(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Foruzaingoak 63 pertsona atxilotu ditu Sanferminetan, horien heren bat ebasketak egiteagatik asteartea, 2014.eko uztailak 15


Agenteek herritarren 700 salaketa jaso dituzte; iaz 655 salaketa egin ziren


Agenteak

Foruzaingoaren antolaketa entzierroan ( irudia handitu )

Foruzaingoak 63 pertsona atxilotu ditu amaitu berri diren Sanferminetan, hainbat delitu egiteagatik; horietatik 24 ebasketak izan dira. Lapurretak (8 atxilotu), droga-trafikoa (6), desobedientzia eta erresistentzia (4), bide-segurtasuna (3), lesioak (2), sexu-erasoak (2) eta bestelakoak (14) izan dira egindako beste delitu batzuk.

Astelehenean, uztailak 7, eta ostiralean, uztailak 11, egin ziren atxiloketa gehien (14na pertsona bi egunetan). Larunbatean, uztailaren 12an, 13 pertsona atxilotu ziren. Aldiz, atxiloketa gutxien asteartean eta astelehenean egin ziren (bana bi egunetan). Iaz, 87 pertsona atxilotu zituzten agenteek jaietan, aurten baino 24 pertsona gehiago. 2013rekin alderatuta, ebasketa (42 iaz eta 24 aurten), desobedientzia eta erresistentzia (iaz 14, aurten 4) eta droga-trafikoarengatiko (iaz 13, aurten 6) atxilotu kopuruak egin du behera gehien. Lapurretengatiko atxiloketek, ordea, gora egin dute (iaz 0, aurten 8).

Gogorarazi beharrekoa da Foruzaingoak 750 agenteko antolaketa jarri duela abian Sanferminetan. Berritasun gisa, aurten, kontrola handitu da txupinazoan sexu-erasoak eta entzierroen ondoren askatzen dituzten bigantxetan batzutan izaten den indarkeria saihesteko.


Agentea

Agentea ( irudia handitu )

Departamentuaren balorazioa

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren arabera, gainerako Segurtasun Indar eta Kidegoekin elkarlanean funtzionatu duen antolaketa horri eta kontzientziazio-kanpainei esker, "sexu-erasoak bostera murriztu dira, eta guztiak txikiak izan dira". Zehazki, horietatik bi Foruzaingoaren aurrean salatu ziren. Foruzaingoak erasotzaileak atxilotu eta epailearen esku utzi zituen.

Bigantxetan gertatutako erasoei dagokienez, 14 pertsona salatu dira arrazoi horrengatik, gehienak asteartean, uztailaren 8an. Departamentuko iturrien arabera "ondorengo egunetan nabarmen murriztu ziren halako ekintzak, polizia-antolaketaren eraginkortasunak lagunduta".

Foruzaingoaren egitekoak ere azpimarratzekoa izan da, bai entzierroetan bai zezenketetan. 172 pertsona irtenarazi ditu (59 entzierroetan eta 113 zezenketetan). Agenteek beste 126 pertsona ere salatu dituzte gauzak jaurtitzeagatik eta beste bederatzi ordena publikoa asaldatzeagatik.

Entzierroan zezen-plazara joateko uneari buruz, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak zera esan du: "Erruki Etxeak sarbidea kobratzeak bertaratutakoak modu homogeneoan sakabanatzea erraztu du eta, hala, jendetza handiegia biltzeak edo plazan jendea behar ez bezala sakabanatuta egoteak eragin ditzakeen arazoak saihestu dira".

Herritarren salaketak

Bestalde, jaiegunetan, 700 zigor-salaketa jaso dituzte agenteek Herritarren Arretarako Bulegoan. Iazko Sanferminetan, aldiz, 655 salaketa aurkeztu ziren. Gehienak ebasketak (% 77) eta lapurretak (% 11) izan dira.

Iazko datuekin alderatuta, azpimarratzekoa da lapurretengatiko (2013an 45 izan ziren eta 2014an 78) eta ebasketengatiko (522 2013an eta 78 2014an) salaketa kopuruak gora egin izana. Hala ere, behera egin dute erasoekin (bost iaz, bat aurten) eta tratu txarrekin (lau iaz, bat ere ez aurten) erlazionatutakoek. Zazpi salaketatik bat larunbatean, uztailak 12, aurkeztu zen, hau da,  aurkeztutako 700 salaketa guztietatik 108.

Zezen-plazako esku-hartzeak

Foruzaingoko 60 agentek osatu dute entzierroetako taldearen antolaketa. Beste 30 poliziak arratsaldeetako zezenketa-ekitaldiak kontrolatu dituzte, uniformez zein kalez jantzita. Agente horiekin batera izan dira Joko eta Ikuskizunen Brigadako kideak, agintarien ordezkari gisa lanean.

Agenteek 128 salaketa jarri dituzte zezen-ikuskizunen inguruko araudia urratzeagatik, gehienak gauzak edo likidoak jaurtitzeagatik. Iaz 65 izan ziren jarritako salaketak. Gainera, 172 pertsona plazatik irtenarazi dituzte ikuskizunak abian ziren bitartean. Iazko jaietan, 61 pertsona kanporatu ziren. Beste pertsona bat uztailaren 7ko zezenketan atxilotu zuten, sexu-erasoa egiteagatik.

Bestalde, agenteek 22 salaketa jarri zituzten zezen-plazan estupefazienteak kontsumitu edo izateagatik eta beste 36 neurrigabekeria larriak egiteagatik. Bederatzi pertsona inputatu dira agenteen aurrean desobedientzia larria egiteagatik eta beste zortzi gizatasunaren udal-ordenantza urratzeagatik.

Zezen-ikuskizunen inguruko araudia urratzeagatiko salaketei dagokienez, horietako batzuk sarreren birsalmentarekin (22 salaketa), entzierroaren ondoren bigantxetara igo edo bigantxak kolpatzen dituzten pertsonei egindako erasoekin (14 salaketa), bigantxei egindako tratu txarrekin (7 salaketa) eta entzierroaren ordenantzarekin (2 salaketa, horietatik bat bideo-kamerarekin korrika egiteagatik, asteazkenean, uztailaren 9an) erlazionatutakoak izan ziren.

Joko eta Ikuskizunen Brigadako agenteek zezenekin lotutako 80 jai kontrolatu dituzte (8 zezenketa, 18 entzierro eta ganadu-askatze, zekorketa bat pikadoreekin, korrida bat burtziekin eta errekorteen bi lehiaketa). Horietan 23 salaketa jarri dituzte honako arrazoi hauek direla-eta: zigor-burtzien zabalera handiegia izateagatik (7), banderilla gehiegi edukitzeagatik (5), ganaduaren irteera estaltzeagatik (3), ganaduaren inguruan biratuz pikatzeagatik (3), lerroen barruan pikatzeagatik (2), toreatzailea berandu iristeagatik (2) eta hiltzeko burtzi batekin oina lurrean jartzeagatik (1).

Foruzaingoaren beste jarduera batzuk

Egun hauetan, Foruzaingoak 460 administrazio-salaketa ere jarri ditu, iaz baino 49 gehiago. Horietatik 111 trafiko-arauak hausteagatik izan dira, beste 111 joko eta ikuskizunekin erlazionatutako urratzeengatik, 95 udal-ordenantzak ez betetzeagatik eta 143 hainbat administrazio-arau hausteagatik.

Trafikoaren eta bide-segurtasunaren alorrean, Foruzaingoak 10.720 alkohol-proba egin ditu. 68 positiboak izan dira. Gidari horietatik bederatzi bide-segurtasunaren aurkako delitua egiteagatik inputatu dira eta beste 59 salatu egin dira. Agenteek zortzi kontrol egin dituzte egunero, uztailaren 5etik 14ra, bi ordukoak, eguneko hainbat tartetan.

Foruzaingoko Aginte eta Koordinazio Zentroak 360 gorabehera artatu ditu aurtengo Sanferminetan, iazkoetan baino 127 gehiago. Horien artetik nabarmentzen dira pertsonentzako laguntzarekin (48) eta istiluekin (29) erlazionatutakoak. Amaitzeko, Foruzaingoak sei pertsona identifikatu ditu jaietan.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa