(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Juan Ciudad fundazioak eta Paciencia Melgar ahizpak jaso dute Elkartasunaren “Nafarroa” Saria ebolaren aurka egindako borrokagatik asteazkena, 2014.eko abenduak 10


Barcina Lehendakariak emandako sariarekin, gaixotasun hori desagertzeko lanean diharduten pertsona guztiak aitortu nahi dira


Transcripción textual del video

Nafarroako Lehendakari Yolanda Barcinak eta Laboral Kutxako lehendakari Txomin Garcíak 2014ko Elkartasunaren "Nafarroa" Nazioarteko Saria Juan Ciudad fundazioari eta Paciencia Melgar ahizpari eman die, ebola-izurritearen kontra borrokan ari diren pertsona guztien izenean.

Taldeko argazkia

Sánchez anaiak eta Melgar, saria Barcina Lehendakariaren eskuetatik jasotzen. ( irudia handitu )

Nafarroako Lehendakari Yolanda Barcinak asteazken honetan 2014ko Elkartasunaren "Nafarroa" Nazioarteko Saria Juan Ciudad fundazioari eta Paciencia Melgar ahizpari eman die, ebola-izurritearen kontra borrokan ari diren pertsona guztien izenean; gaitz horren azken agerraldiak 17.000 pertsona kaltetu eta 6.070 heriotza eragin ditu, Afrika Mendebaldean bereziki, Osasunaren Mundu Erakundeak egindako azken txostenaren arabera.

Saria Juan Ciudad fundazioko zuzendari Julián Sánchezek jaso du. Fundazio horrek baliabide gutxiko gaixoak artatzen ditu Afrika Mendebaldeko San Juan de Dios Ordenako ospitaletan. Paciencia Melgarrek ere jaso du saria, eta gogora ekarri behar da, emakume hori gaitz horrekin kutsatu zela Monroviako (Liberia) San Juan de Dios Ordenako ospitalean erizain-lanetan ari zela; gaixotasuna gainditu ondoren, bere plasma dohaintzan eman zuen Teresa Romero erizaintzako laguntzailea salbatzeko.

Laboral Kutxak finantzatutako saria (15.000 euro), Liberia eta Sierra Leonako San Juan de Dios Ordenako ospitaletako ebola-gaixoak artatzeko erabiliko da, gaitz horren azken agerraldian gehien kaltetutako bi herrialde horietan. Zehazki, Monroviako (Liberia) San José eta Lunsarreko (Sierra Leona) San Juan de Dios ospitaleak pixkanaka berriz irekitzeko balioko du; Miguel Pajares eta Manuel García lekaide espainiarrek zuzentzen zituzten ospitale horiek, harik eta gaixotasun horrek jota hil ziren arte.


Lehendakariaren agerraldia

Barcina Lehendakaria ekitaldira bertaratutakoen aurrean egindako agerraldian. ( irudia handitu )

Lehendakariak bere agerraldian azpimarratu du Sánchez anaiek eta Melgarrek elkartasunaren eta altruismoaren balioak adierazten dituztela, "besteenganako kezkaren balioa, norberak izan dezakeen arriskuari beldurrik izan gabe". Yolanda Barcinak Pajares eta García lekaideak ere gogoan izan ditu, bai eta "gaitz horren agerraldiaren aurka zuzenean edo zeharka borrokan diharduten pertsonak ere", beste guztiak batuta baino heriotza gehien utzi dituen agerraldiaren aurka. Haien artean, Madrilgo Carlos III. ospitalean berrogeialdian dagoen Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko lankide boluntarioa dago.

Juan Ciudad fundazioko zuzendariak nabarmendu du, bestalde, "egoerak guztioi gaina hartu digun arren", elkartasuna azaleratzeko balio izan duela ere. Alde horretatik, gogoratu du solidarioa izatea "gure esku dagoela" eta "ezin dugula utzi batzuk oparotasunean ibil daitezen eta beste batzuk, berriz, bizitzeko behar dena ez izatea".

Aldiz, Melgar ahizpak saria eskertu du gaixotasuna izan duten pertsonen izenean, gainditu dutenen eta "zoritxarrez" hil egin direnen izenean, eta gogora ekarri du oraindik "pertsona askok" laguntza jasotzeko beharrarekin jarraitzen dutela.

Sari-banaketa Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoan egin da, gaur, asteazkena, Giza Eskubideen aldeko Egunaren ospakizunaren bat etorriz. Ekitaldian, Goi Mailako Kontserbatorioko Kantuko Ikasgelako laukoteak musika-emanaldi bat eskaini du, eta bertan izan dira: Gizarte Politikako eta Lehendakaritza, Barneko eta Justiziako kontseilari Iñigo Alli eta Javier Morrás, hurrenez hurren; Laboral Kutxako lehendakari Txomin García (hark eman du saria Yolanda Barcinarekin batera); epaimahaiko buru Miguel Indurain; Nafarroako Parlamentuko lehendakari Alberto Catalán eta Iruñeko alkate Enrique Maya.

Sarituak

San Juan de Diosko Anaiek 1991n sustatutako Juan Ciudad fundazioak, kongregazio erlijioso horrek herrialde txiroetan duten zentroen bidez egiten du lan, Saharaz azpiko Afrikan bereziki, planetako eskualde deprimituetako batean.

Erakunde horrek (haren hautagaitza Garapen Solidariorako Erakundeen Sareak aurkeztu zuen) ere kolektibo ahulak ere artatzen ditu hain zailak ez diren beste toki batzuetan: gaixotasun mentalak dituzten pertsonak, ezintasunak dituztenak, gaixotasun kronikoak, drogazaletasun-arazoak dituztenak edo baztertze-egoeretan daudenak, esaterako.

Juan Ciudadek, dituen helburuen arabera, bere ekintza jarduteko lau arlo nagusien bidez antolatzen du. Honako hauek dira: osasun-azpiegiturak eraiki eta ekipatzea; laguntza humanitarioa bidaltzea egoera zailean dauden biztanleen osasun-arretarako; garapenerako sentsibilizazio eta hezkuntzako proiektuak; eta boluntariotza-programak.

Bestalde. Paciencia Melgar ahizpa, Ekuatore Gineakoa da, 47 urte ditu, Inmaculada Concepción Misilarioen kongregaziokoa da eta hamaika urtez erizain-lanetan aritu da Monroviako (Liberia) San Juan de Dios Ordenako ospitalean, Miguel Pajares hildako aitarekin batera, baliabide gutxiko gaixoak artatzen.

Osasun-zentro horretan, azken hilabeteotan, ebolarekin kutsatutako pertsonak artatu dira, eta han bertan kutsatu zen birusarekin Melgar. Gaixotasuna gainditu ondoren, haren seruma Teresa Romero erizaintzako laguntzailearen tratamenduan erabili da.

Elkartasunaren "Nafarroa" Nazioarteko Saria

Nafarroako Gobernuak eta Laboral Lutxak elkarrekin emandako Elkartasunaren "Nafarroa" Nazioarteko Saria 2001. urtean sortu zen. Haren helburua da, garapenerako nazioarteko lankidetzako edozein esparrutan izandako ibilbideagatik nabarmendutako gobernuz kanpoko erakunde nahiz pertsona fisikoek egindako lana aitortzea, bereziki, Milurtekoko Garapenaren Helburuak betetzen emandako laguntzan egindako lana.

Sari horrekin ere, Nafarroako herritarrak kontzientziatu eta sentsibilizatu nahi dira herrialde eta herri txiroetan okerren dauden sektore sozialen alde borondatezko eta elkartasunezko lanak zer garrantzia duen jabe daitezen.

Aurreko edizioetan honako hauek izan dira sarituak: Martha Pelloni argentinarra (2013), Mama Tunza keniarra (2012), Manuel Elkin Patarroyo zientifikoa (2011), Creative Handicrafts GKE (2010), Aguaricoko Bikariotza Apostolikoa (2009), Mama Samateh Saidy eta Wassu Gambia Kafo GKE (2008), San Juan de Dios Ospitaleko Ordena (2007), Fe y Alegría mugimendua (2006), UNASO erakundea (2005), Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzua (2004), Karitateko Alaba Mesedetakoak (2003) eta Muhhamad Yunnus (2002).

Miguel Indurain txirrindulari profesional ohia da epaimahaiburu eta epaimahaia honako hauek osatzen dute: Gizarte Politiken kontseilari Íñigo Allik; Nafarroako Laboral Kutxako lurralde-zuzendari Javier Cortajarenak; Nafarroako Medicus Mundiko sortzaile Miguel Ángel Argalek; Nazio Batuen Milurteko Kanpainako Tokiko Hiri eta Gobernuekin (Europa) harremanak izateaz arduratzen den Xavier Longanek; garapenerako hezkuntzako aditu María Luz Ortegak eta Nafarroako UNICEFen koordinatzaile Maider Gabilondok. Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratzearen Zerbitzuko zuzendari Andrés Carbonero da idazkaria.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa