(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentuan % 8,8ko jaitsiera izan da 2014an Nafarroako erretzaile berriei dagokienez

asteazkena, 2015.eko abuztuak 19


Lehen aldiz urte horretan, 5.000 pertsona baino gutxiago hasi dira erretzen


tabakoa

Tabakismoa jaitsi egin da Nafarroan.

Nafarroako lehen-mailako arreta-zentroek 5.000 erretzaile berri baino gutxiago zenbatu zituzten iaz; 4.733 pertsona, zehazki. Hau da, % 8,8ko beheranzko joera da aurreko urtearekin alderatuz; iragan urtean, 5.191 erretzaile berri izan ziren.

Azken urteotan, tabakismoaren aurkako borrokan aurrerapausoak eman dira osasun publikoko lehentasun modura, eta baita adostasun sozialean ere tabakoari mugak jartzeko beharraren gainean. Alde horretatik, aipatu behar da 2007. urtean 7.829 pertsonak hartu zutela erretzeko ohitura eta iaz, berriz, 4.733 izan zirela; hau da, % 40 gutxitu da. Zifra horiek pazienteek osasun-zentroan beren historia klinikoa egiteko emandako datuetatik lortzen dira.

Nafarroak, Osasunaren Mundu Erakundeak emandako arauei jarraiki, zenbait estrategia abian jarri ditu tabakismoari aurre egiteko; izan ere, ekidin daitekeen heriotza-tasaren lehen arrazoia da eta, gainera, gaitz kroniko ohiko askori lotuta dago. Nafarroa munduko bizi-itxaropen handieneko lekua da, baina bertako bilakaera negatiboaren adierazleen artean, tabakismoari lotutako tumoreen heriotza-tasari eusten zaiola nabarmendu behar da, bai eta emakumeengan minbizia-mota hori areagotzea ere.

Espainiako Osasun Inkestak emandako azken datuen arabera, Nafarroan 15 urtetik gorako pertsonen % 23,3k erretzen du egunero (% 25 gizonak eta % 21,8 emakumeak). Beheranzko joera agerian geratzen da, kontuan hartzen badugu 2006an egindako aurreko Espainiako Osasun Inkestan, erretzaileen kopurua % 25,6 zela.

Iaz, 20.693 erretzaile zeuden erregistratuta Nafarroako osasun-zentro guztietan. Tabakismoa talde sozio-ekonomiko guztietan murriztu da, baina errenta handi eta ertaineko taldeetan bizkorrago egiten du. Gizonek emakumeek baino gehiago erretzen dute adin guztietan, nahiz eta lehen aldiz neska gazteek erretzaileak diren mutilen portzentajea berdindu duten jadanik.

Erretzaile modura erregistratutako pertsonek % 63,8k laguntza-motaren bat jaso du; aipatutako pertsonetatik, % 96k gomendioa jaso du eta % 3,2k laguntza trinkoa. Erretzaile ohien % 56k laguntza-motaren bat izan du.

Nesken igoera mutilekin alderatuz

Nafarroan, gazteen % 21,3k egunero erretzen du. Portzentaje hori urtero jaisten ari da, nahiz eta jaitsiera handiagoa den mutiletan nesketan baino.

Aipagarria da bereziki, tabakoaren epidemiaren historian estreinakoz, sexuen arteko aldeak ia desagertu egiten direla. 2007an neskek baino gehiago erretzen zuten, baina azken azterketek adierazten dute ia-ia berdindu egin direla: 21,6 mutilak eta 21,1 neskak.

Nafarroako Gazteriaren eta Osasunaren Inkestak dioenez ere, 2013an egina, tabakoaren epidemiaren historian lehen aldiz neskek mutilek baino gehiago erretzen duten adin-talde bat dago; izan ere, 14-17 urte arteko taldean neska erretzaileak mutil erretzaileak halako bi dira (% 10,2 eta % 5,3). 14 eta 29 urte arteko tartean (% 21,3k erretzen du), ia berdindu egiten dira: % 21,6 gizonak eta % 21,3 emakumeak.

Egunero erretzen duten 18 urtez azpiko gazteen portzentajeak ere behera egin duen arren, 18 urtez azpiko biztanleen % 7,9k egunero erretzen duela aipatu beharra dago; emakumeen portzentajea gizonena halako bi da.

Hasi eta handik 20 urtera, azken datuek diote 15 urtetik gorako erretzaileen portzentajea % 23,3 dela (% 25 gizonak eta % 21,8 emakumeak); inoiz erre gabeko pertsonen kopurua % 47,5etik % 60ra igo da, eta datu hori oso positiboki baloratzen da.

Erretzaileak diren pertsonen portzentaje handieneko adin-taldea 24-29 artekoa da (% 31,1); mutilek neskek baino gehiago erretzen duten adin-talde bakarra da.

98 salaketa eta 51 isun iaz

2014an, 98 salaketa aurkeztu ziren Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan 42/2010 Legea ez betetzeagatik; lege hori tabakismoari aurre egiteko osasun-neurriei buruzkoa da, eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen ditu.

Salaketa gehienak–52, zehazki– legeak debekatutako tokietan tabakoa kontsumitzeagatik jarri ziren; 33 kasutan, taberna edo jatetxeetan; 7 kasutan, aisialdiko establezimenduetan; 6tan, ikastetxeetan; 2tan, osasun-zentroetan; beste 2tan, elikagaien establezimenduetan; eta beste 2 kasutan ere, gasolina-zerbitzuguneetan.

Aurkeztutako salaketetatik beste 26 seinaleztatze desegokiarekin lotuta zeuden, eta gainerako 16ak, aipatutako Legean jasotako arau-hausteekin.

Salaketa horiek guztiek 75 espediente irekitzea ekarri zuten, eta 51 isunekin amaitu ziren.

2014an, salaketak nabarmen murriztu ziren (% 60) aurreko urtearekin alderatuz (163 izapidetu ziren eta 105 isun jarri).

Aipatu beharra dago 2011. urtetik 543 salaketa aurkeztu direla Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan; haietatik, 312 isunekin amaitu zuten. Urte hauetan jarritako isunen zenbatekoa 66.114 euro izan da guztira, eta 2012an jarri ziren gehien (167 isun, eta 32.144 euro, guztira).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa