(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentuak heriotza-arriskua duten larrialdiei erantzuteko estrategia bat jarri du martxan ostirala, 2014.eko abuztuak 8


Hasierako fasean iktus eta bihotzekoetarako protokoloak jarriko dituzte abian


Transcripción textual del video

Osasun Departamentuak heriotza-arriskua duten osasun-larrialdiei erantzuteko estrategia bat jarri du martxan; izan ere, kasu horietan erantzun-denbora hil ala bizikoa izaten da. Osasuneko zuzendari nagusi Cristina Ibarrolak prentsaurrekoan esan duenez, helburua da Nafarroan arreta “homogeneoa, zuzena eta kalitate tekniko handikoa izatea”.

Protokoloetan diagnostikoa zenbat denboran egin behar den eta zer terapia aplikatu behar diren jaso dute. ( irudia handitu )

Osasun Departamentuak heriotza-arriskua duten osasun-larrialdiei erantzuteko estrategia bat jarri du martxan; izan ere, kasu horietan erantzun-denbora hil ala bizikoa izaten da. Osasuneko zuzendari nagusi Cristina Ibarrolak prentsaurrekoan esan duenez, helburua da Nafarroan arreta “homogeneoa, zuzena eta kalitate tekniko handikoa izatea”.

Hasierako fasean iktus eta bihotzekoetarako protokoloak jarriko dituzte abian. Gero, beste fase batean, beste osasun-larrialdi batzuetarako protokoloak ezarriko dituzte, besteak beste honako hauetarako: ospitalez kanpoko bihotz-gelditzeak, politraumatismoak, trauma larriak, septizemia eta hemorragia masiboa.

Protokolo horietan teknika diagnostiko eta terapeutikoak zenbat denboran aplikatu behar diren dago zehaztuta, baita zer jarduera- eta tratamendu-jarraibide espezifiko bete behar diren ere. Jarraibide horiek larrialdien koordinazio-zentroan aktibatzen dituzte eta honako hauek esku hartzen dute: batetik, 112, Lehen Mailako Arreta eta ospitalez kanpoko eta ospitaleetako larrialdi-zerbitzuak koordinatzen dituzten medikuak; eta bestetik, neurologoak, kardiologoak, zainketa intentsiboko unitateak, unitate koronarioa, iktusaren unitatea, e.a.

Larrialdi mota horiei “denboraren mendeko” larrialdi esaten zaie, eta oso garrantzitsua da bizkor lan egitea, sintomak goiz antzematea eta lehenbiziko osasun-arreta egokia izatea; hori, bizirik jarraitzeko aukera handiagoa izateko eta, gerora, bizi-kalitatea, minusbaliotasuna eta mendetasuna hobetzeko. Patologia horien pronostikoa arreta jaso arte igarotako denboraren eta teknika espezializatuen erabileraren araberakoa izaten da. Estrategia aplikatuz gero, esku hartzen duten guztiek irizpide berberak aplikatzen dituzte hasiera-hasieratik.

Urtean 800 bihotzeko eta 1.100 iktus

Nafarroan urtero 800 miokardio-infartu eta garuneko 1.100 iktus erregistratzen dira. Gaur egun arteriak garbitzeko teknikak erabiltzen dituzte, heriotza-tasa eta ondorenak gutxitzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Teknika espezifiko horiek langile kualifikatuek baliatzen dituzte, unitate espezializatuetan. Hala, iktusak eta miokardio-infartuak tratatzeko protokoloen bitartez sintomak bizkor antzematen dira eta, ondorioz, teknika horiek baliatu eta profesionalak mobilizatu daitezke, diagnostikoa arinago egiteko eta gaixoei teknika terapeutikoak lehenbailehen aplikatzeko.

Zehazki, iktus-kodearen asmoa da iktusa duten gaixoak egoki identifikatzea eta iktusaren unitateetan arterietako trabak kentzeko terapiak eta zainketa bereziak ahal bezain laster aplikatzea, erabil daitezkeen kasuetan.

Infartu-kodeari dagokionez, bihotzekoak arin-arin antzematen eta jakinarazten dira, baita gaixoak zentro espezifikoetara eraman ere, arteriak garbitzeko tratamenduak lehenbailehen aplikatzeko, ahal den guztietan.

Lehenbiziko 24 orduak

Denboraren mendeko larrialdietarako estrategiaren asmoak hauek dira, besteak beste: ospitalez kanpoko heriotza-tasa murriztea, baita ospitaleratu eta lehenbiziko 24 ordutakoa ere; larrialdi-zerbitzuak aktibatzeko eta gaixoengana heltzeko denbora orokorra gutxitzea, hil ala biziko kasuetan; ospitalez kanpoko bihotz-gelditzeetan, berpizteko maniobrak edo/eta desfibriladorea lekuan bertan gehiago erabiltzea; bihotz-gelditzea etetea lortzen den kasuen portzentajea handitzea; eta gaixoek kardiopatia iskemikoa, iktusa edo politraumatismoa dituztela sumatutako kasuetan ospitaleko dispositiboa gaixoa heldu baino lehen aktibatzea lortzea.

Horrez gain, helburu hauek ere lortu nahi dira: larrialdietako garraioa baliabide tekniko egokiekin gauzatzea eta gaixoak protokoloetan ezarritako moduan zaintzea, patologia horiek dituzten gaixoak ospitalera ordubete pasa baino lehen heltzea, medikuarekin lehen harremana izaten denetik lehenbiziko proba diagnostikoa egiten den arte eta protokoloan zehaztutako lehen esku-hartzea egiten den arte igarotzen den denbora gutxitzea, larrialdi baskularrak dauzkaten eta protokoloan jarritako denboran birbaskularizazioa egiten zaien edo/eta terapia tronbolitikoa jasotzen duten gaixoen portzentajea handitzea, biztanleei hil ala biziko kasuen arrastoak eta sintomak antzematen eta horien arabera jokatzen erakustea, eta osasun arloko eta herritarren babes-zerbitzuetako langileak hil ala biziko larrialdien inguruan hobeto prestatzea.

Estrategiako kideak

Denboraren mendeko larrialdietan arreta emateko estrategiaren arduradun teknikoa eta Nafarroako hil ala biziko larrialdietako arretaren zuzendari teknikoa Javier Sesma da, NOGeko larrialdi-zerbitzuko burua. Gainera, Maria Soledad Alcasena, NOGeko Bihotzaren Ataleko kardiologoa, miokardio-infartuaren protokoloaren eta aktibazio-kodearen koordinatzaile teknikoa izango da; Jaime Gallego, NOGeko Neurologia Zerbitzuko burua, iktusaren protokoloaren eta aktibazio-kodearen koordinatzaile teknikoa; Tomas Belzunegui, NOGeko Larrialdi Zerbitzuko medikua, politraumatismoen protokoloaren eta aktibazio-kodearen koordinatzaile teknikoa; eta Diego Reyero, Ospitalez Kanpoko Larrialdi Zerbitzuko medikua, ospitalez kanpoko bihotz-gelditzeen protokoloaren eta aktibazio-kodearen koordinatzaile teknikoa eta herritarrei hil ala biziko kasuetan zer egin erakusteko programaren koordinatzailea.

Azkenik, denboraren mendeko larrialdietarako estrategiaren Batzorde Zuzentzailea sortu dute, koordinazio eta aholkularitza organo teknikoa gisa. Honako hauek dira Batzorde horretako kideak: estrategiako arduradun teknikoa, ospitalez kanpoko larrialdietako zuzendariordea, Nafarroa Hegoaldeko eta Mendebaldeko Lehen Mailako arretako zuzendariordea, iktusaren protokoloaren eta aktibazio-kodearen koordinatzaile teknikoa, miokardio-infartuaren protokoloaren eta aktibazio-kodearen koordinatzaile teknikoa, politraumatismoen protokoloaren eta aktibazio-kodearen koordinatzaile teknikoa, ospitalez kanpoko bihotz-gelditzeen protokoloaren eta aktibazio-kodearen koordinatzaile teknikoa eta herritarrei hil ala biziko kasuetan zer egin erakusteko programaren koordinatzailea, Tuterako Reina Sofia ospitaleko Larrialdien Ataleko burua, Lizarrako Garcia Orcoyen ospitaleko Larrialdien Ataleko burua eta SOS Nafarroako Ataleko burua.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa