(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Lehendakaria Sakanako enpresariekin elkartu da eta zerga-erreformaren prozesuan parte hartzera animatu ditu astelehena, 2014.eko otsailak 3


Goicoechea lehendakariordearekin batera Lázaro Echeverría eta Baikor Worldwide enpresak ere bisitatu ditu.


Barcina Lehendakaria, Sakanako enpresariekin. ( irudia handitu )

Yolanda Barcina Nafarroako Lehendakariak Sakanako Enpresarien Elkartearekin egin du bilera gaur goizean, eta Gobernuak hasitako zerga-erreformaren prozesuan parte hartzera gonbidatu ditu. Bestalde, enpresariek inguruko enpresek bizi duten egoera gogorra dela-eta kezka agertu dute. 

Barcina Lehendakaria Lourdes Goicoechea lehen lehendakariorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariarekin batera izan da. Inguruko bi enpresa garrantzitsuenak ikustera ere joan dira: Ziordiko Lázaro Echeverría eta Arbizuko Baikor Worldwide.

Bileran, enpresen sektoreko ordezkariek inguruko enpresen egoera kezkagarriaren berri eman diete Lehendakariari eta lehendakariordeari. Haien ustez, sektore osoari eragiten dion krisiak sortutako egoera latzaz gain, Sakanako industriak irudi ezkorra du kanpoan eta azpiegituretan defizita ere jasaten ari da. Zehazki, enpresariek industrialdeeak hobetzeko, inguruko argidarraren hornidura-arazoak konpontzeko eta industria-sarera bideratutako lanbide-heziketa indartzeko beharra dagoela adierazi dute.

Barcinak eta Goicoecheak, bestalde, Nafarroako Gobernua gauzatzen ari den zerga-erreformaren prozesuaren berri eman diete elkarteko kideei, eta asmoa zergen foru-mapa berriro diseinatu eta gaur egungo zerga-onurak berrantolatzea dela azaldu dute. Erreformaren proiektua aurtengo lehen seihilekoan burutuko da, eta jendeak parte hartu ahal izango du bertan. Hortaz, Lehendakariak eta kontseilariak proposamenak aurkeztuta proiektuan parte hartzera animatu du elkartea.


Ziordiko Lázaro Echeverria enpresara egin duten bisitako une bat. ( irudia handitu )

Bileran honako hauek izan dira: Francisco López de Alda Sakanako Enpresarien Elkarteko lehendakari eta Aldakin taldeko ordezkaria; Miguel Luis Ezquerra elkarteko lehendakariorde eta Nasipa Dinescon taldeko ordezkaria; Tomás Muñoz Mufabrik-ekoa; Juan Jose Burillo Industrias Barga-koa; Mª Angeles Intxausti Granja San Donato-ko ordezkaria; Jesús Esparza Prosimed-ekoa; Mikel Imaz Industria de Armaduras Omnia-koa; Juan Manuel Garro Lacturale-koa; Aitor Goñi Baikor Worldwide-koa; Patxi Goicoechea Arbizu S.Lkoa; Jose Antonio García Cementos Portland Valderrivas-ekoa; eta Josu Lopez Inoxnaparra-koa.

Bileraz gain, Lázaro Echeverría eta Baikor Worldwide enpresetara ere bisita egin dute.

Lázaro Echeverría enpresako bisita

Lázaro Echeverría meatze-aprobetxamenduko enpresa da, Altsasun eta Ziordian ustiategi bana dituena, Gipuzkoako hormigoi-fabrikaz gain. Gaur egun 28 langile ditu.

Ziordiko Aranbeltz harrobira joan dira. Herrialdeko ustiategi ireki modernoenetako bat da, 2007an inbertsio handi baten bidez egokitu ondoren. Harrobiak hainbat zementu-fabrika hornitzen ditu, eta atzerakako hondeamakina baten eta tobera mugikor baten bitartez erauzten da materiala. Ondoren, prozesatzeko fabrikaraino eramaten da 325 metro luze diren lurpeko bi galeriaren bidez. 100 metroko malda saihesten dute.

Erauzte-sistema horrek nabarmen murrizten du harrobiaren ingurumen-eragina, kamioien bidezko garraioa ekiditen duelako eta, ondorioz, hauts gutxiago sortzen delako. Beherako ustiategiak, gainera, kaltetutako ingurua lehengoratzeko lanak egitea ahalbidetzen du. Bestalde, material guztia mekanikoki erauzi eta garraiatzen denez, nabarmen murrizten dira harrobiarekin lotutako arriskuak.

Bisitan, Barcina Lehendakariarekin eta Goicoechea lehendakariordearekin izan dira Fernando Barandalla enpresako kudeatzailea eta Jesús María Arrese Ziordiko alkatea. 

Baikor Worldwide enpresako bisita

Arratsaldeko lehen orduan, Barcina eta Goicoechea Arbizuko Baikor Worldwide galdategi eta mekanizazioen enpresa ikustera joan dira. Bertan, Aitor Goñi arduradunetako bat izan dute lagun.

Baikor 2004an eratu zen, eta altzairu herdoilgaitzezko eta aleazio handiko zentrifugazio-osagaiak ekoizten ditu, ondoren balbulak egiteko. Enpresak ekoizten duenaren % 80 esportatzen du, batez ere Europako iparraldera, Alemaniara, Italiara eta Ipar Amerikara. Gaur egun 27 langile ditu, baina kopurua handituko dutela aurreikusi dute galdaketa-sistema berri bat abian jartzen dutenean.

Sistema Baikor Worldwide enpresak Industriako Garapen Teknologikorako Zentroarekin (CDTI) batera garatu duen proiektua da. Azken hori Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren mendeko erakunde publikoa da, eta estatuko enpresak bideratu, finantzatu eta nazioartera zabaltzen ditu. Nafarroako Gobernuaren babesa ere badu.

Proiektua egiteko 4,2 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Baikor-ek Sodenak kudeatzen dituen Inbertsioen Europako Bankuko funtsen bidez finantzatu du.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa