(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako errege-erreginak omendu dituzte Leiren, Asturiasko eta Vianako printze-printzesak bertan zirela asteazkena, 2014.eko ekainak 4


Omenaldiaren aurretik monasterioko organoaren berreraikuntzari buruzko erakusketa bat ikusi dute eta haren inaugurazioan izan dira


Felipe printzea berorren gorentasuna lore-koroa jartzen Nafarroako lehen erregeen hilobiaren aurrean ( irudia handitu )

Asturiasko eta Vianako printzeak eta printzesak Nafarroako errege-erreginei egin ohi zaien omenaldian parte hartu dute gaur goizean, Leireko San Salvador monasterioko elizan, 2014ko Vianako Printzea Kulturaren Saria Tarsicio de Azconari eman ondoren. Ekitaldiaren ostean, Borbondar Felipek lore-koroa jarri du Nafarroako lehen erregeen gorpuzkiak gordetzen dituen hilobiaren aurrean.

Horren aurretik, printze-printzesak monasterioko areto kapitularrera joan dira agintariekin. Bertan, abade-elizako organoaren berreraikuntzari buruzko erakusketa txiki bat ikusi dute: organoaren hodiak ikusi dituzte (berritu gabeko hodia, berritutakoa eta hodi berria), baita Monasterioko liburutegiko musikari buruzko hiru liburu zahar ere. “Musurgia Universalis sive ars magna”, Athanasius Kircher-ena. Erroma 1650 (organologiari eta beste musika-diziplina batzuri buruzko liburua); “Misal galicano” (Venezia 1525); eta “San Agustín. De Música” (Lyon 1541) dira liburuak.

Erausketan Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko Erdi Aroko bi dokumentu musikal ere daude ikusgai: XIII. mendeko irakurgai-liburua, San Migel goiaingeruaren jaiari dagokiona, eta XIV. mendeko antifonario baten bi orrialde.

Halaber, printzeak eta printzesak berrikuntzaren arduradun teknikoak agurtu dituzte: Albert Blancafort San Jordi akademiako kide eta berreraikuntzaren zuzendaria eta José Luis Echechipía berreraikuntzaren musika-aholkularia.

Felipe eta Letizia jaun-andreak, ondoren, berriro joan dira abade-elizara, klaustrotik segizio tradizionalean. Segizio hori Nafarroako erregeei eskainitako lore-koroa zeramanten aguaziltxoek, tenpluan gurtzari eusteko opari sinbolikoa zuen zilarrezko kutxatxoa zeraman giltzariak, arma-erregeak eta mazolariak, eta U itxuran jarri den taldeak osatu dute. Azken talde horretan izan dira Nafarroako Gobernuko kideak eta Foru Komunitateko eta Parlamentuko arduradun nagusiak, eta horien guztien buru izan dira printze-printzesak.

Organoa inauguratzeko ekitaldian, Felipe eta Letizia jaun-andreek Juan Manuel Apesteguía abade mitradunaren azalpenak entzun dituzte egindako lanen inguruan. Mintzaldian, abadeak azpimarratu du organoa berritzeko proiektuak, Europar Batasunak ere finantzatu duena, posible egin duela Leirek behar bezalako organo bat izatea, monasterioaren garrantziarekin, edertasunarekin eta bizitza liturgikoarekin bat datorrena eta kalitatezko musika-jardueretarako balio duena, eta, hala, Nafarroako musikari mugak zabalduko dizkiona.

Ekitaldia amaitzeko, José Luis Echechipía París organo-jotzaileak kontzertu txiki bat eskaini du, Maurice Durufléren (1902 - 1986) “Choral varié sur le théme du ‘Veni Creator’” eta Charles-Marie Widor-en (1844 – 1937) “Toccata (Symphonie nº 5)” interpretatuta.


Organo zaharberritua, kontzertuan. ( irudia handitu )

Foru Aldundiaren enkargua

Leireko abade-elizako organoa Nafarroako Foru Aldundiaren enkargua izan zen, eta 1967ko ekainaren 11n inauguratu zen. Erregistro sorta zabala izateak nabarmentzen du, gainera, horietako askok sonoritate ederra dute. Hala ere, harmonizazioan eta sistema elektrikoaren transmisioan hutsak zituen eta, ondorioz, disonantziak eragiten zituen. Hori dela-eta, barneko erabilera kenduta, musika-jardueretarako ez erabiltzea erabaki zen.

Organoa berritzeko sekretuak deritzenak (balbulak eta kanalak dituzten haize-kutxak dira; horietan eusten dira hodiak) eta elektrizitatearen transmisio-sistema berritu dira eta Midi eta Replay sistemak gehitu dira gailu elektronikoetarako. Horri esker, kontzertuak egin ahal izango dira eta organo-jotzaile gazteek praktikatu ahal izango dute eta, hala, Leireko organoa liturgiako, kulturako eta prestakuntzako jardueretarako erreferentziazko instrumentu bihurtuko da.

Nafarroako errege-erreginei omenaldia

Jarraian, Nafarroako errege-erreginak omentzeko ekitaldia hasi da, Francisco Pérez González Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako gotzainaren sermoiarekin eta elizkizun labur batekin. Artzapezpikuak hitz batzuk zuzendu dizkie Asturiasko eta Vianako printze-printzesei, laster errege-erregin izendatuko dituztelako, eta gogorarazi die "batasuna eta guztien onura" izango direla euren ardura nagusiak eta horiek lortzeko konpromisoa eta eskuzabaltasuna beharko dituztela. Tarsicio de Azconari buruz, artzapezpikuak haren lanerako gogoa eta zehaztasuna, lanean izan duen zorroztasun eta gaitasun zientifikoa nabarmendu ditu, baina egindako lan horren oinarri espiritualaz hitz egin du. Coral Nora abesbatzak, Bruno Jiménezen zuzendaritzapean, “Ave María” (Bach-Gounod) eta “Gure Aita” interpretatu ditu.

Erlijioari buruzko mintzaldien ostean, Nafarroako Lehendakariak antzinako Nafarroako Gorteek bozketak egiteko erabiltzen zituzten zilarrezko kutxetako bat zeukan erretilua eman dio abade mitradunari. Barruan, monasterioan gurtzari eusteko instituzioen opari sinbolikoa egon da.

Oparia eman ondoren, printze-printzesak, Barcina Lehendakariak eta monasterioko abadeak lagunduta, tenpluaren iparraldeko hormara joan dira, Nafarroako lehen erregeen hilobira. Haien gorpuzkiak metalezko apaingarridun egurrezko kutxa neogotiko batean daude gordeta. Antza denez, kutxak Nafarroako erresuma eratu aurreko Iruñeko erresumako lehen erregeen gorpuzkiak daude, besteak beste hauenak: Eneko Aritza (Iruñeko lehen erregea, IX. mendea), Gartzea Enekoez (IX. mendea), Orti I.a Santxez (Iñigotarren dinastiako azken erregea, IX. mendea), Antso I.a Gartzez (X. mendea), Gartzea I.a Santxez (X. mendea) eta Antso II.a Gartzez Abarka (X. mendea). Han, Felipe printzeak “Felipe y Letizia, Príncipes de Asturias y de Viana” hitzez lagundutako lore gorridun koroa jarri du.

Azken bedeinkapenaren ondoren eta Nafarroako ereserkia lagun, Felipe eta Letizia printze-printzesak iparraldeko hormko atetik irten dira monasterioko bisiten aretora joateko. Han, Tarsicio de Azcona eta bere senideekin hitz egin dute modu pribatuan. Horren ondoren, printze-printzesak gonbidatuak zeuden monasterioko gunera joan dira, eta haiekin ere mintzatu dira. Amaitzeko, ostatuko jantokian, haien omenezko bazkaria egin dute, aurtengo eta beste urte batzuetako sarituekin, agintariekin eta Nafarroako Kulturaren Kontseiluko kideekin.

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa