(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Foru Gobernuak 2,8 milioi euro bideratuko ditu nekazaritza eta abeltzaintzaren sektoreko ikerketa eta aholkularitzarako asteazkena, 2014.eko apirilak 16


Zerbitzu horiek INTIA sozietate publikoaren bidez eskainiko dira, 11.000 profesional baino gehiagoko kooperatiba eta ustiategientzat 2014an.


Nafarroako Gobernuak, gaurko saioan, INTIA (Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutua) sozietate publikoari 2,8 milioi euroko laguntza emateko akordioa onetsi du. Horren bidez, 2014an, nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpen-tekniken ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-lanak egin eta ekoizpenean, elikagaien segurtasunean, ingurumenean eta animalien ongizatean aholkularitza teknikoa emango du.

Aurten, eta onetsitakoa laguntzaz baliatuta, 49 kooperatibak eta abeltzaintzako 1.267 ustiategik jasoko dute laguntza teknikoa. Guztira 11.000 pertsona baino gehiago hartzen dituzte kooperatiba eta ustiategi horiek. Horrez gain, 161 esperimentazio-saiakuntza ere egingo dira, beste jarduera batzuez gain.

Ikerketa

Ikerketa-proiektuen helburua nekazari eta abeltzainei sor dakizkiekeen arazoei irtenbideak bilatzea eta ekoizpen-sistemak hobetzea da.

Horretarako, INTIAk esperimentazio-proiektuak gauzatzen ditu, esperimentuetarako dituen tokietan zein ustiategi pribatuetan. Ondoren, aholkularitza teknikorako taldearen bidez, lortutako ezagutza sektorera eramaten du.

Zehazki, 2014an, 161 saiakuntza egiteko asmoa du. Horietatik 102 labore moten ekoizpenarekin erlazionatutako programei dagozkie: estentsiboak, frutenak, baratzekoak, negutegietakoak, olibondoak eta mahastiak. Beste 59 saiakuntza honako arlo hauetan sistema iraunkorrak lortzeko teknikei loturikoak dira: ura eta ureztatzea, mekanizazioa eta lur-lantzea, teknologia berriak, laboreen babes integratua, ekoizpen-sistemak, lurzoruak eta ongarriak, eta hondakinen kudeaketa.

Gainera, INTIAk Espainiako eta nazioarteko erakundeek finantzatutako 20 I+G proiektutan parte hartuko du, nekazaritzako ikerketako beste erakunde batzuekin edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuarekin berarekin elkarlanean. Proiektu guztietatik 10ek dagoeneko badute kanpoko finantzazioa, eta laguntzak eskatu dira gainerako 10entzat (horietatik bost Europako deialdiak dira).

Aholkularitza teknikoa

Laguntzaren barruan sartzen den INTIAren jardueretako bat ekoizpenaren, elikagaien segurtasunaren, ingurumenaren eta animalien ongizatearen inguruko aholkularitza teknikoa eskaintzea da. Kasu horretan, helburuak ustiategien errentagarritasuna eta iraunkortasuna hobetzea, teknologia berriak ezartzea eta, azken finean, nekazarien eta abeltzainen bizi-kalitatea hobetzea dira.

Kontsultatzen diren gairik ohikoenak nekazaritzako ekoizpena, landare-materiala, laboreen babesa, ureztatze-teknikak, lantze-teknikak, laborantza, mekanizazioa, biosegurtasuna, animalien osasuna, animalien ongizatea, animalien elikadura, elikagaien segurtasuna, higienea, trazabilitatea, kudeaketa tekniko eta ekonomikoa, produktuen kalitatea, iraunkortasuna, baldintzapekotasuna eta Europar Batasunaren Nekazaritza Politika dira.

Nekazaritzaren sektoreari dagokionez, besteak beste, 2014an 49 kooperatibari emango zaie aholkularitza (guztira 10.000 nekazari bazkide dira), baita aire zabaleko ustiategiak dituzten 262 nekazariri eta laboreak negutegietan hazten dituzten 130 nekazariri ere.

Abeltzaintzan, aurreikusi denaren arabera, abeltzaintzako 1.267 ustiategiri emango zaie zerbitzua. Horietatik 478 ardi-aziendakoak dira (298 haragitarako eta 180 esnetarako), 255 zaldi-aziendakoak, 250 haragitarako behi-aziendakoak, 155 esnetarako behi-aziendakoak, 80 txerri-aziendakoak, 25 ganadu suharrekoak eta 24 untxienak. Gainera, 195 ustiategik esnearen kalitateari buruzko aholkularitza jasoko dute, eta 24k pentsuaren ekoizpenari buruzkoa.

Bestalde, INTIA ganaduaren bertako arrazak babesteko lanean ari da, galzorian dauden bi arrazagune kudeatuta, Nafarroako zaldikoa (Sabaiza) eta betizu arrazak (Sastoia). Arlo horretan Pirinioetako arrazaren hedapena ere bultzatzen du abeltzainen elkarteekin elkarlanean zekorrak hazita, eta ardiaren bertako arrazen (latxa eta nafar ardia) genetika hobetzeko programa garatzen du.

Amaitzeko, sozietate publikoaren aholkularitza-zerbitzuen artean sektoreko profesionalentzako kontabilitatearen eta zergen, eta kudeaketa tekniko eta ekonomikoaren inguruko laguntza teknikoa ere badago.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa