(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

% 48 egin dute gora doako laguntza juridikoa lortzeko eskaerek krisi ekonomikoa hasi zenetik asteazkena, 2015.eko abuztuak 5


Prozedura motei erreparatuta, behera egiten jarraitu du prozedura penalak, eta igo egin da familiako eta laneko gaiei loturikoen kopurua


Justizia Jauregia

Nafarroako Justizia Jauregia.

Nafarroako Gobernuko Justiziako Gizarte Zerbitzuak doako laguntza juridikoa lortzeko 8.629 eskaera izapidetu zituen iaz, 2013an baino zertxobait gutxiago, orduan 8.755 izan baitziren. Hala ere, 2007an krisialdia hasi baino lehen erregistratutako 5.816 espedienteekin alderatuta, igoera % 48koa izan da.

Egoera ekonomikoak zerbitzuaren eskaria handitzeaz gain, familiako (dibortzioak, banantzeak, etab.) eta laneko kontuekin (kaleratzeak, kopuruen erreklamazioak, etab.) erlazionatutako eskaerek ere gora egin dute. Hala, familiaren alorrekoak eskaera guztien % 42 izan ziren, eta lanaren alorrekoak eskaera guztien % 5.

Bi jurisdikzioen igoerarekin batera, prozedura penaleko eskaeren beherakada gertatu da. Dena den, eskaeren ia erdia izaten jarraitzen dute (% 48). Gainerako alorrak, hots, administrazioarekiko auzien eta atzerritarren alorrak, eskaera guztien % 3 eta % 2 izan ziren hurrenez hurren.

Doako laguntza juridikoa 2,5 milioi eurorekin finantzatu zuen iaz Nafarroako Gobernuak, eta familian IPREM (Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa) indizearen bikoitza baino urteko diru-sarrera txikiagoak dituzten pertsonentzat da. Hala eta guztiz ere, familiako egoera, seme-alaba kopurua, osasun-egoera eta abar kontuan hartuta, salbuespenak egiten dira, IPREM indizearen boskoitza baino errenta baxuagoak dituztenek ere baliatu ahal izan dezaten zerbitzua.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak kudeatzen du prestazioa. Aholkularitza- eta orientazio-zerbitzua ematen da prozesu judizialaren aurretik, abokatu baten laguntza atxilotuari, defentsa eta ordezkaritza prozedura judizialean, adituaren laguntza eta tasen eta eskubideen ordainketen salbuespen batzuk. Zerbitzuak Iruñeko, Tuterako, Lizarrako eta Tafallako abokatuen eta prokuradoreen elkargoek ematen dituzte.

Eskatzaileen profila

Honela sailkatu ziren doako laguntza juridikoa lortzeko 8.629 eskaerak: 5.910 Iruñean, 1.346 Tuteran, 815 Lizarran eta 558 Tafallan. Aurreko urteari dagokionez, zertxobait egin zuten behera hiriburuan erregistratutako espedienteek (-% 3,2), baina % 7 egin zuten gora Tafallan egindako eskaerek. Antzeko kopuruak izan ziren Tutera eta Lizarrakoak.

Eskatzaileen herrialdeei erreparatuta, 4.433 espainiarrak izan ziren (% 51,37) eta 4.196 atzerritarrak (% 48,63); aurreko urteko proportzioari eutsi zitzaion. Sexuari dagokionez, % 57,90 gizonak izan ziren eta % 42,10 emakumeak.

Iaz ebatzitako 7.796 espedienteetatik 6.119 kasutan (% 87,5) % 100eko laguntza juridikoa eman zen, 318 kasutan (% 4,5) abokatua izateko aukera besterik ez zen eman, eta gainerako 543 kasuak (% 8) baztertu egin ziren.

Eskaerak arloen arabera eta joera

Esan bezala, jurisdikzio penalekoak izan ziren eskaeren erdiak, nahiz eta alor horretako eskaerek behera egiten jarraitu; 2013ko eskaerekin erreparatuta, eskaeren kopuruak % 2 egin du behera. Prozedura laburtuek, aurretiazko eginbideek, betearazpen-prozedurak eta epaiketa azkarrak dira zerbitzu gehien sortzen dituztenak (% 82).

Familiako kontuekin erlazionatutako eskaeren artean, banantze- edo dibortzio-hitzarmenak arautzen dituzten baldintza ekonomikoen aldaketarekin erlazionatutako prozedurak dira gehienak, krisi ekonomikoarekin lotura handia baitute. Familia-epaitegietan izapidetutako prozeduren erdia baino gehiago dira horiek (% 54,3).

Arlo zibilean, gutxitu egin dira etxegabetzeko eta hipoteka betearazteko prozedurak, eta horrek ere zerikusi handia du krisi ekonomikoarekin. 2014an 375 espediente izapidetu ziren, 2013an 460 eta 2012an 461; hortaz, % 18,50 jaitsi da kopurua gutxi gorabehera.

Bestalde, lanaren alorreko kontuak (kaleratzeak eta gizarte segurantzako erreklamazioak, laneko istripuak edo laneko gaixotasunak) handitzen ari dira oraindik krisiaren ondorioz, eta kopurua bikoiztu egin da 2011tik. Iaz 451 espediente erregistratu ziren, hau da, % 10 baino zertxobait gehiago egin du gora kopuruak. Beraz, jurisdikzio horretan handitu da gehien eskaera kopurua.

Administrazioarekiko auzien alorrean, aurreko ekitaldian hasitako beherako joerak jarraitzen du. % 25 jaitsi da eskaeren kopurua: 2013an 333 espediente izapidetu ziren eta, iaz, 250.

Azkenik, atzerritarrekin lotutako espedienteek ere beherako joera izaten jarraitzen dute 2012tik, kasu honetan apalagoa izan arren. 2014an % 10,5 jaitsi ziren arlo horretako espedienteak aurreko ekitaldiarekin alderatuta (153 eskaera jasotzetik 137 eskaera jasotzera).

Zerbitzuaren finantzazioa

Nafarroako Gobernuak eman zuen iaz abokatuen eta prokuradoreen elkargoek eskaintzen duten laguntza juridikoaren zerbitzurako diru-laguntza, 2.538.884 euro hain zuzen (2013an baino % 2 gutxiago).

Kopuru horretatik 1,67 milioi euro ofiziozko txandari dagozkio, hau da, prozedura judizialean profesionalek egiten duten aholkularitza- eta defentsa-lanari. Beste 548.000 euro atxilotuari abokatuaren laguntza emateko dira, eta 312.000 euro elkargoaren kudeaketako azpiegitura-gastuetarako.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa