(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Arreta-faltarekin eta hiperaktibitatearekin diagnostikatutako lau ikasletatik hiru mutilak dira

ostirala, 2015.eko maiatzak 8


Eskola Kontseiluak Nafarroako ikasleen % 2,75i eragiten dien sindrome horri buruzko txostena aurkeztu du


Arreta-faltarekin eta hiperaktibitatearekin diagnostikatutako lau ikasletatik hiru mutilak dira, Nafarroako Eskola Kontseiluak ostiral honetan aurkeztutako azterketatik ondorioztatzen denez.

ADHI, ANDAR eta Sarasate elkarteei lotutako 75 familia inguruk osatutako galdetegi batetik eta Hezkuntza Departamentuak emandako errolda-datuetatik abiatuz egindako txostenak ondorengoa adierazten du: diagnostiko-kopuruak "nabarmen" egin duela gora azken urteotan. 2009an kopurua mila ingurukoa bazen, lau urte geroago ia halako hiru zen (2.940 ikasle), hau da, unibertsitate kanpoko mailetako ikasleen % 2,75.

Hezkuntza-etapen arabera, diagnostikatutako ikasle-kopuru handiena Haur eta Lehen Hezkuntzan pilatzen da (1.219 ikasle), eta DBHn (1.234 ikasle); derrigorrezko hezkuntzaren ondokoetan kasu-kopurua nabarmen jaisten da (diagnostikatutako 487 pertsona).

Portzentajeen arabera, DBHn ikusten dira diagnostikatutako kopuru handiena (% 4,84); derrigorrezko hezkuntzaren ondokoetako etapetan, berriz, Hasierako Kualifikazio Profesionaleko Programetan (% 6,98).

Ikastetxeak aintzat hartuz, sare publikoak itunpekoak baino diagnostikatutako ikasle gehiego eskolatzen ditu (1.700 eta 1.240 ikasle, hurrenez hurren). Nolanahi ere, proportzionalki, itunpeko ikastetxeek publikoek baino portzentaje handiagoa hartzen dute (% 3,34 eta % 2,56, hurrenez hurren). Halaber, ez dirudi ikasleen maila sozio-ekonomikoak eta kulturalak "era hautemangarrian" eragiten duenik TDAHn.

Datu horiek guztiak txostenaren aurkezpenean eman dituzte Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari Pedro Gonzalezek, eta azterketaren egileek: Hezkuntza Departamentuko Ebaluazio Atalburu Ángel Sanzek; Nafarroako Unibertsitateko Raquel Artuch-ek eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko (CREENA) Isabel Aracamak.

Laguntza psikologikoaren onurak

Eskola Kontseiluko webgunean eskuragarri dagoen txostenak laguntza psikologikoak zer onura dituen aipatzen du. Hala, ondorioztatzen du, tratamendu psikologikoa jasotzen duten pertsonek botikak bakarrik hartzen dituztenek baino emaitza hobeak lortzen dituztela, oro har. Emaitza horiek are hobeagoak dira, gainera, gurasoak informazio-saioetara joaten badira.

Familiek emandako informazioaren arabera, tratamenduari esker, neska-mutilen bilakaera ona izan da azterketa hiru esparruetan (pertsonala, familiarra eta eskolakoa), eskolakoan bereziki. Beste aurrerapen batzuen artean, aipagarriak dira eskolakideekin "egoki" erlazionatzen direla, eta ikasle modura beren buruaz duten ikuspegia hobetu dutela.

Gainera, adierazi dute elkarteetara joan izanak beren seme-alaben jokabide, jarrera eta emoziozko erantzunak hobeto ulertzen lagundu diela. Halaber, eskolako alderdiak nola indartu ikasteko balio izan die eta eguneroko errutinak antolatzeko, bai eta seme-alabak ikasten duten ikastetxearekiko harremana hobetzeko ere.

Txostena

Argitalpenak Nafarroan TDAHek duen egoera aztertzen du askotariko ikuspegi batetik. Lehenik eta behin, estatistika-azterketa bat eskaintzen du eguneratutako datuekin. Jarraian, familiek desorekaren gainean duten hautematearen ikuspegi enpirikoa, hezkuntza-sistemak haren aurrean eman beharreko erantzuna, eta arrakastako lau esperientzia.

Estatistika-alderako, Eskola Kontseiluak Hezkuntza Departamentuaren laguntza jaso du, Nafarroan diganostikatutako 3.000 ikasle ingururen errooldako datuak emanez. Horri esker, diagnostikoek azken bost urteotan zer bilakaera izan duten jakin ahal izan da, ikasle bakoitzaren ikastetxe, hezkuntza-maila, sexu, sare eta ereduari lotuta.

Familien informazioa jasotzeko, galdetegi bat egin zen Nafarroako TDAH eko hiru elkarte handien laguntzarekin (ADHI, ANDAR eta Sarasate); haren barnean, adingabekoen banakako bilakaerari buruzko galderak sartzen ziren, elkarteetara joan aurreko eta ondorengoekin, bai eta haren ezaugarri pertsonalak ere. Horren ondoren, 75 familia elkartekide inguruk emandako erantzunen azterketa kualitatiboa egin zen.

Bestalde, atal bat gorde da hezkuntza-arlotik sustatutako neurrietarako TDAHi aurre egiteko. Bertan, lege-esparrutik eskolako esku-hartzeraino hartutako erabakiak aipatzen dira.

Azkenik, jardunbide egokien lau adibide ematen dira. Hiru, ADHI, ANDAR eta Sarasate elkarteek sustatutako berariazko programei dagozkie, eta laugarrena, Sarrigurengo Santa Maria la Real-Maristak ikastetxeko TDAH ikasleen artatze eta laneko programari.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa