(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

`Cultur-ek´ aste honetan Joaquin Asiain, Jerez Texas, Kalakan eta Serafin Zubiriren musika eskaintzen du astelehena, 2014.eko abuztuak 4


Kontzertuak, hurrenez hurren, Los Arcosen, Tafallan, Otsagabian eta Vianan izango dira.


Programaren kartela ( irudia handitu )

`Cultur-ek´, Nafarroako Gobernuak abuztuan sustatzen duen musika-zikloak, Joaquin Asiain tenore nafarraren kontzertua eskainiko du astelehen honetan Los Arcosen; bihar, asteartean, Tafallan, Jerez Texas jazz taldea izango da, fusio-musikan erreferentea dena. Asteazkenean, Kalakan folk taldearen txanda izango da, Madonna abeslariaren hasierako kantari gisa aritu zirenak 2012an; hauek Otsagabian arituko dira; eta, ostegunean, Serafin Zubirik Vianan abestuko du.

Programazio hau Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren turismo-proposamenekin osatzen da: astelehen honetan, Los Arcosen, Santa Maria elizara bisitaldi gidatua egingo da 17:00etatik 20:00etara; asteartean, abuztuak 5ean, Tafallan, Mencos Jauregira bisitaldi gidatua egingo da, 19:00etan eta, alde zaharrera 17:30etan; asteazkenean, abuztuaz 6an, bisitaldi gidatua Otsagabian barrena 18:00etan eta Abodi mendizerrara 10:00etan; ostegunean, abuztuak 7an, Vianan, alde zaharrera bisitaldi gidatua 12:00etan eta 17:00etan eta «El Bordón» Hegaztien Behatokira bisitaldia 10:00etatik 14:00tara eta 16:00etatik 19:00etara.

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak antolatuta, `Cultur-ek´ abuztuaren 1etik 31ra bitartean, egunero, kontzertua eskainiko du. Astelehenetan, ganbera-musikaren txanda izango da; asteartetan, jazzarena; asteazkenetan, folkarena; ostegunetan, pop-rock musikarena eta, ostiraletan eta larunbatetan, bestelako musikarena. Igandeak eta jaiegunak musika koralarentzako gordeko dira.

Abuztuak 4an, astelehenean, Joaquin Asiain, Los Arcosen

Joaquin Asiain tenoreak astelehen honetan, abuztuak 4, Los Arcoseko Santa Maria elizako klaustroan, iluntzeko 20:45ean, errezital bat eskainiko du Kamako Kimura piano-jole japoniarrarekin batera.

Programa Rossini, Donizetti, Serrano, Sorozabal, Usandizaga eta beste egile batzuen lanek osatuko dute.

Joaquin Asiainek Madrilgo Kantuko Goi Mailako Eskolan ikasi zuen eta bere prestakuntza Stuttgart-eko Musikhochschule-en burutu zuen. Mundu osoko agertokitan abestu du Stuttgart-eko Orkestra Sinfonikoarekin, Leipzig-eko Irratiko Orkestrarekin, Berliner Philharmonie eta Koloniako Orkestra Filarmonikoarekin, besteak beste.

Kamako Kimura Tokioko Goi Mailako Eskolan lizentziatu zen eta, geroago, bere goi-mailako ikasketak Wolfgang Bloser irakaslearekin egindako master batekin eta lied espezialitatean Stuttgart-eko Musikhochschule-en Cornelis Witthoefft irakaslearekin egindakoarekin osatu zituen. Bakarlari gisa jardun du Japoniako eta Alemaniako jaialdi eta programazio desberdinetan.

Abuztuak 5ean, asteartean, Jerez-Texas Tafallan

Asteartean, abuztuak 5, 22:00etan,  Jerez-Texas taldearen txanda izango da. Bertan, flamenkoaren indarrak jazzaren askatasunarekin eta musika klasikoaren dotoreziarekin bat egingo du. Ricardo Esteve (gitarra flamenkoa), Matthieu Saglio (biolontxeloa) eta Jesus Gimenok (bateria eta kaxoia) hamar urte daramatzate sustraiak flamenkoan, jazzean eta musika klasikoan murgiltzen dituen musika-unibertsoa sortzen.

Denbora horretan zehar, egoitza Valentzian duen hirukote horrek500 kontzertutik gora eskaini ditu 25 herrialdetan eta fusio-musikaren erreferente bilakatu da. Bere diskografia lau diskok osatzen dute: «Saó» (2005), «Patchwork» (2007), «Sun» (2010) eta «Viento y Marea» (2013).

Abuztuak 6an, asteazkenean, Kalakan Otsagabian

Asteazkenean, abuztuak 6, Otsagabiako plazan, 22:00etan, Kalakan folk-taldeak, Madonna abeslariari bere mundu-biran lagundu zioten txalapartariek, emanaldia eskainiko dute.

Kalakan taldea 2009an sortu zen Katia eta Marielle Labèque piano-joleekin izandako lankidetza batetik. Thierry Biscary, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau Ipar Euskal Herriko hiru abeslari eta txalapartarik osatzen dute. Horiek XXI. menderantz hurbiltzen gaituzten soinu tradizionaletan oinarritutako musika jotzen dute euskaraz. Beren musika soiltasunak, dotoretasunak eta beran ahotsen indarrak ezaugarritzen dute.

2011ko udan, Madonna abeslariaren urtebetetze-egunean jo zuten, zeina, Ipar Euskal Herriko kostaldean oporretan zegoen; Labèque ahizpen esku-hartzeari esker izan zen topaketa. Kalakan taldea MDNA Tour 2012 mundu-biran parte hartzera gonbidatu zuten. 80 kontzertutik gora eskaini zituzten bira intentsu horretan eta beren lurraldetik kanpo ezagutzera emateko balio izan die.

Abuztuaren 7an, osteguna, Serafin Zubiri Vianan

Serafin Zubiriren kontzertua ostegunean, abuztuak 7, izango da San Pedroko aurrietan 21:00etan. Bertan, musikari nafarrak bere azken diskoko abestiak abestuko ditu.

Serafin Zubiri abeslari eta piano-jole nafarrak bere ibilbide profesionala Equus taldean hasi zuen 17 urte baino ez zituela. Bost urte beranduago, bakarlari karrerari ekin zion. 1987an, bere lehenengo diskoa grabatu zuen, «Inténtalo» eta, handik urtebetera, «Pedaleando» albuma merkaturatu zuen. Horko abesti nagusiak Espainiako Itzulirako sintoniatzat balio izan zuen. 1991n, bere arrakasta komertzialik handienetarikoa lortu zuen «Polvo de estrellas» abestiarekin eta, hurrengo urtean, berriro ere arrakasta erdietsi zuen «Ederra eta Piztia» filmeko soinu-bandaren abesti nagusia interpretatuz.

Birritan ordezkatu du Espainia Eurovisión-en: lehenengo aldiz, 1992. urtean, «Todo esto es la música» abestiarekin eta, bigarrenez, 2000. urtean «Colgado de un sueño» abestiarekin.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa