo hilabeteetan bukatuko dute.

Obren egoera

Obrak 2010ean hasi ziren egiten eta, gaur egun, erritmo egokian doaz aurrera. 2013an 24 milioi euro inguru ziurttau ziren, aurreko urte guztietan ziurtatutako zenbateko osoa baino gehiago. Hortaz, gaur egun % 54 eginda dago; legegintzaldi honen hasieran, obraren % 16 zegoen gauzatuta, aurrekontuari dagokionez. Horri esker, berriz hornitu dira kaltetutako ia zerbitzu guztiak (linea elektrikoak, telefonoarenak, gasa eta erretenak). Egiturak, lur-mugimenduak eta trafikoaren behin-behineko desbideratzeak ere aztertu dira.

Ebro gainetik gurutzatuko duen zubiari dagokionez, hurbiltzeko bidezubia eta ibaiaren ibilguaren gaineko arkudun zubia bereiz daitezke. Lehenengoaren lanak oso aurreratuta daude, eraiki dute dagoeneko gainazala. Arkudun zubian, ibaiaren bi ertzetako euskarriak eraiki dira eta metalezko arkuaren xehetasunen planoak egin dira lantegian ekoiztu ahal izateko.

Gainera, LO-20 autobiaren eta AP-68 autobidearen arteko lotura egiteari ekingo zaio berriro, 2011n obrak bertan behera geratu ostean. Indarrean den kontratuaren obra osagarri gisa burutuko dira.

Obren kontratuaren aurrekontua 80,28 milioi eurokoa da. Horri proiektua idazteko kostua, desjabetzeen gutxi gorabeherako zenbatekoa eta obrak kontrolatu eta zaintzeko laguntza teknikoaren gastuak gehituz gero, inbertsioa 89,91 milioi eurokoa da guztira. Recajon bidea AP-68rekin lortzeko obra osagarrietarako 13,5 milioi euroko inbertsioa egin behar da, hortaz, 103 milioi euro ingurukoa da inbertsio osoa.

Sustapen Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmenaren arabera, Nafarroan egindako obrak Foru Gobernuak finantzatu ditu, 20,2 milioi eurorekin, eta martxan jartzean berak ustiatuko du.

Ezaugarri teknikoak

LO-20 Recajoraino luzatzea

Portalada industrialdean hasi eta hasierako metroetan N-232 errepideko igarobidetik pasatzen da, orain arteko plataforma handitu eta horma bat eraikita trenbidea ukitzea saihestuz.

Ondoren, N-232 errepideko igarobidetik aldendu eta ipar-ekialdeko norabidea hartzen du trenbidea gurutzatzeko (bai ohikoa, bai etorkizuneko AVErena ere). Horretarako pergola handi bat eraiki behar da, Valsalado errekaren ibilguarekin bat datorrena.

1+700 KPn Calahorrako bide zaharra gurutzatzen du gainetik. Bide horrek Ebroren abelbidearekin eta Calahorra - Varea ibilbideko erreomatar galtzada zaharrarekin egiten du bat.

Jarraian, LO-20 autobia A-12 autobidearekin lotuko da. Lotura egitean, bi autobien arteko mugimendu guztiak ahalbidetuko dira. Horren ostean, erromatarren galtzada zaharraren eta trenbidearen gainean pasabide berri bat eraikiko da, AVEren etorkizuneko trenbidearen eta ohiko trenbidearen gainean pergola bat jarrita.

Amaitzeko, LO-20 N-232 errepidera hurbilduko da Recajoko loturan. Han, orain arteko bi adarrak aldatuko dira autobia berriarekin elkartzeko, eta N-232 errepidearen hegoaldean dagoen biribilgunean handituko da.

A-12 autobiarekin lotura

A-12 autobiarekin lotzearen funtsezko obra Ebroren gaineko bidezubia da. Bidezubi berriak 353 metroko luzera du, hurbiltzeko bidezubia barne, eta 120 metro argiko metalezko arkudun tarte bat ibaiaren gainean.

NA-134 errepidearekin elkartzeko ere lotura egingo da. Horrek Logroñon eta Mendabian sartzea ahalbidetzen du; azpiko pasabidea egingo da Ebroko Iraganbide Nagusia izeneko errege altxonbidearen ibilbidea birjartzeko eta gaineko pasabidea nekazariek zeharkatzeko bide gisa.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa