(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak Nafarroako Urrezko Domina eman die Foru Komunitateko industrializazioaren sustatzaileei asteazkena, 2014.eko azaroak 12


Duela berrogeita hamar urte onartutako sustapen industrialeko programak Foru Komunitateko eraldaketa ekonomiko eta soziala ekarri zituen


Transcripción textual del video

Nafarroako Gobernuak erabaki du 2014ko Nafarroako Urrezko Domina 1964ko Nafarroako Sustapen Industrialeko Programaren sustatzaileei (SIP) ematea; haren ondorioz, Foru Komunitateko eraldaketa ekonomiko eta soziala etorri zen.

huarte

Félix Huarte Goñi, Aldundiko lehendakariordea.

Nafarroako Gobernuak erabaki du 2014ko Nafarroako Urrezko Domina 1964ko Nafarroako Sustapen Industrialeko Programaren sustatzaileei (SIP) ematea; haren ondorioz, Foru Komunitateko eraldaketa ekonomiko eta soziala etorri zen.

Dekretuan gogoratzen denez, duela berrogeita hamar urte hasi zenetik eta 1975 arte, SIPek 200 enpresa sortu edo zabaltzea lortu zuen, eta 20.000 enplegu berri sortu eta 12.000 milioi pezetako inbertsioa egin zuten.

Bigarren lehendakariorde Juan Luis Sánchez de Muniáinek bilkuraren ondoren emandako prentsaurrekoan esan duenez, domina honekin, Foru Komunitateak ematen duen gorenena, industriaren garapenaren hasiera eragin zuten pertsona guztiak batera aitortu nahi dira; agintariak, teknikariak, enpresariak, langileak…

Programa horrek emandako bultzada "Nafarroa garatzeko funtsezko oinarria da eta gaur dugun aurrerapen- nahiz ongizate-mailara heltzeko orduan, laguntza handia eman du", Dekretuan aipatzen denez, eta bertan azpimarratzen da Felix Huarte lehendakariordearen eta Miguel Javier Urmeneta diputatuaren inplikazio pertsonala "eredu paregabeak direla eta baita ikuspegi, ekimen eta jarduteko ereduak ere".

Akordioak jasotzen duenez, Huarte eta Urmenetaren oinordekoak izango dira datorren abenduaren 3an, Nafarroaren Egunean saria jasotzeko arduradunak.

Sustapen Industrialeko Programa

SIP Foru Aldundiak onartu zuen 1964an, Iruñeko bi diputatu berriak iritsi ostean: lehendakariorde izango zen Félix Huarte eta Miguel Javier Urmeneta. Biak ala biak ekimen horren sustatzaileak izan ziren Nafarroako industriaren garapenari hasiera emateko –Estatuak prestatutako garapeneko poloetatik at geratu zena–, nafarren bizi-baldintzak hobetzeko bide bakarra izan zedin.

Ekimenaren helburu zehatzak honako hauek ziren: nafarrek ez emigratzea, foru-lurralde guztian zabalkunde industrial orekatua lortzea, Nafarroako baliabide naturalen erabilera ahalik eta gehien baliatzea (nekazaritza, abeltzaintza eta basoko ekoizpena sustatzea), eskulan kualifikatu, teknikari eta tituludun nafarrentzako lanpostuak sortzea, bertako aurrezte eta finantza-baliabideak mugiaraztea eta kanpoko kapitalak erakartzea.

Programa foru-gaitasunean oinarritu zen, hau da, enpresak sortu edo zabaltzeko orduan diru-laguntzak eta salbuespen fiskalak eskaintzeko (milioi bat pezetako inbertsioa eta 10 lanposturen sorreratik aurrerako proiektuak balia zitzaketen onura horiek). Laguntza horiek komunikazio, industrialde, lanbide-heziketa eta bestelako alorretan egindako inbertsio publikoen plan batekin osagarriak ziren.

1964-75 aldiari dagozkion datuen arabera, 207 proiektuk baliatu zuten SIP, eta 19.167 lanpostu sortzea ekarri zuten. 12.022 milioi pezetako inbertsioak egin ziren.

Sektoreen arabera, jarduera metalurgikoak nabarmentzen dira eta, haien artean, makinaria eraiki eta konpontze nahiz garraioko materiala, bai eta elikadura eta egurrarena ere. Haiek guztiek programaren barneko enpresen % 60 osatzen dute.

Ezartzeko tokiari dagokionez, 14 industrialde sortu ziren eta foru-lurralde guztian banatu. Nolanahi ere, Iruñeak izandako garrantzia azpimarratu behar da, inbertsioen % 50,7 eta sortutako enpleguaren % 37,5 xurgatu baitzuen; haren atzetik, Erribera dator (Inbertsioaren % 20,7 eta enpleguaren % 25,1), eta gainerako zonaldeek % 10aren inguruko ehunekoak dituzte, Mendian izan ezik; azken zonalde horretan indize baxuagoak dituzte.

Ekimen horrek harrera ona izan zuen, eta horren adibide da 1965ean, hura ezarri eta hurrengo urtean, 157 proiektuk laguntzak eskatu zituztela; haietatik 80 enpresa berriei zegozkien eta 77, jadanik baziren zabalkuntzei.

Félix Huarte Goñi

Iruñean 1896ko azaroaren 6an jaio eta 1971ko apirilaren 12an hil zen. 1923ko urtarrilean Adriana Beaumont Galdúrozekin ezkondu zen, eta azken horrek Nafarroako Urrezko Domina jaso zuen 1991n gizarte-sustapenaren alde egindako lanengatik.

Félix Huartek lehen-mailako ikasketak Iruñeko San Frantziskoko eskoletan egin zituen. 14 urterekin Ángel Galé Hualde azterketa eta proiektuen bulegoan lanean jarrizen. 1915ean Iruñeko Komandantzia Militarrean delineatzaile-lanetan hasi zen eta, urtebete geroago, Rufino Martinicorena eraikuntza-enpresan sartu; enpresa horrek eraiki zuen Iruñeko zezen-plaza.

1927an, Emilio Malumbres eta Toribio López López industrial iruñarrarekin elkartu (azken horrek jarri zuen hasierako kapitala), eta "Huarte y Malumbres" taldeko sozietate erregularra eratu zuen; denborarekin Estatuko merkatuko eraikuntza-enpresa garrantzitsuenetako bihurtu zen. Enpresa horrek sortutako irabazietatik eratu zen, besteak beste, Imenasa, Inasa, Perfrisa, Torfinasa edo Papelera Navarra enpresak batutako talde industriala, eta bertako administrazio-batzordeetako buru izan zen. Berrogeita hamarreko hamarkadan, eta Imenasa esparruaren barnean, lanbide-gaitasuneko eskola salestarra ezartzea sustatu zuen.

1962aren hasieran, aholkulari-talde baten prestakuntza sustatu eta finantzatu zuen, eta talde horrek probintziko garapen ekonomikoaren aukerak aztertu zituen. 1963ko urrian, lanbide-jarduera alde batera utzita zuela, Iruñeko Udalerako hautagaitza aurkeztu zuen eta 1964ko apirilaren 2an Nafarroako Aldundiko lehendakariordetzaz jabetu zen, diputatu dekano moduan zegokiona. Kargu horretan, Nafarroako Sustapen Industrialeko Programa sustatu zuen.

1971ko apirilean hil zen, lehendakariordearen kargua utzi eta berehala, eta hil horretan bertan Nafarroako Seme Kuttun izendatu zuten. Gainera, ondorengo sariak jaso zituen, besteak beste: Turismo Merezimenduaren Domina eta Zilarrezko Plaka, Kirol Merezimenduaren Urrezko Plaka eta Alfontso X. Jakitunaren Enkomienda.


urmeneta

MIguel Javier Urmeneta Ajarnaute.

Miguel Javier Urmeneta Ajarnaute

(Iruña, 1915eko azaroak 26-1988ko ekainak 12). Zuzenbidean lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatean, nahiz eta ez zen abokatu-lanetan aritu. Gerra zibila amaitu ondoren, militar izaten jarraitu zuen, eta, hala, Estatu Nagusiko Teniente Koronel gradura heldu zen. 1954an, armada utzi zuen Iruñeko la Caja de Ahorros y Monte de Piedad Municipaleko zuzendaritza nagusiaren buru jartzeko. Kargu horretan izan zen 1982an erretiroa hartu zuen arte. Hura kudeatzaile izanik, aurrezki kutxa horrek hazkunde handia jasan zuen: sukurtsal batetik 57ra pasa zen, eta 15.000 ezarletatik 150.000ra, eta entitate horrek hainbat obra sozial eta kulturalari laguntzea sustatu zuen.

Urmenetak bere lanbide-jarduera jarduera politikoaren bateragarri egin zituen. Lehenik eta behin, Iruñeko alkate izan zen 1958tik 1964ra. Lorpen aipagarrienen artean, kuartel militarrak Aizoaingo zentrotik kendu izana nabarmendu behar da eta Armadak Ziutadela laga izana. Ur-horniketako sistema berria ere hark sustatu zuen; horretarako, Eugiko urtegia eraiki eta saneamendu nahiz estolderiako sarea berritu zituen. Hura kudeatzaile izanik, hirigintzak zabalkunde handia izan zuen: hegoaldeko plana, hirugarren zabalgunea…

1964an alkatetza utzi eta Iruñerriko foru-diputatu hautatu zuten. Felix Huarterekin batera, Nafarroako Sustapen Industrialeko Programa sustatu zuen. 1971 arte jarraitu zuen karguan, eta etapa horretan ere bete proiektu batzuei heldu zien, bide-sarea hobetzeari, adibidez.

Foru Aldundia utzi ondoren, zinegotzi aritu zen 1976tik 1978ra, eta 1977an Frente Navarro Independiente alderdiaren sortzaileetako bat izan zen.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa