(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Estatuko eta atzerriko hamalau Nafar Etxetan ospatuko dituzte Sanferminak osteguna, 2014.eko uztailak 3


Hainbat ekitaldi sozial, elizkizun eta jaialdi antolatu dituzte, txupinazoa bota ondoren jaiak ospatzeko


dantzak

Irudiko moduko dantza-ikuskizunak izaten dira antolatzen diren ekitaldietako batzuk

Estatuko autonomia-erkidegoetan eta beste herrialde batzuetan dauden hamalau Nafar Etxek 2014ko Sanferminak ospatuko dituzte datozen egunetan. Hainbat ekitaldi antolatu dira, musika-emanaldiak, ekitaldi sozialak, gastronomikoak eta elizkizunak, eta datorren igandean, uztailak 6, 12:00etan botako den txupinazoarekin batera hasiko dira.

Bartzelonako, Madrilgo, Gasteizko, Logroñoko, Zaragozako, Bilboko, Burgoseko, Sevillako, Valladolideko eta Santanderreko zentroetan ospatuko dira. Bestalde, atzerrian, Parisen eta Argentinako Rosario, Mendoza eta Bolívar hirietan dauden Nafar Etxeetan ospatuko dituzte Sanferminak.

Bartzelonan, Nafarren Etxea deritzon zentroak Maragall pasealekuko 375 zenbakian duen egoitzako terrazatik botako du jaien hasiera adierazten duen txupinazoa, igandean, uztailaren 6an, 12:00etan. Horren aurretik, Montserrat Martín Bartzelonako Udaleko erakundeen eta herritarren harremanen zuzendari nagusiari eta Manuel Bañales Leoz bazkideari ohorezko zapi gorriak jarriko dizkiete. Bertaratzen direnei ogi-mamiak, txistorra eta Nafarroako ardoa eskainiko zaie, Txaranga de la Casa taldeak alaituko duen ekitaldian. 20:00etan, Casa de los Navarros abesbatzak kontzertua eskainiko du. Uztailaren 7an, astelehena, senidetasun-bazkaria egingo da eta, 20:00etan, San Ferminen aldeko meza izango da, Petrarca kaleko San Marçel parrokian.

Uztailaren 10ean, 19:00etan, habaneren kantaldia hasiko da. Atsedenaldian, "Ron Cremat" zerbitzatuko da eta, gauean, Cena de Alforja deritzon afaria egingo dute. Larunbatean, 12an, "Día del Muete" esaten zaion eguna izango da, beraz, 18:00etan entzierro txiki bat, espuma-jaia, pailazoak, jolasak eta opariak egongo dira haurrentzat. Egun berean, 21:00etan, jota eta habaneren kontzertua eskainiko du Casa de los Navarros abesbatzak.

Madrilgo Real Congregación de San Fermín de los Navarros egoitzan (Eduardo Dato kalea, 10) igandean 12:00etan botako dute txupinazoa eta, ondoren, janaurrekoa eskainiko zaie bertaratzen direnei. Senidetasun-bazkaria ere egingo da Nafarroako menu tipikoaz gozatzeko. Uztailaren 7an, 20:00etan, San Fermín de los Navarros elizan santuaren aldeko meza egingo da. Antonio María Rouco Madrilgo kardinal-artzapezpikuak emango du eta Lizarrako "Voces Navarras" taldeak abestuko du elizkizunean. Horren ondoren, erromeria herrikoia egingo da.

Nafarroako kulturaren elkartearen ekimen baten bidez, Madrilgo jatetxe nafarrek Sanferminetako menua eskainiko dute jaietan, Nafarroako ardo eta guzti.

Gasteizko Nafar Etxeak Barrancal kalean duen egoitzaren ingurua alaituko du uztailaren 6an, 10:00etatik aurrera, eta, 11:00etan, Dominiken komentuan, "Alegría Ribera" jotarien taldeak Misa Navarra abestuko du. 12:00etan, Buruileria plazan txupinazoa botako dute eta, 12:30ean, Aldabe gizarte-etxean ekitaldi sozial bat egingo da; ondoren, ohorezko ardoa eskainiko da, Nafar Etxearen egoitzan. Ondorengo egunetan, Nafar Etxeko bazkideek osatzen duten San Francisco Javier abesbatzak kantaldiak eskainiko ditu Miñaoko zaharren egoitzan (uztailak 8), Gasteizko Konstituzio plazan (uztailak 11, 20:00etan) eta Frankun (Trebiñu) mezan (igandea, uztailak 13).

Jaiak direla eta, Nafar Etxeak mahai-jokoen txapeketak (tute, mus eta briska), tortilla- eta bakailao-txapelketak, marrazketa eta pinturakoak eta Nafarroari buruzko poesia eta kontaketen lehiaketak ere antolatu ditu.

Logroñoko Nafar Etxeak ere txupinazoa botako du 12:00etan, Portales kaleko 23. zenbakian dagoen egoitzako bakoitik. Horretarako, Cuca Gamarra hiriko alkatea gonbidatu da. Jarraian topa egingo dute ardoarekin eta cavarekin. Larunbatean, uztailak 12, 12:00etan, San Bartolomé elizan San Ferminen aldeko meza egingo da, "Raíces Navarras" joten taldearen musikarekin. Igandean, 13an, senidetasun-bazkaria egingo da.

Bestalde, Zaragozako Nafar Etxeak txupinazoa botako du bere egoitzatik (Santiago kalea, 27) eta, ondoren, bertaratzen direnei ardoa eta pintxoak eskainiko dizkie. Uztailaren 7an, arratsaldeko 20:00etan, San Ferminen aldeko meza egingo da Santa Capilla de la Basílica del Pilar elizan. Egun horretan, Birjinaren irudiak Nafarroako armarria duen kapa eramango du soinean, Nafar Etxeen Federazio Nazionalak opari gisa emandakoa. Eguna amaitzeko, senidetasun-afaria egingo dute.

Bilbon, ospakizunen programa larubatean, uztailak 5, hasiko da, 14:00etan, Nafar Etxearen egoitzan (Plaza Barria, 5) egingo den potxa-jan herrikoi batekin eta 18:00etan Nafar Etxeko aretoan izango den hildako bazkide eta jarraitzaileen aldeko mezarekin. Igandean, 12:00etan, txupinazoa botako da Plaza Barriko balkoitik eta, ohitura den bezala, martxa hasiko da, Iruña kafetegira (Albia lorategia) iritsi arte.

Astelehenean, uztailaren 7an, Misa Navarra abestuko du "Alegría Ribera" jotarien taldeak San Nikolas elizan. "Sama Siku" txaranga ibiliko alde zaharreko kaleetan barrena Sanferminetako kalejirak jotzen. Ondoren, senidetasun-bazkaria egingo da Nafar Etxean.

Burgoseko Nafar Etxeak Vadillos plazan duen egoitzatik botako du txupinazoa eta txistorra-dastaketa eskainiko du. 14:00etan, San Ferminen aldeko meza egingo da La Merced elizan. CODA taldeak abestuko du elizkizunean eta, ondoren, senidetasun-bazkaria egingo dute, talde berak alaituta, Casino jatetxean.

Sevillan, Espisona y Cárcel kaleko 16. zenbakian dagoen egoitzan, Nafar Etxeak txupinazoa botako uztailaren 6an, 12:00etan. Sanferminetako musikak eta, kalejirek alaituko dute giroa eta Nafarroako ardoak eta calderete tipikoa dastatu ahal izango da. Astelehenean, uztailak 7, 20:00etan, San Ferminen aldeko meza egingo da Padres Blancos elizan eta, ondoren, senidetasun-afari bat.

Bestalde, Valladoliden, Kultur Etxeko eta Nafar Etxeko bazkide eta jarraitzaileek txupinazoa ospatuko dute San José kaleko egoitzan, Nafarroako ardoaz eta abestiez gozatuz. Uztailaren 7an San Fermin meza izango da Santiago parrokian eta, ondoren, bazkide eta lagunentzako afaria egingo da. Amaitzeko, Santanderren, San Ferminen aldeko elizkizun batera deitu ditu Kantabriako Nafar Etxeak bere bazkide eta jarraitzaileak. Uztailaren 7an izango da, arratsaldean, Santísimo Cristo elizan. Ondoren, ekitaldi sozial batean, San Fermini buruzko bideo bat proiektatuko da. Uztailaren 14an senidetasun-bazkia egingo da eta "Pobre de mí" abestuko da.

Ospakizunak Argentinan eta Frantzian ere

Argentinako hiru Nafar Etxek antolatu dituzte ekitaldiak 2014ko San Fermin dela eta.

Rosarion, txupinazoa uztailaren 5ean, larunbata, botako dute, 13:00etan, Entre Ríos kalean dagoen Rosarioko Nafar Etxearen egoitzako balkoitik. Ondoren bazkaria egingo da. 19:30ean, dantzari txiki, ertain eta nagusien taldeak eta Fermín Sanchotena txistu-eskolakoek ikuskizun folklorikoa eskainiko dute.

Igandean, uztailak 6, hildako bazkideak omenduko dituzten Navarra plazan eta kalejira egingo dute hiriaren erdigunetik erraldoiek, buruhandiek, zaldikoek, musikariek eta dantzariek lagunduta, 25 de mayo plazara iritsi arte. Han, Nafarroako dantzen emanaldia egongo da ikusgai. 19:00etan, San Ferminen aldeko meza egingo da Rosarioko katedralean.

Astelehenean, uztailaren 7an, San Ferminen irudia eramango den prozesio bat egingo da eta "La Jarana" eta "La Única" zentroko peñek prestatutako janariarekin afaria egingo dute. Asteartean, uztailaren 8an, jaiegunaren bezperan, San Ferminetako ohiko jamonada deritzona egingo dute. Ondoren, dantzaldia egongo da eta, goizaldeko 3:00etan, entzierroa ikusiko dute zuzenean. Horrez gain, baratxuri-zopa, txokolatea eta txurroak eta pattarrak dastatuko dituzte.

Mendozako Nafar Etxeak 30 urte betetzen ditu aurtengo Sanferminetan, horregatik, dantzarien taldeak, Alma Navarra abesbatzak eta Grupo de Danzas Folklóricas y Españolas de Adultos taldeak emanaldia eskainiko dute, Igandean, uztailaren 6an, Guaymallén azoka-barrutian. Uztailaren 7an San Fermin irudia eramanez, prozesioa egingo dute eta, ondoren, ohitura den bezala, Sanferminetako paella egingo dute.

Bolivarreko Nafar Etxean Sanferminak eta zentroa eratu zela 60 urte ospatuko dira aldi berean, beraz, ekitaldien programa iragan ekainaren 22an hasi zen ikuskizun batekin. Bertan, Nafar Etxearen parte diren dantza-taldeak, Raíces Navarrak abesbatzak eta Club de Tango taldeak parte hartu zuten. Uztailaren 7an, zentroko bazkide eta jarraitzaileak San Carlos parrokiara joango dira, San Ferminen omenez eta hildako bazkideen alde egingo den meza entzutera. Uztailaren 11n mus-txapelketa egingo da hirukoteka eta, 12an, afaria eta dantzaldia egingo dira Nafar Etxean. Afalondoan telebista-seinalera konektatuko dira Iruñeko entzierroa zuzenean ikusteko.

Amaitzeko, Pariseko Nafar Etxean hilabete lehenago ospatu zuten San Fermin, ekainaren 7an alegia. Bazkaria egin zuten, Nafarroako produktuekin, eta 140 pertsona izan ziren bertan.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa