(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Ayerdi lehendakariordearen ustez, Nafarroak aurten beteko du % 0,7ko defizitaren helburua asteazkena, 2015.eko abuztuak 12


Helburua lor daitekeela uste du, estatuak aurreko urteetako likidazioei eta zergei dagozkien 73 milioi euro aintzat ez hartzeko konpromisoa betetzen badu.


Nafarroako Gobernuak, aurten, defizitaren helburua beteko duela uste du, hau da, aurtengo urtean defizita % 0,7koa izateko helburua, baldin eta estatuak aurreko urteetako likidazioen eta zergen ordainketari dagozkien 73 milioi euro aintzat ez hartzeko konpromisoa betetzen badu.

Hala esan du Manu Ayerdi lehendakariorde eta Garapen Ekonomikorako kontseilariak gaur goizeko Gobernuaren saioaren ondorengo prentsaurrekoan. Gobernuak diru-sarreren eta gastuen bilakaeraren jarraipen xehea egiteko asmoa duela ere azpimarratu du. Horretarako, hileroko azterlanak egingo dira. Alor ekonomikoko helburu nagusietako biren (2016ko aurrekontuak eta Zerga-erreforma) egutegia betetzeko asmoa ere nabarmendu du. Dagoenean lanean da bere departamentua proiektu bi horietan.

Horrez gain, irailean eragile ekonomiko eta sozialekin elkartuko dela ere iragarri du, beste erronka nagusietako batean aurrera egiteko, enpleguaren sorreran alegia.

Azaldu duenez, ekainera arteko datuen arabera, gobernuak 2015. urtearen amaierarako lortutako diru-sarrera ez-finantzarioak 3.327 milioi euro izango lirateke (hasierako aurreikuspenean baino 46 milioi gehiago), eta gastu ez-finantzarioak 3.499 milioi euro izango lirateke (aurreikuspenean baino 133,7 milioi euro gehiago). Bestalde, estatuko kontabilitatearen doikuntzak direla eta, 28 milioi euro ordaindu beharko dira (aurreikusitakoa baino 11 milioi gutxiago).

Datu horien arabera, urtearen amaierako defizita 200 milioi eurokoa izango da, BPGd-ren % 1,09. Hau da, estatuak zehaztutako % 0,7ko helburua baino handiagoa. Hala ere, Ayerdik azaldu duenez, helburua zehatz beteko da administrazio zentralak aurreko Gobernuari iragarritakoa betetzen badu, hau da, aurreko urteetako ekarpenen, eta hidrokarburoen edo energia elektrikoaren zergen ordainketei dagozkien 73 milioi euro zenbaketa osotik kanpo uzten badira. Datu horiek ikusita, 2016ko aurrekontuak kontuz eta zuhurtziaz egin behar direla azpimarratu du lehendakariordeak.

Larrialdi sozialeko premiei erantzutea

Bestalde, Miguel Laparra Eskubide Sozialetako kontseilariak 5 eta 11 milioi euro artean ezarri du Gizarte Integraziorako Errentaren erreformaren kostua, hau da, "aurreko gobernuak zehaztutako 34 milioi euro baino askoz gutxiago".

Halaber, bere departamentuak larrialdi sozialeko egoera nagusiei epe laburrean erantzuteko helburuari eusten diola iragarri du. Horri lotuta, mendetasunarekin eta enplegu-zentro bereziekin erlazionatutako laguntzak dagoeneko desblokeatu direla jakinarazi du, baita probrezia energetikoa, etxebizitzen beharrizana edo adingabeak haien kargu dituzten familiei laguntzeko ezohiko laguntzak nabarmen handituko direla ere.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa