(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako lau gaztetik hiru familiaren etxean bizi da, krisi ekonomikoaren ondorioz gorantz egin duen fenomenoa asteartea, 2014.eko martxoak 18


2013ko Nafarroako gazteriaren diagnostikoaren arabea, gazte nafarren % 60k unibertsitateko titulua du eta ia heren bat gazte-elkarteren bateko kidea da.


Gaztea

Gaztea.

Gurasoen etxean bizi den gaztea, nahiz eta etxebizitza bat alokatzea gustatuko litzaiokeen. Bikotekide egonkorra du edo izan du, ez dira batera bizi izan, unibertsitateko tituluduna da eta ingelesez ongi edo zuzen hitz egiten du. Zentro-ezkerreko ideologia du eta bere herriko gai politiko eta sozialetan parte hartzeko interesa du, baina ez horrenbeste Espainiako edo Europako gaietan. Horixe da 2013ko Nafarroako gazteriaren diagnostikotik ateratako Foru Komunitateko gazteen erradiografia.

Azterlana Nafarroako Gazteriaren Behatokiak egin du eta Ángel Ansa Gazteriaren zuzendariorde nagusiak aurkeztu du gaur goizean Iruñean. Azterketa horren bidez gazteen errealitateari buruzko ezagutza hobetzea eta eztabaidak sortu, lan-ildoak proposatu eta, ahal den neurrian, gazteen bizi-kalitatea hobetzea da asmoa.

Diagnostikoaren arabera, lau gaztetik hiru familiaren etxean bizi da eta horien % 63 ez da beste inora joango egoera soziolaborala egonkortu ezean. 2008an, krisialdia hasi aurretik, gazteen % 33 etxebizitza independente batean bizi zen eta, 2012an, gazteen % 25, beraz, emantzipazio-tasak behera egin du eta estatuko batez bestekotik gertu dago. Gurasoen etxetik irten diren gazteen % 25etik % 11,6 norbere jabetzako etxe batera joan da eta % 9,8 lagunekin edo ezagunekin bizitzera joan da. Azken aukera horrek gora egin du azken urteetan.

Beste kontu aipagarrietako bat gazteek, beste urte batzuekin alderatuta, elkarteekin bat egiteko duten joeraren hazkuntza izan da. % 28,2k baieztatu du elkarteren bateko kidea dela; Espainiako gazteen % 22 dira elkarteren bateko kide. Elkarteetako parte-hartzeak gora egiten du gazteen adinak gora egin ahala. Horren erakusgarri da 25 eta 30 urte artekoen % 32,6 elkarteren baten sartuta egotea eta, aldiz, 16 eta 19 urte arteko gazteen % 23,6. Hala ere, aipatzekoa da Nafarroako gazte gehienak ez direla inongo elkarteren kide.

Azterlanak aditzera ematen du, baita ere, duela 20 urtetik, Nafarroako gazteen kopuruak etengabe egin duela behera. 1995etik kopurua % 11 murriztu da; orduan 131.436 gazte zeuden eta, 2012an, 117.540. Joera hori estatu osoan izandakoaren antzekoa da.

Gazteak eta etxebizitza

Etxebizitzari dagokionez, alokatzeko aukerak gora egin du gazte nafarren artean. Etxebizitza bilatu beharko balute, gazteen erdiak alokatu egingo lukete, % 25,5ek merkatu librean eta % 24,5ek merkatu publikoan. % 20,5ek jabetzako etxebizitza libre bat eskuratuko lukete, eta % 17k jabetzako etxebizitza babestu bat.

Nafarroako gazteen % 75 gurasoen etxean bizi da, eta horien % 63 ez da beste inora joango egoera soziolaborala egonkortu ezean. Gazteen % 25,4 bere diru-sarreren bidez bakarrik bizi da eta % 48 besteen mende bizi da ekonomikoki.

16 eta 29 urte artekoen emantzipazio-tasa % 23 inguru da, estatuko batez bestekoaren modura. Aldiz, 30 eta 34 urte artekoen taldean, emantzipazio-tasa Espainiako handiena da. Azken datu horren arrazoiak, besteak beste, adin-talde horretakoek lanean denboraldi txikiagoa egin izatea eta diru-sarrera handiagoak izatea da.

Gazteak eta enplegua

Datu ekonomikoei erreparatuta, gazteen langabezia-tasa % 34,96 izan zen Nafarroan 2012an. Estatu osoan, aldiz, % 42,73 izan zen. Azpimarratzekoa da, 2005ean, Nafarroako gazteen langabezia-tasa % 11, 19 izan zela eta Espainia osoan % 14,22.

Datu horiei errepatatuta, Ángel Ansak adierazi du, Gazteriaren Foru Planaren barruan, Nafarroako Gobernuak, azken urtean, hiru milioi euroko bideratu dituela gazteen kontratazioa bultzatzeko. Datua estatukoa baino txikiagoa izan arren, "gazteen langabezia-tasa % 34,96 denean, egoera ez da batere positiboa, beraz, enplegua sortzea da daukagun helburu nagusiena", erantsi du.

Lan-merkatuan sartuta dauden eta gazte guztien arteko proportzioa neurtzen duen jarduera-tasak ere behera egin du 2005etik. Zehatzago esanda, 2005ean % 64,94ko tasa erregistratu zen eta, 2012an, % 50,8koa. Bestalde, azken urtean, jarduera-tasa % 59,19 izan zen estatuan.

Azkenik, gazteen ekintzailetza-tasa, hau da, Gizarte Segurantzan inskribatuta dauden gazte guztien artetik autonomoak diren gazteen ehunekoa adierazten duena, % 8 izan da 2006-2012 denboraldian.

Prestakuntza eta hezkuntza

Gazte nafarren % 59,6k unibertsitateko titulua du, % 27,4k Lanbide Heziketakoa eta % 13k Bigarren Hezkuntza amaituta dauka. Unibertsitateko tituludunen % 45 lanean ari da, baita LHko tituludunen % 39,2 ere.

Nafarroako gazteen artean derrigorrezkoak ez diren mailetako (16-18 urtekoak) eskolatze-tasa Espainia osoko altuena da, batez ere 18 urteko biztanleei dagokienez. Eskola-uzteen tasa % 13,3 da Nafarroan; Espainian eta Europan % 24,9 eta % 13,5 dira tasak, hurrenez hurren.

Beste datu esanguratsu bat da Nafarroako gazteen ia laurdenak (% 23,4) itunpeko ikastetxe erlijioso batean ikasi duela. Alde handia dago estatuko batez besteko tasarekin, % 14,9 baita. Gainerako gazte nafarrak ikastetxe publiko batean (% 66,2) edo itunpeko ikastetxe ez-erlijioso batean (% 7,2) ikasitakoak dira.

Bestalde, hizkuntzen ezagutzari dagokionez, % 34,4k nahiko ondo hitz egiten du ingelesa eta % 19,1ek ondo. Euskarari dagokionez, % 20k ondo hitz egiten du eta % 5,6k nahiko ondo.

Gazteen partaidetza

Nafarroako gazteen % 54,75ek interes handia edo interesa du herriko gai sozial eta politikoen inguruan. Hala ere, interesak behera egiten du lurralde geografikoa handitu ahala, beraz, estatuko kontu sozial eta politikoen inguruko gaiak ez dira horren interesgarriak gazteen artean. Foru Komunitatean, zehazki, gazteen % 14,3k interes handia du gai sozial eta politikoen inguruan; % 34,5k interesa du kontu horietan.

Gazteen % 45,5ek bozkatzen dute hauteskundeetan, % 29,6k baimendutako manifestazioetan parte hartzen du, % 27,3k atxikimendu-kanpainetan sinatzen du eta % 25,8k grebetan parte hartzen du. Estatu osoari erreparatuta, gazteen % 52,4k bozkatzen du, % 21ek baimendutako manifestazioetan parte hartzen du, % 24k sinadurak biltzeko kanpainetan sinatzen du eta % 26,1ek grebetan parte hartzen du.

Ideologia eta erlijioa

Ideologiari dagokionez, gazte nafarrek zentro-ezkerrekotzat dute euren burua. Zehazki, 1etik 10erako eskalan (1 ezker-muturra eta 10 eskuin-muturra izaki) 4,24an kokatzen dute euren burua. Azpimarratzekoa da, euskaraz ondo hitz egiten duten gazteen artean batez bestekoa baxuagoa dela, 3,08, beraz, ezkerreragoko ideologia agertzen dute.

Sinesmen erlijiosoari dagokionez, gazteen % 45,5ek ateo edo agnostikotzat du bere burua, % 34 fededuna da baina ez praktikatzailea, eta % 13,6 fededuna eta praktikatzailea da.

Harreman pertsonal eta sozialak

Harreman pertsonalei dagokienez, gutxi dira (% 15,7) inoiz harreman afektibo berezirik izan ez duten gazteak; gehienek bikotekide egonkorra izan dute edo daukate. Bost gaztetik batek harreman afektibo iragankorrak ditu. Aipatzekoa da inkestatu diren gazte nafarren ehuneko handi bat ez dela inoiz bikotekidearekin bizi izan (% 70). Ehuneko hori % 51,4 da estatuan.

Aurkeztutako diagnostikoaren arabera, Nafarroako gazteak bere herriarekin edo hiriarekin identifikatzen da batez ere (% 49,7); estatuan, aldiz, batez beste % 37,2 dira hala sentitzen diren gazteak. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko borrokarekin eta ingurumenarekin ere sentsibilizatuago agertzen da. Garrantzitsuena dena baloratzean, ordea, esate baterako, familia, osasun eta laguntasuna, ez dago alderik.

Gazteak eta osasuna

2013ko gazteen diagnostikoak osasunarekin erlazionatutako datuak ere jaso ditu. 100.000 biztanleko 33,61koa da hilkortasun-tasa espezifikoa; Espainia osoan 29,47koa da. Sexuari erreparatuta, gizonen artean handiagoa da hilkortasun-tasa (100.000 biztanleko 46,04) emakumeen artean baino (100.000 biztanleko 20,63). Ángel Ansaren arabera, sexuan oinarritutako aldea trafiko-istripuetako heriotzei dagokie, emakume gazteak baino gizon gazte gehiago hiltzen direlako.

14 eta 17 urteko nerabeen haurdunaldi-tasaren joera ez da homogeneoa, eta, 2011n, mila emakume nerabeko 7,25 geratu ziren haurdun. Espainia osoa kontuan hartuta, milako 10,9 da tasa.

Nafarroako Gazteriaren Behatokia

2013ko Nafarroako gazteen diagnostikoa Nafarroako Gazteriaren Behatokiak egin du. Horretarako, 2012ko Nafarroako Gazteen Txostena erabili du, adierazle-panela eguneratu eta handitu du, Nafarroako eta estatu osoko gazteen eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko datuen arteko azterlan konparatiboa egin du.

Nafarroako Gazteriaren Behatokia, Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiaren mendekoa dena, 2012an sortu zen. Nafarroako Gobernuaren tresna nagusia izan zen komunitateko gazteen errealitatea aztertu eta baloratzeko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa