(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

14.000 lagun inguruk parte hartu zuten irakasleentzako prestakuntza-jardueretan iragan ikasturtean astelehena, 2014.eko urtarrilak 27


Hezkuntza Departamentuak mila ikastaro, mintegi eta bestelako ekintza baino gehiago antolatu eta koordinatu zituen, irakasleek adierazitako beharrizanen arabera diseinatuta.


13.897 lagunek parte hartu zuten guztira Hezkuntza Departamentuak, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalaren bidez, antolatu edo koordinatutako irakasleentzako 1.223 prestakuntza-ekintzetan 2012-2013ko ikasturtean.

Aurreko urteekin alderatuta, partaidetzak % 84 egin du gora. Hazkuntzak bi arrazoi ditu. Lehenik, irakasleen premiak zein diren identifikatzeko inkesta ordenagailu bidez banatu da; hala, irakasleen eta ikastetxeen eskariak zein diren jakin eta horiei behar bezala erantzun ahal izan zaie. Bigarrenik, ikastetxe bakoitzerako gai jakin bateko "prestakuntza instituzional" berriaren bidez, zuzendaritza-taldeek hobekuntza-planak garatzeko beste bitarteko bat izan dute.

Eskaria handia da 2013-2014 ikasturtean ere: lehen hiruhilekoan 531 prestakuntza-ekintzatarako deialdia egin da eta 4.779 lagunek parte hartu dute. Ikastaro eta ekimeneak irakas-aldian ere antolatzen direnez, datorren ekainera arte ezingo da jakin zenbat ekintza burutzen diren guztira.

Irakasleen eskarien artean gehien aipatutakoak dira ikasleei eskatzen zaizkien oinarrizko gaitasunen curriculumak egokitzea, adimen emozionala, arreta falta eta hiperaktibitatearen nahastearen tratamendua, edo sare sozialen erabilera didaktikoa eta gaitasun digitalen hobekuntza, besteak beste.

2012-13 ikasturteko emaitzak

Esan bezala, aurreko ikasturtean, eskainitako 1.223 prestakuntza-ekintza gauzatu ziren guztira: ikastaroak, mintegiak, lan-taldeak, tailerrak, saioak etab. Ikastetxe publiko eta pribatuetako 13.897 lagunek hartu zuten parte. Burututako ekintza guztietatik 800 baino gehiago egin ziren Nafarroako prestakuntzaren sareko Irakasleentzako Laguntza Zentroetan (Iruña, Tutera, Tafalla, Lizarra eta Lekaroz). Aurreko ikasturtean hasita, aholkularitza eskaintzen duten bost bulego ditu sareak Altsasuan, Corellan, San Adrianen, Irunberrin eta Garraldan.

Horrez gain, Hezkuntza Departamentuko beste unitate batzuek ia 400 jarduera ere diseinatu eta gauzatu zituzten. Besteak beste, Eskola Ibiltariak, Ibilbide Zientifikoak, Irakurketa Plana (bikoteka), teknologia berrien heziketa-zikloak, urrutiko prestakuntza, berrikuntza-programak, Osasuna Sustatzeko Eskolen Sarea, edo Aste berdea, urdina eta zuria izan ziren.

Hezkuntza Departamentuarekin hitzarmenen bat adostuta duten erakunde kolaboratzaileen (Arista fundazioa, FETE-UGT, Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioa, Sarasate fundazioa, Xilema fundazioa, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Itxaropenaren telefonoa...) proposamenekin osatu zen Nafarroako irakasleentzako prestakuntza-eskaintza.

Prestakuntza-plana diseinatu aurretik, berritasunen artean, irakasleen premiak detektatzeko lana egin zen. Horretarako, irakasleei ordenagailu bidez galdeketa bat bidali zitzaien.

Prestakuntza-eskaintza irakasleen premietara egokitzea da planaren jarduera-ildo nagusietako bat, baita zuzendaritza-taldeen gidaritza eta prestakuntza-jarduera irakasleen jardunean berehala aplikatzearen aldeko apustua bultzatzea ere. Berez, planaren helburu nagusia ikasleen heziketa hobetzea da, horrek emaitza akademikoetan eragin izan dezan.

Planak hainbat zentrok osatutako prestakuntza-, berrikuntza- eta sorkuntza-sareak abian jartzeko ekintza ere jasotzen du. Zentro horien artean daude zentro osasungarrien sarea osatzen duten 30 ikastetxeak, zentro solidarioen sareko 30 ikastetxeak eta ikastetxe iraunkorren sareko 16 zentroak. Beste sare batzuk ere badaude: 115 zentrok osaturiko kalitatearen sarea eta 27 zentro hartzen dituen "Combinar" sarea, gaitasunak curriculumean bateratzen dituena. Horiez gain, 1.000 irakaslek baino gehiagok parte hartzen dute.  Halaber, azpimarratzekoa da ingelesez ikasteko programa duten ikastetxeetan prestakuntza-sareak sortzeko orduan egindako ahalegina.

2013-14 ikasturterako berritasunak

Iragan ikasturtean egin zen bezala, 2013-14 ikasturteko prestakuntza-plana irakasleei kontsulta egin ondoren diseinatu da. Jasotako erantzunek diotenez, Nafarroako irakasleek ikasleek eskuratu beharreko oinarrizko gaitasunak (hizkuntza bidezko komunikazioa, matematika, mundu fisikoaren ezagutza eta harekiko elkarreragina, informazioaren tratamendua eta gaitasun digitala, gizartea, kultura, artea, eta ikasten ikasteko gaitasuna) curriculumean aplikatzeari buruzko prestakuntza eskatu dute.

Eskatutako beste edukietako batzuk adimen emozionala bezalako gaien bidezko ikasleen garapen soziala eta pertsonala, proiektukako lana bezalako metodologia didaktiko berriak, arreta falta eta hiperaktibitatearen nahastea eta ikasteko beste zailtasun espezifiko batzuen tratamendua, aukera-berdintasuna, adimen-gaitasun handiak, sare sozialen erabilera didaktikoa, gaitasun digitalen hobekuntza, ikaskuntza-zerbitzua edo robotika dira, besteak beste.

Eskariaren arabera, irakasleei prestakuntza integrala eta profesionala eskaintzeko prestakuntza-plana diseinatu da. Ikasturte honetako berritasuna da plana prestakuntza-ekintzak irakasleen gaitasun profesionalekin bat datozen zortzi arlotan sailkatuta diseinatu izana, hezkuntza-etapen arabera egin beharrean, orain arte bezala.  Zehazki, honako hauek dira gaitasunak: gaitasun zientifikoa, pertsonala eta soziala, didaktikoa, antolatzeko eta kalitatea kudeatzeko gaitasuna, elkarbizitza kudeatzeko gaitasuna, komunikatzeko gaitasuna eta gaitasun digitala. Zortzi gaitasun horiek hogeita hamahiru jarduera-ildotan banatu eta garatzen dira eta, horietan oinarrituta, jarduera motak erabakitzen dira: ikastaroak, tailerrak, saioak etab.

Orain arte 4.779 partaide izan dituzten 531 prestakuntza-ekintzatarako deialdiak egin dira. Partaidetza handiena izan duten ikastaroak izan dira oinarrizko gaitasunak curriculumera egokitzeari buruzko "Combinar" programa (28 ikastetxek eta 1.000 irakaslek baino gehiagok parte hartu dute), ingelesez gauzatutako jarduerak (314 partaide), pedagogia sistemikoari buruzko mintegia (161 irakasle) eta matematika irakasteari buruzko jardunaldiak (129 partaide).

Plana ebaluatu egingo da prestakunztaren alorreko hutsuneak eta gabeziak detektatzeko.

Jarduera horien osagarri gisa, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atala unibertsitatekoak ez diren sare publikoko profesional guztiak biltzen dituen datu-basea sortzen ari da, prestakuntza-ekintzak diseinatu, zuzendu edo horietan partez har baitezakete borondatez. Inprimaki arrunt batean, interesa duten irakasle prestatzaileek gaiak, arloak edo irakasleekin loturiko alderdi profesionalak adieraz ditzakete, horien inguruan euren esperientziaren berri emateko.  Unean 350 profesional baino gehiagok dute izena emanda.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa