(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Julian Gayarreren heriotzaren 125. urteurrena eta haren Museo-etxearen 25. urteurrena gogoratu ditu Erronkarik ostirala, 2015.eko urtarrilak 2


Agintariek, tenorearen senitartekoek eta herritarrek lore-koroa jarri dute haren mausoleoan


Agintariak, Gayarreren mausoleoaren ondoan ( irudia handitu )

Ostiral honetan, urtarrilak 2, betetzen dira 125 urte Julian Gayarre tenore nafarra hil zela eta 25 urte Erronkariko haren Museo-etxea inauguratu zela, bere heriotzaren 100. urteurrenarekin bat eginez ireki baitzen.

Urteurren horiek direla eta, Julian Gayarre Fundazioak eta Erronkariko Udalak ekitaldia ospatu dute Museo-etxean; hantxe izan dira, besteak beste, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilari Juan Luis Sanchez de Muniain eta Lan Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Jose Jabier Esparza.

Eguerdiko hamabietan hasi da ekitaldia, Oscar de Miguel Erronkariko Udaleko Kultura zinegotziaren, Alfredo Cabodevilla Erronkariko alkatearen eta Sanchez de Muniain kontseilariaren hitzaldiekin.

Julian Gayarre Abesbatzaren emanaldiaren ondoren, agintariak, tenorearen senitartekoak eta herritarrak hilerrira joan dira, Gayarreren mausoleoaren aurrean lore-koroa jarri eta haren alde otoitz egitera.

Tenore nafarrari egin dioten omenaldiari amaiera emateko, "Lore bat Gayarrerentzat" ekitaldira joan direnek loreak jarri dizkiote eta abesbatzaren emanaldia izan da.

Oroigarrizko liburu bat sinatzeko aukera izan dute partaideek; liburu hori, gainera, urte osoan zehar egongo da Museo-etxean, bisitariek sina dezaten.

Bi urteurren horiek direla eta, larunbatean eta igandean, urtarrilak 3 eta 4, doan bisitatu ahal izango da Museo-etxea, ohiko ordutegian: larunbatean, 11:30etik 13:30era eta 16;00etatik 18:00etara; igandean, berriz, 11:30etik 13:30era.


Segizioa hilerrirako bidean, lore-koroa jartzera ( irudia handitu )

 

Julián Gayarre

Julian Gayarre (Erronkari 1844 – Madril, 1890) mundu mailako entzutea duen eta operaren historiako tenore onenetako bat da.

Erronkariko herritar xumeen semea zen; hainbat eskulangintzatan jardun ondoren, Iruñera joan zen eta hantxe bizi izan zen zenbait urtez, errementari lanean. 1865ean, Orfeon Pamplones zeritzon orfeoian hasi zen. Orfeoiko lehendakari Conrado Garciari eta Madrilgo Errege Kontserbatorioko zuzendari Hilarion Eslavari esker, ikastetxe horretan ikasketak egin ahal izan zituen.

Tuteran (Nafarroa) egin zuen jendaurreko bere lehendabiziko aurkezpena zarzuela konpainia batean, 1867an, Sandoval izenaz.

1868an, kantu lehiaketako bigarren saria eman zioten Madrilgo Kontserbatorioan. 1869an Iruñera itzuli zen eta Orfeon Pamplonesekin parte hartu zuen emanaldi batean. Lortutako arrakastari esker, Italian ikasteko beka bat eman zion Foru Diputazioak.

1869an Milanon bizi zen eta Gelli maisuarekin ikasten zuen; Varesen debutatu zuen arrakasta handiz. Geroago, Italiako hiri askotan jardun zuen abesten.

1872an Espainiara itzuli zen eta Sevillako San Fernando Antzokian aurkeztu zen. Harrezkero, Europako hainbat hiri bisitatu zituen lortutako kontratuei esker. Milanoko Scalan lortu zuen mundu mailako entzutea, 1876ko urtarrilaren 2an, gustukoen zuen paperarekin, Donizettiren "La Favorita" obrako Fernandorenarekin, hain zuzen ere.

Nazioarteko bere karreraren oinarrizko uneen artean, nabarmentzekoak dira honakoak: Buenos Airesko Colon Antzokiko debuta, 1876an; Londongo Covent Gardenekoa eta Madrilgo Errege Antzokikoa, 1877an; Italiarren Antzokian (1884) eta Parisko Opera Handian (1886). Errusiako eta Brasilgo eszenatokietan ere eskaini zituen emanaldiak eta Estatu Batuetan abesteko hainbat eskaintza errefusatu zituen.

Laringean zeukan arazoaren ondorioz, ezin izan zuen Madrilgo Errege Antzokiko 1889-90 denboraldia amaitu eta hiri hartan hil zen, 1890eko urtarrilaren 2an.

Julian Gayarreren Museo-etxea

1989an sortu zuten Julian Gayarre Fundazioa: tenorearen familiako, Erronkariko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko kideek osatzen dute fundazioa.

Fundazioaren hasiera bateko ondarea Julian Gayarreren ondorengoek emandakoak osatzen zuen: Museo-etxeak berak eta etxe hartan zeuden objektuek, Mariano Benlliurek egindako bere mausoleoa eta hiribilduko hainbat lekutan zeuden ondasunek.

Fundazioaren helburua da bere ondarea eta ondareari gehitzen zaizkion ondasun guztiak kontserbatzeko, babesteko eta zaintzeko lan egitea; baita horiek defendatzera, hedatzera eta ezagutaraztera bideratutako ekintzak eta programak betetzea ere, Fundazioaren funts artistikoen eta agiri-funtsen azterketarako eta ikerketarako bideak emanez eta Erronkariko tenorea oroitzeko eta omentzeko ekimenak sustatuz.

Julian Gayarreren Museo-etxea 1990eko urtarrilaren 2an inauguratu zuten, bere heriotzaren 100. urteurrenean; tenorearen aginduz 1879an eraikitako eraikinean kokatzen da, bere jaiotetxea izandako orube bertan; bere familiarentzako etxebizitza zen eta zeuzkan oporraldi laburretan joaten zen bera etxe hartara.

Oin-planta karratukoa, hiru solairu, ganbara eta lau ureko teilatua dauzka. Barrualdea egokitu egin zuten, eraikinaren eginkizun berrirako.

Beheko solairuan bere garaian kokatzen da Gayarre; kronologikoki erakusten da bere bizitza, agirien, argazkien, sarien, izendapenen, libretoen, partituren, oparien eta tenoreak bere bidaietan erositako hainbat objektu bereziren bitartez.

Lehenengo solairuan bere opera emanaldietan erabilitako trajeak eta osagarriak erakusten dira; baita bere karrera artistikoan zehar jaso zituen opariak ere. Guzti hori osatzeko, gutunei, argazkiei, prentsa-ebakinak eta bestelako agiri interesgarriei eskainitako espazioa dago. Bigarren solairuan, familiaren altzariz jantzitako egongelan, bere pianoa eta laringea kontserbatzen dira; izan ere, laringea kendu egin zioten baltsamatu aurretik, ikertzeko.

Museo-etxearen bisita osatzeko, Mariano Benlliure eskultorearen mausoleoa ere bisita daiteke, Erronkariko hilerrian.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa