(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak biomasa bidezko instalazio termikoak bultzatuko ditu % 15eko zerga-kenkariak aplikatuta astelehena, 2014.eko abuztuak 25


Irailaren 10era arte, interesa duten enpresa eta erakundeek irailaren 25etik 27ra izango den baso biomasaren II. Ferian parte hartzeko izena eman ahal izango dute


biomasaren azoka

Hurrengo azokaren kartelaren irudia

Nafarroako Gobernua energia termikoa sortzeko baso-biomasa erabiltzearen aldeko apustua egiten ari da; horregatik, % 15eko zerga-kenkariak eskaintzen ditu halako instalazioetan egiten diren inbertsioetan. Nafarroako baso biomasaren II. Feria ere antolatu du: Baluarte Nafarroako Biltzar Jauregi eta Auditorioan izango da irailaren 25etik (osteguna) irailaren 27ra (larunbata).

Zerga-kenkariei dagokienez, baso-biomasa darabilten instalazio termikoetan (galdara, erregai-tanga, eskulana etab.) egindako inbertsioak hartuko dira aintzat. Zergak Nafarroan ordaintzen dituzten pertsona fisiko zein juridikoen kasuan aplikatu ahal izango da kenkaria. Jabeen komunitateetan, jabe bakoitzaren parte-hartzearen portzentajearen arabera aplikatuko da kenkaria. Kenkaria eskuratu ahal izateko, interesa dutenek inbertsioen txostena eskatu beharko dute Industria Departamentuan.

Bestalde, azokaren helburua sektorea dinamizatzea eta mota horretako energiari buruzko ezagutza (instalazioak, erregai motak (pellet, ezpala eta su-egurra), erabilerak, erosotasun-maila etab.) handitzea da. Etxebizitzen blokeetan, enpresetan eta eraikin publikoetan izandako biomasaren erabileraren inguruko esperientzien berri ere emango da.

Biomasari lotutako industriaren eta enpresen sektoreari zuzenduriko azoka da, negozio-topaketak errazteko eta ezagutza teknikoak eguneratzeko. Horretarako, interesa duten enpresek eta erakundeek erakusketari baten bidez bertan egoteko eskaera egin dezakete irailaren 10era arte. Bestalde, biomasaren erabiltzaileak izan daitezkeenei zuzendurikoa ere bada ekimena: etxebizitzen blokeak eta barrutiak, eraikin publikoak, enpresak, etxe partikularrak, kirolegiak, egoitzak etab.

Azokaren programa

Cofely-GDF Suez eta Smurfit Kappa enpresek babestutako azoka izango da, eta biomasaren zikloari buruzko erakusketa bat, profesionalentzako ekitaldiak (jardunaldi teknikoa, tailerrak eta negozio-topaketak) eta guztientzako jarduerak antolatu dira (tailer dibulgatzaileak).

Zehazki, biomasaren zikloari buruzko erakusketa 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik ostegunean eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara ostiral eta larunbatean. 30 erakusketari egongo dira gutxienez. Produktuak eta zerbitzuak erakusteko interesa duten enpresek feriabiomasa@navarra.es helbidera idatzita eta 634 408 600 telefono-zenbakira deituta jaso ahal izango dute informazio gehiago.

Sektoreko profesionalak direnentzat (basoen jabeak, basogintzako industria, biomasaren industria, erlazionatutako enpresa eta erakundeak), ostegunean, 9:00etatik 14:00 etara, hainbat hitzaldi egingo dira munduan biomasak duen egoerari eta joerei, prezioei, lurralde-kohesioari, basoen kudeaketari, finantzazioari, ziurtagiriei eta I+Gri buruz. Horrez gain, azokak negozio-topaketak egitea ahalbidetuko du, eskaintzak eta premiak elkartzeko. www.feriabiomasa.navarra.es webgunearen bidez eskatu ahal izango dira. Biomasa-instalazio bat jarri nahi duten erabiltzaileentzat ere izango dira topaketa horiek.

Azkenik, tailerrak talde txiki eta espezifikoei zuzendurikoak dira, zalantzak argitzea errazagoa izan dadin. Ostegunean, 17:45etik 19:30era, auzokideen komunitateetako biomasa-instalazioei buruz hitz egingo da (adibideak, arazoak, abantailak, martxan jartzeko pausoak, prezioen alderaketa); ostiralean, 9:00etatik 10:45era, enpresetako biomasa-instalazioen ingurukoa izango da hitzaldia; 11:00etatik 12:45era, baso publiko eta pribatuen antolamenduaren eta kudeaketaren ingurukoa (araudia, saltzeko prozedura, laguntza teknikoa), eta, 13:00etatik 14:45era, eraikin publikoetako biomasa instalazioen ingurukoa.

% 50 aurrez daiteke energiaren fakturan

Energia termikoa sortzeko basoko biomasaren erabileraren sustapena Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planean dago jasota.

Nafarroan, egurra baliabide naturala eta ugaria da. Foru Komunitatearen azaleraren % 65 basoek hartzen dute (duela 25 urte baino % 24 gehiago). Urtero handitzen dira egurraren eta su-egurraren basoetako aprobetxamenduak (% 15 handitu ziren 2013an); gainera, badago aukera gehiago handitzeko, % 25 aprobetxatzen baita Nafarroako basoen urteko 1,3 milioi metro kubikoetatik.

Baliabide iraunkorra eta ekonomikoa da gainera. Nafarroan erabilgarri dagoen egurraren % 56k (250.000 hektarea inguru) ziurtagiria du, hau da, egur horren ustiaketak ingurumena errespetatzen du, eta kanpoko energiarekiko mendetasuna ordezteko aukera bideragarria da. Biomasaren prezioa lehiakorra eta egonkorra da, eta energiaren fakturan % 50 baino gehiago aurrez daiteke. 2012an, 39,1 MW elektrizitate sortu ziren nekazaritzako eta basogintzako biomasaren bidez energia sortzeko instalazioetan. Gaur egun, beroa sortzeko (berokuntza eta ura) 500 biomasa-instalazio baino gehiago daude Nafarroan. Horietatik 60 enpresa eta erakundeetan daude instalatuta, eta gainerakoak etxebizitzetan, banakoetan zein blokeetan. 

Basogintzako ekonomiak 4.000 pertsonari ematen die lana Nafarroan, eta 300 enpresa jarduten dira horretan, batez ere landagunean daudenek: erauzketarekin lotutakoak, zerrategiak, basoen kudeaketa egiten dutenak, ekoizpenekoak, instalazioenak eta beste batzuk.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa