(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak datorren ikasturtean ezarriko duen Oinarrizko Lanbide Heziketaren eredu berritzailea aurkeztu die beste autonomia-erkidegoei asteartea, 2014.eko maiatzak 20


Iribas kontseilariak Zaragozan azaldu duenaren arabera, metodologia berriak proiektu bakoitzeko lana eta joko-estrategiak bateratuko ditu.


Talde-argazkia

Bileran izan direnak. Lehen ilaran, ezkerretik eskuinera, Iribas, Mateos, Serrat, Capellán eta Haya agertzen dira. ( irudia handitu )

José Iribas Hezkuntza kontseilariak, astearte honetan, Aragoiko, Kantabriako, Gaztela eta Leóngo eta Errioxako hezkuntzako arduradunei azaldu die Oinarrizko Lanbide Heziketaren eredua, izan ere, Nafarroak datorren ikasturtean ezarriko du. Metodologia berritzailea da, proiektu bakoitzeko lana gamifikazio-ekintzekin bateratzen duena. Gamifikazioa esaten zaio beste inguru batzuetan joko-estrategiak aplikatzeari.

Hala, moduluetako jakintzagaiak proiektu baten inguruan antolatuko dira, esate baterako, bidaia bat prestatzea edo ibilgailu bat konpontzea (hautatutako titulazioaren arabera).

Gainera, proiektu horren kudeaketa eta ebaluazioa joko-estrategien bidez gauzatuko da, ikasleek maila guztiak burutu arte gaindi ditzaten. Bideo-jokoen itxura du, nahiz eta ez izan jolasa, baizik eta ikasleak motibatzea helburu duen hezkuntza-metodologia zorrotza, dagoeneko beste hezkuntza-arlo batzuetan ezarri dena.

Horretarako, Hezkuntza Departamentuak plataforma anitzeko aplikazio bat garatu du, mugikorretatik zein tableta eta ordenagailuetatik atzi daitekeena.

Metodologia Zaragozan aurkeztu dute aipatutako bost autonomia-erkidegoetako hezkuntza-sailetako arduradunek egin duten bilera batean. Bileraren helburua Lanbide Heziketarekin erlazionatutako alderdiak aztertzea da.

Aragoiko Gobernuaren egoitzan egin den bileran, Nafarroako kontseilariaz gain, Dolores Serrat Aragoiko hezkuntza-arduradunak, Juan José Mateos Gaztela eta Leóngoak, Gonzalo Capellán Errioxakoak, Enrique Haya Kantabriako Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak eta kasuan kasuko gobernuetako hezkuntzaren alorreko teknikariek ere parte hartu dute.

Jardunaldia bost eskualdeetako hezkuntza-arduradunek hezkuntza-sisteman hobekuntza-ildoak bilatzeko hasitako lankidetzaren barruan egin da. Lehen bilera, Iruñean egindakoa, ikasketen arrakastari buruzkoa izan zen.

Irailean ezarriko da eta 13 titulazio eskainiko dira

Oinarrizko Lanbide Heziketa datorren irailean ezarriko da gaur egungo Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak ordezkatzeko. Azken horrek hainbat ikasturtetako lau modalitate ere hartzen ditu barne.

Lau modalitate horiek bi motako ikasketetan sailkatuko dira hemendik aurrera: Bata Oinarrizko Lanbide Heziketa da, DBH amaitu ez duten 15 eta 17 urte arteko gazteei zuzendurikoa. Horiei 1. mailako kualifikazio-titulua eskuratzeko aukera emango zaie, Europa osoan aitortuta dagoena eta lanerako DBHren baliokidea dena. Bestea tailer profesionalak dira, 17 eta 21 urte arteko gazteentzat. Horien bidez, 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiri batekin baliokidetu ahal izango den kualifikazioa eskuratuko dute.

Datorren ikasturterako hezkuntza-eskaintzak OLHko 39 ziklo ditu (27 sare publikoan, 8 itunduan eta 4 irabazi-asmorik gabeko erakundeetan), 624 ikaslerentzat, eta 17 lantegi profesional (6 sare publikoan, 2 itunduan eta 9 irabazi-asmorik gabeko erakundeetan), 272 ikaslerentzat.

OLHri dagokionez, 13 titulazio eskainiko dira alor hauetan: administrazio-zerbitzuak, elektrizitatea eta elektronika, fabrikazioa eta muntaketa, sukaldaritza, ibilgailuen mantentze-lanak, nekazal-lorezaintza eta lore sortak, ile-apainketa eta estetikaren, merkataritza-zerbitzuak, zurgintza eta altzariak, eraikinen berrikuntza eta mantentze-lanak, arte grafikoak, elikagaien industriak eta bulegoko informatika.

2.000 ordu inguruko iraupena izango dute, bi urte akademiko osotan banatuta. Edukien % 38 komunak izango dira eta komunikazioaren, gizartearen eta zientzia aplikatuen arloekin erlazionatutakoak izango dira, eta gainerako % 62ak titulazio bakoitzean espezifikoak izango dira. Bigarren ikasturtean praktikak egingo dituzte aldi batez, 240 orduz, lan-zentroetan..

Nafarroan, ikasgelako gehienezko ratioa 16 ikaslekoa izango da, ikasleei gertuagoko arreta emateko, nahiz eta estatuko oinarrizko araudiak 30 ikasleko muga ezarrita izan.  Eredua ezartzeko, ikastetxeetako irakasleen taldeak gurasoei edo legezko tutoreei egingo die proposamena.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
José Iribas Hezkuntza kontseilariaren adierazpenak
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa