(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Foru Gobernuak eta txekiar enpresa batek titanio-oxidozko nanopartikularen erabilera berriak ikertuko dituzte asteartea, 2014.eko ekainak 10


Advanced Material JTJ enpresak 4,2 milioi euro inbertituko lituzke eta Nafarroan 100 lanpostu sortzeko aukera emango luke ikerketaren emaitzen arabera


Advanced Materials JTJ txekiar enpresarekin hitzarmena sinatzen ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak eta Txekiako Advanced Materials-JTJ enpresak titanio-oxidozko nanopartikularen industria-aplikazio berriak ikertzeko eta garatzeko lankidetzan arituko dira, osasunaren, ingurumenaren edo garraioaren sektoreetarako, besteak beste. Enpresak 4.250.000 euro inbertituko lituzke urtean produktuaren 5.000.000 litro ekoizteko eta 100 lanpostu sortzeko, egiten diren proben emaitzak aldekoak izanez gero.

Lankidetzaren baldintza zehatzak finkatzeko, José Javier Esparza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak hitzarmen bat sinatu du gaur goizean enpresaren ordezkariekin. Bileran, Lourdes Goicoechea lehen lehendakariorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak ere parte hartu du.

Titanio-oxidoa, duen kolore zuri biziagatik, batez ere pigmentuen sektorean erabiltzen den konposatu kimikoa da. Munduko ekoizpenaren % 95 baino gehiago horretarako erabiltzen da. Beste alor batzuetan ere erabiltzen da, esate baterako, koloratzaile industrial gisa, kosmetikan, eta gainazaleko tratamenduetan katalizatzaile gisa, ehunen industrian eta uraren eta airearen arazketan.

Gaur egun, enpresa txekiarrak bi ikerketa-proiektu garatzen ari da Foru Komunitatean aipatu den nanopartikula duten produktuen aplikazioan oinarrituta: bata NILSA sozietate publikoarekin, hondakin-urak arazteko, eta bestea Nafarroako Nekazaritza Industrien Teknologien eta Azpiegituren Institutuarekin (INTIA), mahastietako ohiko landare-osasunerako produktuak ordezteko. Bi kasuetan, emaitzak 2014. urtea amaitu aurretik emango dira ezagutzera.

Erabilera berriak eta aplikazio-eremua

Gaur sinatu den lankidetza-protokoloaren arabera, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu du, enpresarekin batera, titanio-oxidozko nanopartikulak beste alor batzuetan aplikatzeko aukerak ikertzeko, esate baterako, osasunaren alorrean (ospitaleetako gune publikoak), ingurumenean (hiriko airearen kalitatea hobetzeko) edo garraiobideen alorrean (ibilgailuak, taldeentzako bitartekoak).

Azken hamarkadan, nanoteknologian egin diren aurrerapenei esker, titanio-oxidozko basea duten produktu berriak garatu ahal izan dira, eta produktu horien eraginkortasuna nabarmen handitu da. Hala, aplikazioen kostua murriztu ahal izan da, eta merkatuetan lehia eragin dute, eguzki-energia elektrokimikoa aprobetxatzeko orduan katalizatzaile gisa dituen ezaugarriengatik, bereziki.

Titanio-dioxidoaren aplikazioa, Europako erdialdeko herrialdeetan hedatuta dagoena, fotokatalisi-prozesu baten bidez lortzen da. Horrek esan nahi du argia behar dela aplikatzeko, beraz, egunez egiten da, ez gauez, eguraldia eguzkitsua edo hodeitsua den kontuan izan gabe. Tratamendu hori beste batzuen ordez hautatzeko arrazoia zera da: energia garbiaren aldeko apustua egiten duela eta argia bezain berriztagarria dela.  Katalizatzaile gisa erabiltzen den beharrezko substantziari dagokionez, titanio-dioxidoaren oso kopuru txikia behar denez (4 miligramo hondakin-uren mila metro kubikoko), ingurumenean duen eragina ia hutsa da.

Advances Materials JTJ enpresa nanopartikulen ikerketan, garapenean eta berrikuntzan eta horien aplikazio partikoan aritzen da, eta, nazioarteko patente baten jabe denez, titanio-oxidozko nanopartikuletan oinarritutako FN1, FN2 eta FN3 produktuen jabe industrial da.

Ikerketak abian dira Nilsan eta INTIAn

Txekiar enpresak ikerketa-kontratu bana sinatu zituen iaz Nafarroako Gobernuaren sozietate publikoekin, hau da, Navarra de Infraestructuras Locales, S.A, (NILSA) eta Instituto de Tecnologías e Infraestructuras Agrarias, S.A. (INTIA) sozietateekin. Biak daude adskribatuta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentura.

NILSAren kasuan, ikerketa-proiektua hondakin-uren arazketaok azken tratamenduari buruzkoa da nagusiki. Tuterako, Monteagudoko eta Arguedas-Valtierrako instalazioetan bost hilez probak egin ondoren, agentearen aplikazioa Alhama (Cintruénigo, Corella eta Fitero) eta Huecha (Cortes) ibaien arroetan dauden instalazioetara hedatuko da. Titanio dioxidoa erabiltzeak araztutako uraren mikrobiologia hobetzen du, Escherichia Coli eta Salmonella bakterioak bezalako patogenoak deuseztatzen dituelako, baita klorotik eratorritako substatziak, gizaki eta animalientzako medikamentuen hondakinak (antibiotikoak batez ere), pestiziden eta plagiziden hondakinak eta zenbait disjuntore endokrino (hormonak) ere.

INTIArekin sinatutako proiektuari dagokionez, berriki hasi da eta titanio-oxidozko nanopartikulak dituzten produktuen aplikazioan dago oinarrituta, mahastietan erabili ohi diren produktu fitosanitarioak ordezteko. Heldu den urrian emaitza egiaztaturiko emaitzak izatea espero da. Era berean, produktuak animalien osasunaren alorrean aplikatzeko dauden aukerak ari dira aztertzen.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa