(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Abeltzainek hiru hilabete izango dituzte hegazti nekrofagoen elikadurari buruzko araudi berriari heltzeko asteartea, 2014.eko otsailak 25


Gaur onetsi den Foru Aginduak hildako animaliak zuzenean simaurtegi kolektiboetan zein abeltzainen ustiategietan uztea baimentzen du, baldintza batzuk betez gero.


Europar Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak hildako animaliekin elikatzeko araudiari heldu nahi dioten abeltzainek hiru hilabete dituzte horretarako, araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik. Itxura guztien arabera, hemendik bi astera plazaratuko da.

José Javier Esparza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak sinatu du gaur prozedura hori arautzen duen Foru Agindua.

Horren bidez, espezie horien (sai arrea, sai zuria, ugatza, miru gorria eta beste batzuk) elikatzeguneak areagotu eta dibertsifikatu nahi dira, baita abeltzainek abeltzaintza hedatuko espezie jakin batzuen gorpuak (haragitarako behi-azienda, plazakoak izan ezik; haragitarako eta, latxa arrazakoen kasuan, esnetarako ardi- eta ahuntz-azienda, eta zaldi-azienda) gune horietan zuzenean uztea baimendu ere.

Hala, abeltzainek ez dute asegururik kontratatu behar izango euren ustiategietako hildako animaliez libratzeko. Hortaz, aurreztu egingo dute, urtean 373.000 euro gutxi gorabehera. Edonola ere, Foru Aginduan ezarritakoa errespetatu beharko da.

Hegazti nekrofagoak elikatzeko babesgunea

Mota horretako animaliak babestu eta zaintzeko Europako eta estatuko araudietan ezarritako aldaketetara egokitu eta garatzeko, Nafarroan bi bitarteko aplikatu dira: lehenik, Hegazti nekrofagoak elikatzeko babesgunea sortu da, gune horretan dauden abeltzainek Foru Aginduan azaldutako osasun-kalifikazioa bete eta euren ustiategietan gorpuak, baldintza jakin batzuetan, uzteko baimen egokia eskura dezaten; bigarrenik, simaurtegi kolektiboak sortu eta mantenduko dira.

Babesguneari dagokionez, halakotzat aitortu da Foru Komunitateko lurralde osoa, Iruña-Noaingo aireportuko eragingune gisa barne hartutako 48 herri izan ezik, aireko trafikoaren segurtasuna dela-eta.

Gune horretan, abeltzainek landaredirik ez dagoen eremuetan utzi ahal izango dituzte gorpuak (Europar Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoei sarbidea errazteko). Eremu horiek herriguneetatik, abere-instalazioetatik, bideetatik, baso-pistetatik, errepideetatik, azaleko edo lurpeko uren ibilguetatik, hezeguneetatik, amildegietatik, dolinetatik, janleku, edanleku edo ganaduaren elikatze osagarrirako tokietatik, linea elektrikoetatik, aerosorgailuetatik, aireportuetatik, aerodromoetatik eta pentsonentzat, animalientzat eta ingurumenarentzako arriskutsuak izan daitezkeen beste edozein tokitatik urrun egon beharko dira.

Hortaz, erreka eta ubideetatik 50 metro baino gehiagora utzi beharko dira, hasierako puntu gisa ohiko uhaldi handiena hartuta; urmael eta hezeguneetatik 50 metro baino gehiagora, bereziki Nafarroako hezeguneen inbentarioan agertzen direnetatik; ganaduaren elikatze osagarriaren ohiko guneetatik eta errepideetatik 200 metro baino gehiagora; itxituretatik 30 metro baino gehiagora; partzelen mugetatik 10 metro baino gehiagora eta amildegi eta dolinetatik 70 metro baino gehiagora. Gorpuak zehaztutako eremuetan utzi ahal izateko beste baldintzetako bat da gorpuak biztanleguneetatik 500 metro baino gehiagora eta sakabanatutako etxebizitzetatik eta animalien ukuiluetatik 200 metro baino gehiagora, kableak isolatu gabe dituzten linea elektrikoetatik 500 metro baino gehiagora eta aerosorgailuetatik 1.000 metro baino gehiagora uztea.

48 hilabeteko baino gehiagoko behi-azienden eta zehazten diren ardi- eta ahuntz-aziendak hiltzean, abeltzainek berehala jakinarazi beharko dute baja NASERTICen, animalien entzefalopatia enpongiforme kutsakorrak kontrolatzeko programarako laginak hartzeko.

Simaurtegiak

Simaurtegiak Gobernuaren eta tokiko erakundeen ekimenez edo ekimen pribatu bidez sortu ahal izango dira. Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak baimenduko ditu, unean dauden Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoen populazio eta elikadura-premien arabera. Bilketa-teknikariek zein partikularrek utzi ahal izango dituzte gorpuak simaurtegietan. Edonola ere, simaurtegi guztiek Kudeaketa Plan bat izan beharko dute.

Eraikuntzaren eskakizunei dagokienez, espezie nekrofagoak sartzeko eta irteteko moduko eremu batean jarri beharko da, hau da, eremu irekietan, hobe mendi-hegaletan eta nolabaiteko malda duten tokietan. Era berean, eremu itxi eta hesitua izan beharko da, haragijale oportunistak sartzea eragozten duena baina, aldi berean, nekrofagoak bertatik hegan irtetea zailtzen ez duena.

Simaurtegiak kokatzeko lekuak abeltzaintzako eraikinetatik, landaguneetatik eta herriguneetatik 500 metrora egon beharko dute gutxienez, baita bizileku diren eraikinetatik ere. Nolanahi ere, kokapenak ez die kalterik eragingo osasun publikoari, animalien osasunari edo ingurumenari.

Horiez gain, 2000ko abuztuaren 28ko Nafarroako Gobernuaren Erabakia errespetatu beharko da. Horren arabera, aireportuko eragin-eremuan, ezingo zaie elikagai osagarririk eman hegazti nekrofagoei, ezta aerodromo edo aireko edo lurreko beste garraiobide batzuetatiko gutxieneko distantzian eta hegazti nekrofagoentzat arriskutsuak izan daitezkeen instalazio elektriko, eoliko edo bestelako instalazioetatik Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak beharrezkotzat jotzen dituen distantzian ere.

Eskaeren izapidetza

Eskaerak Abeltzaintzako Bulego Birtualaren eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren eskualdeko eta eremuko bulegoen sarearen bidez izapidetu ahal izango dira, Foru Agindua argitaratzen den egunetik erabilgarri egongo den aplikazio informatiko bat erabiliz. Eskaeran, abeltzainak konpromisoa hartuko du gorpuak uzteko distantziak errespetatzeko.

Foru Agindua indarrean sartzen denetik hiru hilebeteko epea emango da eskerak aurkezteko. Aurreikusi denez, agindua hemendik bi astera jarriko da indarrean, araua NAOn argitaratu ondoren.

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa