(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Uxue Barkos Nafarroako Lehendakariaren karguaz jabetu da asteazkena, 2015.eko uztailak 22


Horretarako, hitzemateko formula erabili du, euskaraz eta gaztelaniaz


Transcripción textual del video

Uxue Barkos Berruezok Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren karguaz jabetu da gaur, uztailak 22, Nafarroako Parlamentuko atarian egin den ekitaldian, Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarez bertan zela. Ekitaldi horretan izan da ere, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministro Isabel García Tejerina, Ogasun eta Administrazio Publikoen ministro Cristobal Montororen izenean.

Uxue Barkos Nafarroako Lehendakariaren karguari zin egiten, Ainhoa Aznarez aurrean duela. ( irudia handitu )

Uxue Barkos Berruezok Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren karguaz jabetu da gaur, uztailak 22, Nafarroako Parlamentuko atarian egin den ekitaldian, Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarez bertan zela. Ekitaldi horretan izan da ere, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministro Isabel García Tejerina, Ogasun eta Administrazio Publikoen ministro Cristobal Montororen izenean.

Nafarroako agintari nagusiak eta Foru Komunitateko estamentu sozial, ekonomiko eta hezkuntzakoen ordezkariak izan dituen ekitaldia, 11:30ak aldera hasi da Nafarroako Gobernuko Tronpeta eta Tinbalen Bandak interpretatutako Nafarroako ereserkiarekin. Jarraian, Ganberako Mahaiko lehen idazkari Maiorga Ramirezek Uxue Barkos Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakari izendatzeko Errege Dekretua irakurri du; Barkos honako formula honekin jabetu da bere karguaz.

"Hitzematen dut Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, mantendu eta hobetuko dudala, Konstituzioari eta legeei men eginen diedala eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari karguari dagozkion betebeharrak leialki beteko ditudala".

"Prometo respetar, mantener y mejorar el Régimen Foral de Navarra, acatar la Constitución y las Leyes y cumplir fielmente las obligaciones del cargo de Presidenta de la Comunidad Foral de Navarra".

Hitzematearen ondoren, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarez-ek esku hartu du, eta hark adierazi du gertakari historikoa dela bi emakume izatea Nafarroako erakunde gorenen ordezkari, Parlamentua eta Gobernua; "erabateko nahiz muturreko demokrazia" nahi duela adierazi du, herritarrek bizitza publikoan eta politikoan parte hartuz, haiek duten erabakitzeko ahalmena berreskuratuz.

Nafarroako eskubide historikoen babes nekaezina

Jarraian, Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek bere agerraldia egin du, gaztelaniaz eta euskaraz. Nafarroan hasten den etapa berriaz aritu da, nafarrek hartutako erabaki subiranoaren emaitza, eta "hamarkadetan zehar Nafarroa aske eta solidario baten alde lan egiten dutenek lekukoa eman digutenei" aitortza egin die, bai eta fusilatutakoen seme-alabei ere, "diktadura baten errepresioa eta diskriminazioa pairatu zutenak, eta beren ideiak defendatzen jakiten zutenak gaur egun oraindik beren senideen gorpuzkiak ukatzen dizkien demokrazia batean". Beren bizitzarekin ere askatasuna eta aurrerabidea defendatu dutenak ere gogora ekarri ditu, "baina bizikidetzaren eskuzabaltasunarekin, eta beren ideiak inposatzeko edozein indarkeria-mota ukatuz eta salatuz".

Karguaz jabetzeko ekitaldia Nafarroako Parlamentuko atarian egin da ( irudia handitu )

Bere aita gogoratu ondoren, bere erreferentzia pertsonal eta politikoa izan dena, Uxue Barkosek adierazi duenez, Nafarroak "bakean elkarrekin bizitzeko aukera historikoa" du indarkeriaren gaitza jasan eta gero; "memoriaren aitortzatik, bakeari heltzera behartuta gaude heriotza gure artetik behin betiko uxatzeko eta ideien defentsa librearen alde eginez", liskarrak urrunduz eta bazterkeriarekin amaituz hizkuntza edo sinesmenengatik. Nafar guztien eskubide sozial eta zibil berberak izatearen alde egin du, gobernu-ekintzaren bidez lurralde-desorekak zuzenduz.

Barkos Lehendakariak aipatu du aldaketa honen indarra politika duin bihurtzeko ahalmenetik lortuko dela, besteentzako zerbitzua izanik, eta "partaidetza nahiz konpromisoaren eguneroko ariketa" modura; horrek konpromiso etiko eta eredugarria izatea dakar jokabide pertsonalak baliatuz, "zintzoak izanez, eta inguruan dugunaren zintzotasuna zainduz". Aldaketa hori erakundeetan parte hartzen dutenei bakarrik ez dagokiela esan du ere, baita gizarteari ere: "Nafar bakoitzak jakin behar du beraiek ere lan egin beharko dutela", arlo guztietako printzipio etikoak presente izanez.

Gogora ekarri du ere, Nafarroak errealitate historiko eta politiko modura duen berezitasuna, eta ez dena beti ikusia izan "akordioaren eta itunaren mahaiko beste aldean izan direnen aldetik"; haiei iragarri die "Lehendakari hau eta bere Gobernuan negoziatzaile nekaezinak aurkituko dituztela eskubide historikoen defendatzeko orduan"; "erantzukizunez heldu behar zaie eskubide horiei, eta inoiz ez pribilejio edo elkartasun eza modura".  

Jakinik "Nafarroan abertzale izatearen jarrera politikoa" ez datorrela bat gizartearen gehiengoarekin, honako hau azpimarratu du: "Foru Komunitate honetako emakume eta gizonek bakarrik erabakiko dute beren etorkizuna, inolako presiorik gabe eta kanpoko mendekotasunik gabe".

Bere borondatea erakutsi du ere, "aldaketaren energiak alderdien interesen eztabaidan gal ez daitezen". 

Bere agerraldia amaitu du esanez pobrezia Nafarroatik kanpo utzi nahi duela, enplegu betea lortu, era guztietako diskriminazioekin amaitu, nafarrek euskara bere hizkuntz senti dezatela, Nafarroa gizarte berritzaile modura erreferentzia izan dadila, bertako autogobernua zabaltzea, eta guztiek beren etorkizuna aske erabaki dezatela, bakean, XXI. mendeko Europaren barnean.

300 gonbidatu

Ekitaldian ia 300 bat lagun izan dira, haien artean, Nafarroako Parlamentuko eta Gobernuko lehendakari ohiak, jarduneko Gobernua, Gobernuko ordezkaria, Bozeramaile Mahai eta Batzordeko kideak, ganberako parlamentariak, eta Nafarroako diputatu eta senatariak. Merindade nagusi eta 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietako alkateak ere gonbidatuta zeuden, Nafarroako Kontseilu eta Kontuen Ganberako lehendakariak, Arartekoa, bai eta gizarte, enpresa, sindikatu, unibertsitate eta lankidetzako erakundeak ere, hautatutako lehendakariaren senide eta adiskideez gain.

Iruñeko Orfeoiak bi musika-pieza eskaini ditu: Jaurrietako Axuri Beltza ezaguna, karguari zin egin ondoren, eta Raimundo Lanasen "Navarra mía", Barkos Lehendakariaren agerraldiaren ondoren. Ekitaldia Duguna Dantza Taldeko kide baten aurreskuarekin amaitu da.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa