(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako ikasleek lehen laguntzak eta bizkortze-maniobrak egiten ikasiko dute ikastetxeetan asteartea, 2014.eko martxoak 25


Espainian aitzindaria den ekimen horren bidez, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko 2. eta 4. mailetako ikasleek berpizteko eta arnasbideetako oztopoak kentzeko maniobrei buruzko prestakuntza jasoko dute, besteak beste. 


José Iribas eta Marta Vera bihotz-biriketako bizkortzearen praktikak egiten ari diren Navarro Villoslada BHIko ikasleei begira. ( irudia handitu )

Datorren ikasturtetik hasita, 2014-2015, Nafarroako Gobernuak bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) jakintzagaia gehituko du curriculumean Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan. DBHko 2. eta 4. mailetan ere ezarriko dela aurreikusi da, curriculuma garatzen denean. 

Gainera, lehen laguntzei eta prebentzioari buruzko ezagutzak sustatuko dira eskolako etapa guztietan, eskoletako ikasleen zein oro har biztanleen artean gerta daitezkeen larrialdien aurrean jarduteko ezagutza eta gaitasuna epe laburrean areagotzeko. Kalkulatu denaren arabera, ikasturte bakoitzean, 26.500 ikaslek jasoko dute prestakuntza hori.

Hala iragarri dute gaur goizean José Iribas Hezkuntzako kontseilariak eta Marta Vera Osasuneko kontseilariak Iruñeko Navarro Villoslada BHIn (Eskola osasungarrien sarea) egindako ekitaldi batean. Bertan, Osasun Departamentuko talde batek erakustaldi bat egin du DBHko ikasleekin, datorren ikasturtetik hasita ikasle guztiek jasoko duten BBBren prestakuntzari buruz.

Espainian aitzindaria den ekimena da, hiru herrialdetako (Kanada, Norvegia eta Danimarka) eskualde batzuetan curriculumaren parte gisa ezarrita dagoena. Zehazki, Danimarkan 2011n egindako azterlan baten arabera, bihotz-gelditzeen lekukoek (ez osasunaren alorreko langile batek) egindako BBB maniobren tasa % 21,21 izatetik % 44,9ra handitu zen. Horren ondorioz, % 13,9 hazi zen ospitalera iristsi arteko biziraupena; % 7,9 izatetik % 21,8 izatera pasa zen.   

Prestakuntza Gorputz Hezkuntza jakintzaren barruan emango da, eta asmoa ikasle guztiak honako hauek egiten ikastea da: lesio komunak azaldu eta antzemateko gai izatea, prebentziozko ekintzak gauzatzea eta lehen laguntzan jardutea, lehen laguntzak eman behar direnean maniobra egokien simulakroak egitea eta laguntzarako telefonoaren bidez eta kasu bakoitza behar bezala tratatzeko behar den informazioa emanez larrialdi-egoeren berri behar bezala ematen jakitea.

Irakasleen prestakuntza

Osasun Departamentuak Osasunari buruzko Irakasleen Planaren barruan prestatuko ditu irakasleak, prestakuntzak denboran jarraipena izan dezan. Lehendabizi, Nafarroako Gorputz Hezkuntzako 360 irakasleak trebatuko dira, baina Hezkuntza Departamentuak diseinatu du dagoeneko irakasle guztientzako prestakuntza-programa, ikastetexean zein nork bere kabuz jaso dezakeena, espezialitatea edozein dela ere. Irakasleen prestakuntza iraunkorrerako zentroen bidez eskainiko da prestakuntza. Prestakuntza-ekintza 20 irakas-ordukoa izango da,  hiru zatitan banatuta: lehenengoan, biziraupen-katea garaiz aktibatzen, 112ren bidez larrialdi-zerbitzuei abisua eginda, eta oinarrizko kontzeptuak ikasten dira; bigarrenean, oinarrizko BBB eta arnasbideetako oztopoak kentzeko maniobren praktikak egiten dira; hirugarrenean, arazoak eta zalantzak detektatzen dira eta ikasleek irakasleengandik jasotzen duten prestakuntza sendotzen da. Une oro, irakasleek osasunaren alorreko profesionalen laguntza eta ikus-entzunezko materiala (gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez) izango dituzte eskuragarri.

Osasun Departamentua hasi da irakasleak prestatzen, horiek, datorren ikasturtetik aurrera, prestakuntza gai hori ikasiko duten adin guztietara egokitzeko. Orain arte, oso balorazio posiboa izan du esperientziak, eta eskuratutako ezagutza gogoan izateko neurriak ezartzen eta teknikak gogoratzeko eta bihotz-biriketako bizkortzearen eta biziraupen-katearen urratsak aldian-aldian berrikusteko modu errazak lantzen jarraituko da.

Gainera, konpromisoa hartuta dago Prestakuntza jarraituaren planean irakasleen prestakuntza bultzatzen jarraitzeko, eta Hezkuntza Departamentiak eskainitako estaldura lortzeko behar den materialaren hornidura areagotuko du: une honetan BBBrako 70 panpin daude, Irakasleen prestakuntza iraunkorrerako zentroen bidez ikastetxeei mailegatzen zaizkienak, eta beste 65 erosi dira, BBB eskolako curriculumean gehitzeko eskaerei erantzuteko.

Erantzuteko denborak hobetzea

Bihotz-gelditzea larrialdi larria da, eta biziraupena denboraren araberakoa da. Espainian, bihotz-gelditzeagatiko bat-bateko heriotzaren intzidentzia herrialde industrializatuen artean baxuena da. Hala ere, heriotzen % 12 bat-batean gertatzen da, eta horien % 88 bihotza gelditzeagatik dira. Bihotz gelditzeagatik gertatzen diren bat-bateko heriotza gehienak ospitaletik kanpo izaten dira: % 75 inguru etxeetan gertatzen da, eta % 50 lekuko ohikoena familiako kide bat izaten da (maiz haurra).

Bihotza gelditzeagatik gertatzen diren bat-bateko heriotzen intzidentzia murrizteko eta biziraupena handitzeko estrategiarik eraginkorrena bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak ahalik azkarren hastea da, larrialdietako osasun-laguntza heltzen den bitartean. Berez, gaur egun, biziraupena areagotzea bermatzen duen bakarra bihotz-gelditzearen lekuko nagusia maniobrak egiten hastea da.  Horregatik, Nafarroako Gobernuko Osasun eta Hezkuntza departamentuak ados jarri dira ekimena abian jartzeko. Horri esker, irakasleak prestatuko dira, ondoren, Nafarroako ikasleei ikasitako maniobrak irakasteko. Hala, epe labur samarrean, biztanleria osoak jakingo du bihotz-gelditzea bezalako larrialdi baten aurrean jarduten.

Horren harira, Vera kontseilariak adierazi du "denbora funtsezko faktorea den larrialdietan biziraupena handitzeko modu bakarra bihotz-birikak bizkortzeko maniobrak lehen lau minutuetan hastea. Horretarako, maniobrak bihotz-gelditzea ikusten duenak hasi behar dituˮ.

221 irakasle eta 5.000 ikasle prestatu dira dagoeneko ikasteko aukera eman ondoren

Bestalde, Iribas kontseilariak adierazi du lehen laguntza eta BBBrako prestakuntza jasotzeko interesa agertu dutela irakasleek dagoeneko, baina curriculumean gehituta, ikasle guztiek ikasiko dituzte maniobrak, ez bakarrik ikasleak gai horretan sentsibilizatu nahi dituzten irakasleen eta ikastetxeen arabera; ikasleentzako prestakuntza unibertsala izatea lortu nahi dute.

Azken hiru urteetan,urtero,  221 irakasle eta batez beste 5.000 ikasle prestatu dira BBB maniobrak egiteko. Gainera, osasuna sustatzeko eskolen sareko 30 ikastetxeetan ere eskaintzen da prestakuntza. Iribasen arabera, irakaskuntza unibertsalizatzeak gaitutako ikasleen kopurua esponentzialki handituko du.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa