(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

300 bat foruzain arduratuko dira egunero Sanferminetako segurtasunaz asteartea, 2015.eko ekainak 30


Berrikuntza modura, lapurretak eta ebasketak ekiditeko zaintza areagotuko dute, Foruzaingoak iaz jasotako salaketa penalen % 88 izan baitziren


Bilkura

Gobernuaren Ordezkaritzan gaur goizean egindako koordinazioko bilkuraren irudi bat. ( irudia handitu )

300 bat foruzain arduratuko dira egunero aurtengo Sanferminetako herritarren eta bideen segurtasunaz, eta ospakizunak normaltasun osoz egiten direla ere zainduko dute.

Guztira 750 agentek parte hartzen duten dispositibo hori iazkoaren antzekoa da, eta astearte honetan aurkeztu du Lehendakaritza, Justizia eta Barneko jarduneko kontseilari Javier Morrasek, Nafarroako Gobernuaren Ordezkaritzan segurtasun-indarrek egindako koordinazio-bilkuran. Bertan izan dira, besteak beste, Carmen Alba ordezkaria, eta Iruñeko Herritarren Segurtasuneko ordezkari Aritz Romeo.

Morras kontseilariak jakinarazitakoaren arabera, eta aurreko urteekin alderatuz berrikuntza modura, Foruzaingoak zaintza areagotuko du lapurretak eta ebasketak prebenitzeko, 2014ko jaietan, Foruzaingoak jasotako 700 salaketa penaletatik % 88 izan zirenak. Zehazki, 537 ebasketengatik eta 78 lapurretengatik jaso ziren.

Gainera, Foruzaingoak gomendio batzuk argitaratu ditu herritarrek behar besteko arreta jar dezaten ikuskizunetan eta jende asko pilatzen den lekuetan, lapurretak eta ebasketak ekiditeko, eta sexu-eraso bat jasaten bada ere. www.policiaforal.navarra.es webgunean argitaratutako gomendio horiek ere, Foruzaingoaren Twitter kontuaren bidez zabalduko dira (@policiaforalnav).

Agenteek beste eginkizun batzuk ere beteko dituzte festetan, oinezko patruilak eta ibilgailu bidezkoak hirigunean eguneko 24 ordutan; horrez gain, Agintaritzaren Ordezkari lanak ere beteko dituzte zezen-ospakizunetan, bide-segurtasuneko kontrolak Iruñeko sarbideetan edo segurtasun-lanak zezen-plazan egingo diren ekitaldietan.

Gogora ekarri behar da 2014ko jaietan, Foruzaingoak 63 pertsona atxilotu zituela hainbat deliturengatik, 700 salaketa penal jaso zituela, alkoholemiako 10.720 proba egin zituela (9 gidari inputatuta eta 59 salatuta) eta administrazioko 460 salaketa jarri zituela.

Prebentziorako eta herritarren arretarako lanak

Datozen San Fermin jaietan zehar, Foruzaingoak kontrolak egingo ditu Gaztelu plazan eta Sarasate ibiltokian Txupinazoaren aurretik, uztailaren 6an. Gainera, adierazi den moduan, patruila-lanak egingo ditu hirigunean eguneko 24 ordutan festak irauten duen bederatzi egunez, zaintza indartzeko helburuarekin eta herritarrek beraiek egindako eskaeren aurrean edo ofizioz (salmenta ibiltaria, gizalegearen udal-ordenantza betetzea, droga-trafikoaren aurkako borroka…) jardun ahal izateko.

Agenteek ikerketa kriminala ere egingo dute eta haien egileak atxilotuko, zorro-lapurrei, istilu eta borrokei arreta berezia eskainiz. Gainera, kanpaldi irregularrak kontrolatuko dituzte, bai eta kontrolik gabeko isuriak eta baimendu gabeko suak ere, Iruñeko berdeguneetan nahiz inguruetan.

Bestalde, Gaztelu plazan dagoen Foruzaingoko Herritarren Arreta Bulegoa, Nafarroako Jauregiaren etxabeetan, indartu egingo da festetan eta 24 orduko zerbitzua ematen jarraituko du. Salaketak jasotzeaz gain, bulego horrek Iruñeko Udalarekin lankidetzan ariko da galdutako objektuen bilketan.

Prebentzioko lanari dagokionez, jadanik egiten hasi dira. Hala, ekainaren 22tik aurrera eta uztailaren 5era arte, Foruzaingoak kontroleko dispositibo estatikoak jarri ditu, beste polizia batzuekin koordinatuta, Iruñeko sarbideko zenbait bidetan eta autobus- nahiz tren-geltokietan. Kontrol horien helburua drogak detektatzea eta substantzia estupefazienteak, armak eta lehergailuak detektatzea da. Indarkeriazko talde edo antolatutako taldetakoak diren pertsonen presentzia aztertzen dute ere. Horretarako, agenteek susmagarriak atxilotzen dituzte, eta izan ditzaketen aurrekariak edo eskakizun judizialak aztertzen.

Zezen-ospakizunak

Zezenaren Feriari dagokionez, Foruzaingoak Agintaritzaren Ordezkari modura jardungo du zezenak atera, pisatu, albaitarien azterketa eta haien bereizketa egiteko orduan, beste eginkizun batzuen artean.

Halaber, agenteek zezen-ospakizunak zuzen egiten direla zainduko dute, eta ordena mantentzeaz arduratuko dira zezen-kailejoian, plazan eta inguruetan. Iaz, agenteek 23 salaketa egin zituzten Zezenaren Feriako ospakizunetan. Gehienak zigor-burtzien gehiegizko zabaleragatik izan zen (haietatik 7), gehiegizko banderillengatik (5) , zezenari irteera estaltzeagatik (3) eta zezenaren inguruan birak emanez pikatzeagatik (3).

Foruzaingoak zezen-plaza ingurua kontrolatuko du ere zezenketetan sarreren birsalmenta eragozteko. Legez kanpoko jarduera hori hautematen bada, sarrerak kenduko zaizkie dagokion salaketa-akta eginez, eta hura Iruñeko Udalera igorriko da zehapen-espedientea ireki dezan.

Entzierroari dagokionez, Foruzaingoa, Iruñeko Udaltzaingoarekin lankidetzan, azken zatiko ordena bermatzeaz arduratuko da (Tejeria-Telefonica- Zezen Plaza) eta Zezen Ikuskizunen Araudia eta Entzierroaren Ordenantzaren Araudiaren jarraipen eta betearazpenaz.

Aurreko urteetan bezala,Foruzaingoak herritarren kontrol- eta segurtasun-lanak egingo ditu zezen-plazan egindako ekitaldietan, bertan ospatzen diren ekitaldietan gizalegezkoak ez diren jokabideak murrizteko asmoz. Beste batzuetan, esku-hartze gehienak harmailetatik jaurtitako objektuengatik egin dira, eta liskarrengatik.

Bide-segurtasuna

Bide-segurtasuneko jarduerei dagokienez, Foruzaingoak Bide Segurtasuneko Nafarroako Estrategiaren 2015eko Ekintza Planean aurreikusitako kanpainarekin bat egingo du; kanpaina horretan, Foru Komunitateko beste polizia batzuk ere parte hartuko dute, Guardia Zibilak, bereziki. Azken horrekin batera, Iruñeko irteeretan eta Iruñerrian alkohol eta drogen kontrolak egingo dira gehienbat.

Turistentzako liburuxkak

Azkenik, Foruzaingoak 2.000 triptiko argitaratu ditu lau hizkuntzetan (gaztelania, euskara, ingelesa eta frantsesa), San Fermin jaiak direla-eta Iruña bisitatuko duten turistentzako segurtasun-gomendioekin.

Ale horiek hotel eta kanpinetan banatzen ari dira, eta jaietan zorro-lapurrek egindako lapurretak eta ebasketak ekiditeko gomendioak jasotzen dituzte, pertsona gehien batzen diren uneetan, batez ere.

Liburuxka horietan, Foruzaingoak turistei beren objektuak ikusteko moduan izateko gomendatzen die, ezinbestekoa dena baino ez eramatea (identifikatzeko agiri bat eta beharrezkoa dirua bakarrik), eta bitxi, erloju eta baliozko beste objektu batzuk ez erabiltzea. Zorro, telefono mugikor, argazki-kamera, poltsa eta motxilekin arreta handia izateko gomendatzen du. Azkenik, ibilgailua ondo zaindutako lekuetan aparkatzeko proposatzen du, eta ekipajea edo baliozko objektuak ikusteko moduan ez uztea.

Lapurretaren bat izanez gero, Foruzaingoak ahalik eta bizkorren Gaztelu plazan kokatutako Herritarren Arreta Bulegoan salatzeko gomendatzen du. Horretarako, lapurreta nola gertatu den ahalik eta gehien zehaztea komeni da, eta telefono-zenbakia ematea agenteak salatzailearekin harremanetan jar daitezen beharrezkoa balitz ere.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa