(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Batzorde negoziatzaileak Itun Ekonomikoa aldatzeko eta BEZaren afera konpontzeko akordioa sinatu du asteartea, 2015.eko otsailak 17


Nafarroako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek eta Foru Parlamentuan dauden talde guztiek izenpetuta, aldaketak Foru Komunitatearen gaitasuna berresten du, eta administrazioen arteko auzi-kopurua murriztu nahi du


Batzorde negoziatzaileak Itun Ekonomikoa aldatzeko akordioa izenpetu du. ( irudia handitu )

Itun Ekonomikoaren batzorde negoziatzaileak Foru Komunitateak eta Estatuak 2012. urtetik BEZaren gainean zuten auzia konpontzen duen akordioa izenpetu du. Itun Ekonomikoaren aldaketaren hasiera ere onartu da, Nafarroak duen zerga-gaitasuna argitzeko eta zerga berriak adosteko asmoz. Aldaketa horiek Nafarroako Parlamentura eta Gorte Nagusietara helaraziko dira, behin betikoz onar dezaten.

Horrenbestez, batzorde negoziatzaileko kideek Nafarroako Lehendakari Yolanda Barcinak eta Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministro Cristóbal Montorok urtarrilaren 21ean hartutako akordioak berresten dituzte. Akordio horiek egun horretan bertan berretsi zituen Itun Ekonomikoaren koordinazio-batzordeak. 

Batzorde negoziatzailea gaur goizean bildu da Madrilgo Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren egoitzan. Nafarroako ordezkariak lehen lehendakariorde eta Ekonomia, Ogasuna, Industria eta Enpleguko kontseilari Lourdes Goicoechea; Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari-kudeatzaile José Raúl Goñi eta Nafarroako Parlamentuan dauden sei talde parlamentarioek izendatutako ordezkariak izan dira: Carlos García Adanero (Unión del Pueblo Navarro TP); Juan José Lizarbe (Nafarroako Sozialistak TP); Koldo Amezketa (Bildu-Nafarroa TP); Juan Carlos Longás (Aralar-Nafarroa Bai TP); Ana Beltrán (Nafarroako Talde Parlamentario Popularra); eta Miguel Izu (Izquierda-Ezquerra TP).

Estatuaren aldetik, honako hauek parte hartu dute: Administrazio Publikoetako estatuko idazkari Antonio Betetak; Aurrekontu eta Gastuen estatuko idazkari Marta Fernández Currasek; Ogasunaren Estatuko idazkari Miguel Ferrek; Aurrekontuen zuzendari nagusi Jaime Iglesiasek; AEATeko Plangintza eta Erakundeekiko Harremanen Zerbitzuko zuzendari Ángel Rodríguezek; Zergen zuzendari nagusi Diego Martín-Abril y Calvok; Autonomien eta Tokiko Koordinazioko idazkari nagusi Rosana Navarrok; eta Azterketa Finantzarioen eta Autonomikoen zuzendariorde nagusi Lía Torrentek.

BEZari buruzko aferaren amaiera 

Sinatutako akordioarekin, 2007-2011 bosturtekoan zehar BEZen itzulketa zela-eta sortutako aferari amaiera ematen zaio, Estatuko Zerga Agentziak enpresa bati egindako itzulketak, baina ondoren Nafarroako Zerga Ogasunari erreklamatu zitzaizkionak. Arbitraje Batzordeak afera hori aztertu ondoren, Estatuko abokatuak Auzitegi Gorenean errekurtso bat jarriko zuela iragarri zuen gai horren gainean erabaki zezan. Nolanahi ere, demanda ez zen gauzatu, koordinazio-batzordeak iragan urriaren 7an errekurtsoa etetea eta afera adostutako irtenbide bat bilatzea adostu ondoren.

Nafarroak eta Estatuak adostutako irtenbidearekin, Itun Ekonomikoaren legea aldatzen da xedapen gehigarri bat sartuz; haren arabera, Nafarroa eta Estatuaren artean sor daitezkeen gatazkak konpontzeko bideak jasotzen dira, administrazioarekiko-auzibidera jo beharrik izan gabe. Zehazki, dauden mekanismo orokorrekin osagarriak diren gatazkak konpontzen utziko da, kantitate handiko kasu berezietan (600 milioi eurotik gora), aferak dauden aldebiko organoek ezin izan dutenean konpondu, eta zergadunen jokabide zehagarriak ekartzen ez dituztenean.

Zerga-obligaziodunen esku jartzen den tresna da, Administrazioen arteko gatazka beste bide hori erabiliz konpontzeko eskatu ahal dezaten. Hala, estatu bereko zerga-administrazioen arteko desadostasunek zergadunentzat dituzten kalteak ekiditen dira, zergadunak Administrazio Publikoei ez dienean ezer zor zerga-betebeharra Administrazio Publikoren batekin bete dutenean.

Tresna berri horrekin, Foru Administrazioaren eta Estatuaren arteko zerga-arloko elkarrizketarako baldintzak hobetzen dira, gatazkak konpontzen uzten du eta, finkatutako sektore publikoko kontuetan eraginik izan gabe, segurtasun juridikoa kaltetzen dute eta enpresa-jarduerarako eragin txarra dute.

Zergen harmonizazioa

Batzorde negoziatzaileak zerga-arloan konpontzeke dauden auziak konpontzea ere adostu du: energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, eta kreditu-entitateetan gordailuak egiteari buruzko karga.

Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergan, Nafarroako Gobernuak hura arautuko duen foru-legearen proiektu berri bat izapidetuko du, 2012an jadanik Foru Parlamentura bidalitakoaren antzekoa.

Gainera, Nafarroako Gobernuak zerga-arloan lege-aldaketa bat izapidetuko du ere, PFEZ eta Sozietate Zergan beste kenkari bat sortuko duena, Nafarroako zergaren salbuespenaz baliatzen ziren energia-ekoizle txikiek orain kenkaria erabiliz egin ahal dezaten. Onura fiskal hori 2013. urtetik egingo da atzeraeraginezko ondorioekin (urte hartan sartu zen indarrean zerga) eta, hala, Nafarroako zergadun bat bera ere ez da kaltetuko.

Kreditu-entitateetan gordailuak egitearen gaineko zerga ere, 2014ko martxoan onetsita, Estatuko legerian harmonizatuko da eta, horrenbestez, Estatuak oinarrizko gai horretan errekurtsoa aurkeztea saihestuko da. Nafarroako Gobernuak zerga harmonizatzeko lege-proiektu bat izapidetuko du, tasak lurralde erkidean finkatutako mugen barnean ezarriz. Kasu horretan, karga horretarako Estatuak iragan uztailean finkatutako tasa % 0,03koa izan zen, Foru Parlamentuak onartutakoaren tasa bera.

Bi zerga horiek adosteaz gain, batzorde nagoziatzaileak hidrokarburoen zergaren harmonizazioa egokitzea berretsi du. Egokitzapen formal bat da, hidrokarburoen zergan hidrokarburoen txikizkako salmenten zergaren integrazioari erantzuteko (2013. urtetik). Bi zergak harmonizatuta eta adostuta zeuden dagoeneko eta, beraz, une hauetan legezko aldaketari baino ez dira egokitzen.

Gainera, 27. artikulua aldatzea adostu da, taldeek Sozietateen gaineko Zergan ordaindu beharreko zergari buruzkoa; hala, existituko dira soIlik, Nafarroako araudia aplikatzeagatik zergak ordainduko dituztenak, eta Estatuko araudia aplikatzeagatik zergak ordainduko dituztenak.

Nafarroarako bermeak 

Itunaren batzorde negoziatzaileak Itun Ekonomikoaren artikulatua aldatzea erabaki du ere, zerga-arloko auzi-kopurua argitu eta murrizteko. Itunaren egungo testuan argibideak eta zehaztapenak egitea da kontua, Nafarroak duen erabateko zerga-gaitasuna bermatzeko, Espainiako Konstituzioak eta indarrean dagoen legeriak dagoeneko aitortzen dutena; haren aplikazioa, ordea, ezbaian jarri dira Konstituzio Auzitegiak berriki emandako bi epairekin, auzitegi horrek egindako interpretazioak sortutako arazoak direla-eta.

Aldaketek egungo testuaren 2. artikuluan jasotako Nafarroako zerga-gaitasuna azpimarratzen dute, esatean Nafarroak Itunean aipatzen ez diren beste zerga batzuk finkatu eta arautu ahal izango dituela. Orain indarrean dagoen testuak "itundutakoak" ez ziren zergei buruz hitz egiten zuen, eta horrek Konstituzio Auzitegiaren interpretazioan arazoak eragin ditu; izan ere, iritzi zuen itundu gabeko zergak Itun Ekonomikotik at zeudela, eta Nafarroak ez zuela haiek finkatzeko gaitasunik. "Aipatuta" hitzak interpretazioko muga hori ekiditen du.

Halaber, 6. artikuluak bi Administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza hobetzen du, estatuak zerga berriak onartzen dituenerako harmonizazioa arinagoa izan dadin, eta Nafarroak zerga-arloan duen arautzeko gaitasuna berma dadin. Hala, Estatuak zerga berri bat ezartzeko lege-proiektu bat aurkezten denean, batzorde koordinatzailea deituko dela ezartzen da, Ituna Estatuak proiektatutako zerga berri horri nola egokitu ebaluatu eta aztertzeko. 

Aldaketa horiekin batera, batzorde koordinatzaileari eraginkortasun handiagoa ematea aurreikusten da, eskumenen egikaritzea eskuordetzeko azpibatzordeak sortuz, eta baita beste hobekuntza batzuk sartzea ere foru eta estatuko ogasunen harremanean, bi administrazioen arteko informazio-bideak finkatzeko.

Batzorde negoziatzailean adostutako Itun Ekonomikoaren egungo lege-aldaketa horiek guztiak Nafarroako Parlamentura eta Gorte Nagusietara helaraziko dira orain, izapidetu ditzaten eta ondoren onartu, indarrean sartu aurretik.

Batzorde Koordinatzailea 

Aurrez, Itun Ekonomikoaren batzordea koordinatzailearen bilkura egin da ere. Itun Ekonomikoaren finantza-eragina aztertu da batez ere bertan, eta sektore elektrikoari buruzko zergetatik sortutako konpentsazioak eta finantza-fluxuak adostu dira; hidrokarburoen gaineko zergaren zerga-tasa autonomikoak aplikatzeagatik izandako finantza-harremanak; hidrokarburoei buruzko zergaren zerga-tasa autonomikoak aplikatzeari buruzko saldoen informazioa eta zehaztapena trukatzeko prozedura; hidrokarburoen gaineko zerga itzultzea profesionalek erabilItako gasolioan; kirol eta ongintzazko apustuengatiko konpentsazioak eta Estatuko hipika-apustuak.

Bestalde, Itunaren aldaketan izan daitekeen testuari buruzko azterketa bat hartu da, gas, petrolio eta trinkotuak ateratzeko balioaren gaineko zergari egokitzeko, gaur egun Gorte Nagusietan izapidetzen ari den lege-proiektu batean ezarritako figura.

Nafarroaren aldetik, batzorde koordinatzailean parte hatu dute: lehen lehendakariorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilari Lourdes Goicoecheak; Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari-kudeatzaile José Raúl Goñik; Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko idazkari nagusi tekniko Pedro Ugaldek; Aurrekontuen zuzendari nagusi Juan Francok; Araudiaren Garapen eta Fiskalitate Zerbitzuko zuzendari José Javier Zabaletak; eta Itun Ekonomikoaren Zerbitzuko zuzendari Maite Dominguezek.

Estatuaren aldetik, honako hauek izan dira: Administrazio Publikoetako Estatuko idazkari Antonio Beteta; Aurrekontu eta Gastuen Estatuko idazkari Marta Fernández Curras; Ogasuneko estatuko idazkari Miguel Ferre; Aurrekontuen zuzendari nagusi Jaime Iglesias; AEATeko Plangintza eta Erakundeekiko Harremanen Zerbitzuko zuzendari Ángel Rodríguezek; eta Autonomien eta Tokiko Koordinazioko idazkari nagusi Rosana Navarrok.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa