(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentuaren webguneko edukiak berritu dituzte herritarrek osasun-zerbitzuak errazago eskura ditzaten osteguna, 2014.eko urtarrilak 30


Aurretiko hitzordua, guardiako farmazia eta osasun-zentroen informazioa dira Osasun Departamentuko webgunean gehien baliatzen diren lineako zerbitzuak.


Osasun Departamentuak Interneteko plataforma berria jarri du abian gaur, www.salud.navarra.es, egitura eta edukiak berritzeko prozesua burututa. Herritarrek osasun-sistemako zerbitzuak modu errazagoan eskuratzea helburu nagusi izanik egin da aldaketa.

Atari berriak, Nafarroako Gobernuaren egungo atariaren teknologia berbera oinarri egindakoak, herritarrek linean eskura ditzaketen zerbitzuak sustatzea izan du helburu, gehien erabiltzen direnak nabarmenduta. 2013an egindako azterlan baten arabera, Oinarrizko Osasun Laguntzarako aurretiko hitzorduaren eskaera, guardiako farmazien bilatzailea eta osasun-zentroetako harremanetarako informazioa dira erabilienak, eta horien atzetik dago berriki aurkeztu den Estatuko Osasun Sistemaren lineako historia klinikoa.

Osasun-hezkuntza eta prebentzioa

Beste helburuetako bat osasun-hezkuntza eta prebentzioa sustatzea da, pertsonei osasuna eta dituzten gaixotasunak kudeatzea ahalbidetzen dieten edukiak gehituta. Horri lotuta, webgune berriak edukien beste bi kanal ditu: "Me cuido" (Zaintzeko) atala, prebentzioari, ohitura osasungarriak hartzeari eta arriskuak saihesteari buruzkoa da. Kanal horretan, elikadura osasuntsua izateko aholkuak, haurrentzako ariketa fisikoak, buruko osasun hobea izateko gomendioak, etxerako botikina nola egin, edo pertsona bakoitzak bere osasun-zentroak eskura dituzten zerbitzuen bideo bat agertzen dira.

"Mi enfermedad" (Nire gaixotasuna) atala patologia jakinak dituzten pazienteentzat da, prozesua ezagutu, kudeatu eta horri aurre egiteko baliabideak emateko. Atari txikiago horiek sortzeak Paziente Kroniko eta Patologianiztunentzako Arreta Integratuaren Estrategiarekin du zerikusia, baita Nafarroako Osasun Planak estrategiko gisa zehaztutako patologiekin ere. Eginda daude dagoeneko gaixotasun baskularrak eta asma dituzten eriei bideratutako atari txikiagoak.

"Qué hacer ante..." (Zer egin kasu hauetan...) izeneko azpiatal bat ere badu azken atal horrek, prozesu akutuak edo ustekabeko egoerei aurre egiteko aholkuak ematen dituena.

Dibulgaziorako egiazko informazioa

Osasunaren alorreko atari berriaren beste berritasun azpimarragarrietako bat "Enciclopedia de Salud" (Osasunaren entziklopedia) atala da, webgunea bisitatzen dutenei dibulgaziorako egiazko informazio egiaztatua ematen diena, webguneak eskaintzen duenaren osagarria.  Helburua bilatzaile handietan egiten diren bilaketak ahultzea da, herritarrak egiaztatu gabeko informazioa eskuratzera eraman baititzakete, norberaren osasuna arriskuan jartzeraino. Informazio-iturri nagusia MedlinePlus da, AEBetako Medikuntzako Liburutegi Nazionalaren osasun-ataria hain zuzen ere. "Me cuido" eta "Mi enfermedad" ataletako orri guztietan bilatzaile osagarri gisa agertzen da.

"Actualidad" (Gaur egun), Departamentuko eta Osasunbideko eguneroko jardueretako gertaera nabarmenei buruzko informazioa ematen duena, eta "Listas de espera" (Itxarote-zerrendak) atalak dira herritarrentzako osasunaren alorreko webgune berriko eduki-atalik garrantzitsuenak.

Lan-taldea, kostua eta hurrengo urratsak

Nafarroako osasunaren alorreko atari berriaren proiektuan Eriaren Arretarako Zuzendaritza izan da buru, eta, zehazteko orduan, Osasun Departamentuko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko, Oinarrizko Osasun Laguntzako, Laguntza Espezializatuko eta Osasun Mentaleko Zuzendaritzako taldeek parte hartu dute.

Biko 2 enpresak webgunea berritzen lagundu zuen, berak egin baitzuen gaur egungo Nafarroako Gobernuaren ataria. Proiektua bi fasetan burutu zuen: lehenengoan, kanpoko aholkularien laguntzarekin webeko trafikoaren inguruko azterlana, kontzeptualizazioa, produktuaren proba eta txantiloien diseinua egin ziren. Bigarren fasean, txantiloiak egin eta edukiak migratu ziren.  Bi faseak egiteko kostua 14.486,8 € (BEZa barne) izan zen.

Epe laburrera, pixkanaka edukiak euskaratu egingo dira, azpiatal gehiago sortuko dira gaixotasunei buruz, osasunaren webgunerako informazio hori aipatzea estrategikoa denean, esate baterako, diabetesa edo gaixotasun onkologikoak dituzten erientzako edukiak. Ikus-entzunezko eduki berriak ere gehituko dira. Epe ertain eta luzera, Osasun Departamentuko ataria Nafarroako Gobernuaren webgune berria sortzeak dakartzan zehaztasunetara egokituko da.

Sare sozialetako agerpenaren balantzea

Ataria aldatzea Interneten agerpena izateko estrategiaren beste urratsetako bat da, izan ere, Osasun Departamentua, 2012an, bere kanalak sare sozialetan erakusten hasi zen (Salud Navarra Bloga, Facebook, Twitter eta Youtube-ko kanala). Helburu nagusia Salud Navarra herritarrek euren osasuna modu arduratsuan kudeatzeko tokia izatea da, hori lortzeko informazioa, trebakuntza eta bitartekoak emanda. Bi urte abian egon ondoren, honako hau da balantzea:

Salud Navarra blogak 28.453 bisita jaso ditu denboraldi horretan, eta 44.316 orri begiratu dituzte bisitariek. Bestalde, Salud Navarra-ren Facebook-eko kanalak 1.235 jarraitzaile ditu eta, Twitter-en, 1500.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa