(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

2014/2015 Neguko Bidezaintza kanpainan 380 pertsona eta 200 ibilgailu baino gehiago izatea aurreikusten da astelehena, 2014.eko azaroak 10


2012/2013arekin alderatuz, 2013/2014 kanpainan 16 egun gehiagotan egin zuen elurra –34 egunetik 50era igo zen– baina prezipitazioen intentsitatea txikiagoa izan zen eta maila handiagoetan bota zuen gainera


2014-2015eko neguko bidezaintza-kanpaina

2014-2015 neguko bidezaintzako kanpainaren aurkezpena. ( irudia handitu )

Teknikariek eta langileek osatutako 380 pertsona eta, elurra kentzeko 129 makina, laguntzeko 87 ekipo eta 5 turbofresa ariko dira lanean Nafarroako Gobernuak 2014/2015 kanpainarako errepide nafarretan abian jarriko duen Neguko Bidezaintza Planean. Hala adierazi du gaur goizean Zarraluqui kontseilariak; hark denboraldi berrirako aurreikusitako jarduerak eta jarduera-irizpideak aurkeztu ditu Lizarrako Kontserbazio Zentroan eta, horrekin batera, 2013/2014 kanpainaren balantzea egin du.

Kontseilariak nabarmendu duenez, azken kanpainan aurrekoan baino 16 egun gehiagotan egin zuen elurra (50 egunetan; aurrekoan 34 egunez egin zuen), baina prezipitazioak intentsitate txikiagokoak izan ziren eta maila handiagoetan egin zuen. Izan ere, gaur goizean azaldu denez, elur-prezipitazioko egun gehiago izan arren, askoz ordu gutxiagotan egin zen lan (20.267 ordu; aurrekoan 30.513 ordu), % 26 gatz gutxiago isuri zen (14.370 tona; aurreko kanpainan, 19.516) eta kostua % 34 jaitsi zen (3,4 milioi; aurreko kanpainan 5,2 milioi)

Prezipitazio gehienak azaroko bigarren hamabostaldian jaso ziren eta urtarrilean nahiz otsailean; neguaren eragina asko jaitsi zen abenduan eta martxotik aurrera. Iragan negu-denboraldiko alderdi aipagarri bat elurteak maila altuetan batu zirela izan zen, eta horrek zirkulazioari gutxiago eragitea ekarri zuen eta, hortaz, beste urte batzuetan baino gorabehera gutxiago egotea. Nolanahi ere, 1.000 metrotatik gora aurreko negu batzuetan baino elur-egun gehiago bota zuen, nahiz eta lodiera txikiagokoak izan.

Kontseilariak azpimarratu du Nafarroak duen dispositiboa Estatuko batez bestekoaren gainetik dagoela, eta hori agerian geratzen da informazioa beste autonomia erkidego batzuekin partekatzean, baliabideetan nahiz erabilitako teknologian. Azken alderdi horretan, azaldu du elurra kentzeko ibilgailu guztiek dispositibo berezi bat dutela eta, haren bitartez, non dagoen jakiteaz gain, martxan dauden edo ez, edo bakoitzak zenbat gatz isuri duen jakin daitekeela.

Azkenik, Luis Zarraluquik zuhurtasunez jokatzeko eskatu du errepidean meteorologia-baldintza kaskarrak daudenean, eta nabarmendu du une oro bidea dagoen egoeraren arabera gidatu behar dela eta ibilgailua egoera onean eraman behar dela, beste gomendio batzuen artean.

Koordinazioko jarduerak

Ekintza Sustapen Departamentuko Errepideen Kontserbazioko Kontrol Zentrotik koordinatzen da, hura urteko egun guztietan eguneko 24 ordutan artatzen da, eta honako hauek kudeatzen ditu: Nafarroako Errepide Sare guztian jarritako 303 kamerak, 31 meteorologia-estazio, informazioa aldagarriko kanpoko 60 taula eta barneko 24 tuneletan eta bideen kontserbazioa artatzen dituzten ibilgailu guztietako GPSak.

Zentroak errepide-sareko gertakariak hautematen ditu eta jarduera-tokitik hurbilen dauden baliabideak mugitzeko agindua eman eta koordinatzen ditu.


2014-2015eko neguko bidezaintza-kanpainaren aurkezpena

Kanpaina Luis Zarraluqui kontseilariak aurkeztu du. ( irudia handitu )

Jardueren barnean sartzen dira, Planean berariaz parte hartzen duten giza baliabideak eta baliabide materialak koordinatzeaz gain, Errepideen Sareko Kontserbazio Zerbitzu, SOS Navarra/ Foruzaingo, Guardia Zibil eta alor horretan Araba nahiz Gipuzkoako arduradunen arteko koordinazio operatiboa; azken horiekin ere lan egiten da errepide komunetako gertakarietarako eta, bereziki, A-15 Leitzarango Autobian eta A-1 Iparraldeko Autobian gertatzen diren gorabeheretarako.

Koordinazioa, halaber, Iruñeko Udaleko Babes Zibilera zabaltzen da, errepide garrantzitsuenekin lotzen diren hiriburuko irteeran zirkulazioa errazte aldera: A-21 Pirinioetako Autobia, PA-30 Iruñeko Ingurabidea, PA-31 Iruña Hegoalde eta aireportuko sarbidea, PA-32 Iruña Hego-ekialdeko sarbidea, PA-34 Iruña Mendebaldeko sarbidea, N-240-A Iruña-Gasteiz eta A-12 Donejakue Bideko Autobia.

Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorraren eta Nafarroako Gobernuaren elurra kentzeko ekipoen zerbitzuak ere koordinatu egingo dira lan horiek burutzeko N-132 (Frantzian) eta NA-137 (Nafarroan) errepideetan, Pierre Saint-Martin/Belaguako mendatean. Azken errepide horretan etengabeko dispositibo bat dago, eta, haren bidez, mendatea artatuko da egoerek hala egitea eskatzen dutenean, 07:00etatik 19:00etara, neguko kanpainako egun guztietan. Inguru horretan elur-jausien arriskuak jarraitzeko kontratatutako laguntza teknikoa ere badago.

Gainera, A-12 Donejakue Bideko eta Pirinioetako A-21 Autobiako emakidadunekin koordinazio-lana egingo da. Bi kasuetan enpresa emakidadunek artatuko dituzte neguko bidezaintza-lana, eta haietako bakoitzak elurra kentzeko 10 ekipo eta gatzuna zabaltzeko makina bat jarriko ditu. Audenasak ardura bera hartuko du AP-15 Nafarroako Autobidean, A-15 Iruñeko Mendebaleko Ingurabidean eta gainerako errepide-sareko lotuneetan, elurra kentzeko 12 ekiporekin.

Kontserbazio Zerbitzuak emandako baliabideei laguntza emateko, 85 udalerri eta kontzejutan ere tokiko 111 elurra kentzeko ekipo daude errepideen tokiko sarean arreta berezia eskaintzeko eta erakunde horien beraien beharrei aurre egiteko (kaleak, nekazaritza eta abereen bideak…); ekipo horiei esker, bizkor jardun daiteke eta gainerako elurra kentzeko makinen lana arintzen dute.

Jarduteko irizpideak

Elurra eginez gero, Sustapen Departamentuaren jarduera-irizpidea prebentzio-fasean esku-hartzea da, izotzaren edo elurteetan ondorioak minimizatzeko asmoz. Horretarako, meteorologia-iragarpenarekin denbora errealean lan egiten du, eta informazio hori Obra Publikoen Zuzendari Nagusiaren Kontserbazio Zerbitzuak Errepide Sarean sortutako 22 meteorologia-estazio finkoetatik eskuratzen da, eta baita autobide nahiz autobideen emakidadunen beste bederatzi estazioetatik ere. Emandako informazioa Zaragozan egoitzan duen Estatuko Meteorologia Zerbitzuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegokoarekin egiaztatzen da.

Elur-mailaren iragarpenaren arabera, bai eta iragarritako haren intentsitate nahiz kopuruaren arabera ere, elurra kentzeko makina-kopuru bat prestatzen da, eta izozteak badaude, prebentzio modura, galtzadan gatza, gatzuna edo gatz hezea zabaltzen da.

Errepideen egoerari buruzko etengabeko informazioa

Bestalde, Kontserbazio Zerbitzuak kudeatutako Kontrol Zentroak errepideen egoerari buruzko etengabeko informazioa ematen du, meteorologia-fenomeno txarrek eragindako gertakariena nahiz obra edo beste arrazoi batzuengatik sortutako gertakariena; horretarako, bi bi erabiltzen ditu: 848423500 telefono-zenbakia eta http://www.incidenciascarreteras.navarra.es webgunea. Informazioa gertakaria izaten den unean bertan grabatzen da eta, baldintzak aldatzen ez badira, bi ordutik behin automatikoki eguneratzen da.

Gogorarazi behar da, 011 telefono-zenbakira ere dei daitekeela, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren errepideen informazio-telefonora eta haren webgunea kontsultatu (www.dgt.es); bertan, Espainia guztiko informazio eguneratua ematen da zirkulazioari eta edozein eratako gertakariei buruz.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Neguko Bidezaintza
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa