(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barcina Lehendakariak adostasuna eskatu dio Soria ministroari energia berriztagarrien laguntzak arautzeko orduan osteguna, 2014.eko martxoak 6


Gutun batean ardura agertu dio Ministerioaren proposamenaren ondorioak direla eta, izan ere, besteak beste, laguntzarik gabe utziko lituzke Nafarroako parke eolikoen % 65,1.


Nafarroako parke eolikoen % 65,1 laguntzarik gabe gera litezke.

Yolanda Barcina Nafarroako Lehendakariak gutun bat bidali dio José Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroari. Bertan, sistema elektrikoaren erreforma prestatzeko orduan adostasunera iristeko eskatu dio. Horrez gain, Ministerioaren proposamena aplikatzeak Foru Komunitatearen interes ekonomikoetan izan ditzakeen eragin negatiboen inguruko kezka ere azaldu dio.

Mezuan, Barcina Lehendakariak jakinarazi dio Komunitatearentzat estrategikotzat jotzen diren hainbat elkarte eta enpresek Ministerioak proposatutako araudi berriak Nafarroari eragin diezazkiokeen ondorioen inguruko ardura agertu dutela. Proposamen horiek energia berriztagarriak, baterako sorkuntza eta hondakinak oinarri hartuta energia elektrikoa ekoizten duten instalazioentzako ordainsarien parametro berriei buruzkoak dira.

Yolanda Barcinak gogorarazi dio Foru Komunitatea "eskualde aitzindaria dela" honako energia mota hauen ikerketan, garapenean eta ezarpenean:  eolikoa, fotovoltaikoa, minihidraulikoa eta baterako sorkuntzazkoa. "Azken hori --gaineratu du Lehendakariak-- lehiakortasunaren faktore gisa energia mota hori bera erabiltzen duten industriei lotuta dago, duen eraginkortasunarengatik". Horren harira, energiaren eta ingurumenaren arloko onurez gain, sektoreak enplegua sortzeko gaitasun handia duela ere azpimarratu du.

Bere ustez, "elektrizitatearen sektorean egindako azken erreforma eta araudien proposamenek segurtasun juridikorik eza eragin diete instalazioen titularrei, eta konfiantza galarazi dute bai estatuko bai nazioarteko inbertsioak egiteko orduan". Kredituak ez ordaintzeak bankuen sektoreari eragingo dion arrisku larriaz eta horien titularrentzat ekarriko dituen ondorioez ohartarazi dio.

Hori guztia dela-eta, "sistema elektrikoa ekonomikoki defendaezina denez" eta "arau-esparrua aldatzeko premia dagoenez", Lehendakariak Soria ministroari erreforma sakon aztertuta, iritziak bateratuta eta adostasunera iritsita gauzatzeko eskatu dio, lortutako helburuen garrantzia azpimarratzen duen sistema elektrikoa zehatz dadin, sektorearen etorkizuna arriskuan jarri gabe.

Ministerioaren proposamenaren eragina Nafarroan

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak txosten bat prestatu du energia berriztagarrien, baterako sorkuntzaren eta hondakinetan oinarritutako energia sortzeko instalazioentzako ordainsarien inguruko Ministerioaren proposamenak Nafarroako sektorean izango duen eraginari buruz. Proposamena iragan otsailean bidali zen aipatutako zuzendaritzara.

Agiriak energia berriztagarri mota hauentzat izan ditzakeen ondorioak aztertzen ditu: eolikoa, fotovoltaikoa, baterako sorkuntzazkoa, zentral hidroelektrikoetakoa eta hondakinetan oinarrituta sortutako energia.

Energia eolikoari dagokionez, txostenak dio Foru Komunitatea bereziki kaltetuko dela, arlo horretan aitzindaria delako. Izan ere, Ministerioaren proposamenak laguntzarik gabe utziko lituzte 2004 baino lehenago sortutako instalazioak. Horrek esan nahi du Nafarroako 43 parke eolikoetatik 28k ez dutela ordainsaririk jasoko, hau da, % 65,1ak. Potentziari erreparatuta, sortzen den energia guztiaren % 63,9 da (1.000 MW). Parke esperimentalak laguntzarik gabe gera daitezkeela ere ohartarazten du, beraz, sektorearen ikerketa- eta garapen-jarduerari eragingo dio, ordainsarien araubidean barne hartuta baitago.

Energia fotovoltaikoari dagokionez, txostenak gogorarazten du 9.000 instalazio daudela Nafarroan, gehienak partikularren jabetzakoak. Horri lotuta, ohartarazten du Ministerioaren proposamenak modu desberdinean ematen dizkiela ordainsariak potentzia bera sortzen dten instalazioei, hainbat neurritako eguzki eremuetan egoteagatik bakarrik eta, gainera, eskala-ekonomiaren irizpidea errespetatzen du kasu guztietan.

Horrez gain, kaltegarritzat jotzen du laguntzak jabeak inbertitutako kapital nagusietarako bakarrik izatea, titular gehienak instalazioak erosteko maileguak eskatu behar izan dituzten partikularrak direla kontuan hartu gabe. Hori dela-eta, mailegu horien interesak ere kontuan hartzeko proposatzen du.

Baterako sorkuntzari dagokionez, 50 instalazio daude halako energia sortzen dutenak, gehienak industriei loturikoak, eta laguntzak gehienezko funtzionamendu-ordu batzuetara mugatzeak etengabeko prozesua duten enpresak zigortuko ditu (24 ordu egunean, urteko 365 egunetan). Halaber, ekoiztutako energia diru-sarreratzat hartu beharrean aurreztutakotzat hartu beharko litzatekeela dio. Txostenak baterako sorkuntzaren izaera estrategikoa aipatzen du, beraz, Nafarroako enpresei ordainsarien araubide berriak ondorio larri ekonomikoak ekarriko dizkiela ohartarazten du, enpresen lehiakortasuna zigortuko duelako eta inbertitzeko edozein estrategia baldintzatuko duelako eta, hala, enplegua sortzeko gaitasuna.

Txostenak Nafarroan dauden ehundaka zentral hidroelektrikoetan izango duen eragina ere aztertzen du. Horien % 50 baino gehiagok 1 MW baino gutxiagoko potentzia du. Horregatik, kaltegarritzat jotzen du ordainsaria bera izatea 10 MW baino gutxiago sortzen dituzten fabrika guztientzat, potentzia txikikoek (1 MW baino gutxiago) potentzia handiagokoen antzeko gutxieneko kostu operatibo finkoak dituztela kontuan hartu gabe. Gainera, instalazioen amortizazio-aldia finkatzean, Ministerioaren proposamenaren eta beste araudi batzuen arteko irizpideen desberdintasuna nabarmentzen du.

Amaitzeko, hondakinetan, bereziki biomasan, oinarrituta energia ekoizteari dagokionez, Industriako Zuzendaritza Nagusiak adierazi du, Nafarroan garapena txikia izan arren, araudi berriak ordainsariak eskuratzeko aukeratik kanpo uzten dituela energia hala ekoizten duten fabrikak, ondorioz bideragarritasuna arriskuan jarri eta basogintzaren sektoreari ere eraginez.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa