(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Mende erdiz oroitu da gudu ospetsua ostirala, 2015.eko abuztuak 14


50 urte bete dira Ibañetako portuko Errolani egindako monumentua diseinatu zenetik. Cándido Ayestaránek egindakoa da, Administrazioaren Artxiboak jakin duenez.


Zirriborroa

Errolanen monumentua egiteko zirriborroaren perspektiba.

"Hil egin da nire iloba, Errolan zintzoa. Inoiz baino argiago dago: nik izan behar nuen hildakoa. (...) Zu hilik egonez gero, ez baitu deus balio Frantziak" izan zen Karlomagnoren arrangura Orreagako kantuan jasota dagoenez. Nafarroako Errege Artxibo Nagusian dago gordeta. Tradizioaren arabera, 778ko abuztuaren 15ean Orreagan gertatutako batailaren emaitza kontatzen du.

Mende batzuk geroago, Erdi Aroko literatura epikoaren paradigma den Errolanen kantua delakoan goraipatu zen gertaera. Ibañetako portuan jarritako Errolanen monumentua ere horien gomuta da. Duela 50 urte diseinatu zuen Cándido Ayestarán orduko Nafarroako Foru Aldundiko Arkitektura Zuzendaritzako arduradunak.

Horixe jakin du Administrazioaren Artxiboak dauzkan mapa eta planoak berrantolatu, digitalizatu eta katalogatu ondoren. Orain arte, handik gertu dagoen San Salvador ermitaren egilea jakin izan da, José Yarnoz Orcoyen, baina ez Karlomagnoren ilobari egindako monumentuarena.

Garai hartako Pirinioetako garapen turistikoko proiektuei eta Luzaideko Udala 1965eko Informazio eta Turismo Ministerioak antolatutako Espainiako herriak dotoretzearen saria eskuratzeko hautagai izanari dago lotuta monolitoa egitearen arrazoia.


Orreagako kantua

Orreagako kantuaren zati bat, Errege Artxibo Nagusian gordeta dagoena. ( irudia handitu )

Berez, Erdi Aroko San Salvador ermita zaharberritzeko eskaera egin zion Vianako Printzea Erakundeari. Baina ia erabat narriatuta zegoenez, beste bat eraiki behar izan zen, eta 1965eko uztailaren 25ean inauguratu zen, Santiago egunean. Luzaideko Bolantek emanaldia eskaini zuten.

Hala ere, Errolanen monumentua eraikitzeko proiektua bi urte gehiago atzeratu zen, administrazioko izapidetzak atzeratu zirelako. 100.692 pezetako kostua izan zuen, eta desagertutako mazo eta ezpaten kostua izan ziren kostu horretatik 15.600 pezeta (2005ean lapurtu zituzten). Ayestarán arkitektoak, proiektuaren egileak, CYDE, Empresas Reunidas S.L. enpresari eskatu zion granitozko monolitoa egin eta instalatzeko, eta inguruko lorezaintza gauzatzeko.

1967. urteko azaro hasieran, Administrazioaren Artxiboko agiriek diotenez, Foru Aldundiak monumentuaren zenbatekoa eta obra zuzentzeagatiko zerbitzu-sariak ordaindu zituen. Hortaz, ordurako jarrita zegoela ondoriozta daiteke.

Gudu ospetsua 

Orreagako gudua izenez ezagutzen den arren, baskoiek, beharbada musulmanek lagunduta, Errolan buru zuen armada karolingioaren atzeguardiari eraso egin zioteneko liskar bat besterik ez zen izan historikoki.

Hilabete batzuk lehenago, Karlomagnok Pirinioak zeharkatu zituen Ebroren arroko buruzagi musulman zenbaiten altxamenduari babesa emateko, Abd ar Rhaman I.a Kordobako emirraren aurka, Zaragozako plaza jasotzearen truke. Hiria ez zitzaionez eman, Nafarroako lurretatik joan zen armada frankoa, eta Iruñeko barruti harresitua suntsitu zuen. Atzeguardiak jasan zuen aipatutako segada mehargune batetik zihoala. Han erori zen Errolan, errege frankoaren iloba.

Orduz geroztik, Karlomagno izena, Ibañetako muinoan gurutze batez oroitzen zena (Karlosen gurutzea), inguru horri egon da lotuta.  Luzaide herriaren gaztelaniazko izena ere hari lotuta dago (Valcarlos, Valle de Carlos), baina, horrez gain, Orreagako kolegiataren inguruko eraikin zaharrena den Izpiritu Santuaren kapera edo Karlomagnoren siloa errege frankoak berak eraiki zuen, 778. urteko batailan hildakoak lurperatu eta gogoratzeko. Hala ere, Gran Enciclopedia Navarra entziklopediak dioenez, “ez dago tenplua XII. mendea baino lehenago eraiki zela egiazta dezakeen aztarna arkitektonikorik”.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa