(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Lehiaketa baterako deialdia egin dute, Nafarroako ikastetxeei buruzko informazioa eskaintzen duten telefono adimendunetarako aplikazioak garatzeko asteartea, 2014.eko maiatzak 20


Lehiaketa edozein hezkuntza-etapatan dauden ikasle nafarrei zuzedurikoa da. Irailaren 1era arte aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak.


Hezkuntza Departamentuak Telefono adimendunetarako (smartphone-ak) aplikazioak diseinatzeko I. lehiaketaren deialdia egin du, mota horretako gailu mugikorretarako aplikazioak garatzen dituzten proiektuak saritzeko. Nafarroako ikastetxeei buruzko oinarrizko informazioa, esate baterako, hizkuntza-eredu eta -programak, hezkuntza-eskaintza, tamaina, zerbitzuak eta eskolaz kanpoko jarduerak etab. bezalako informazioa ematen duten aplikazioak izango dira.

Gaur, asteartea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu den 37/2014 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, helburua herritarrek dagoeneko Open Data Navarra atarian eskura dituzten datuak modu errazean ematea da.

Lehiaketa Foru Komunitateko edozein hezkuntza-etapatako ikasleei zuzendurikoa da, eta datorren irailaren 1era arteko epea izango dute proiektuak aurkezteko. Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte Nafarroako Gobernuaren erregistroetako batean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotako edozein bulegotan. Bestela, Internet bidez bidali ahal izango dituzte proiektuak Foru Gobernuko zerbitzuen katalogora joanda.

Lehen saria 1.500 euroko ordenagailu eramangarri bat edo dirutan horren baliokidea izango da. Gainera, accesit bat ere eskuratu ahal izango da: Android sistema eragilea darabilen tableta bat, 600 eurokoa, edo dirutan horren baliokidea.

Proiektuak Open Data Navarra atarian eskura dauden datuetan oinarrituta Android plataformarako garatu beharko dira, eta sistema eragile horren bertsio gehienekin bateragarriak izan beharko dira. Horrez gain, eleaniztunak izateko prestatu behar dira. Gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak izan behar dituzte nahitaez eta aukera eman behar dute uneoro hizkuntza batetik bestera aldatzeko. Etorkizunean beste hizkuntza batzuetan erabiltzeko prestatuta egon beharko dira. Banaka edo taldean garatu ahal izango dira aplikazioak.

Epaimahaiak proiektuaren izaera berritzailea eta sortzailea baloratuko ditu, eta gardentasunaren, erabilgarritasunaren eta iraunkortasunaren ezaugarriak hartuko ditu kontuan batez ere, baita kalitatea ere. Zehazki, 50 puntu esleituko zaizkio gehienez funtzionaltasunari, 25 puntu gehienez erabiltzaile-interfazearen erabilgarritasunari eta erabilerraztasunari, 15 puntu gehienez diseinu grafikoari eta 10 puntu gehienez teknologiari eta errendimenduari. Atal bakoitzean puntuen % 33 eskuratu beharko dira gutxienez.

Saritzen diren proiektuak (iturburu-kodea eta horri lotutako dokumentazioa barne) Nafarroako Gobernuaren esku geratuko dira. Hala, datuak edonoiz, modu askean eta doan erabili, ustiatu, garatu eta hedatu ahal izango dituzte. Horrez gain, publikoki ere erabili izango ditu, baina egileek izango dute jabetza intelektuala, beraz, ustiatu eta garatu ahal izango dituzte.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa