(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak Unibertsitateari gizartearen aitzindari izan dadin eskatu dio ostirala, 2015.eko irailak 11


Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasturtearen irekiera-ekitaldian izan da


nup

Ekitaldiko une bat. ( irudia handitu )

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2015-16 ikasturtearen irekiera-ekitaldia egin du ostiral honetan, irailak 11. Fernando Remacha ikasgelan antolatutako ekitaldiaren buru, El Sario eraikinean, Alfonso Carlosena unibertsitateko errektorea izan da, bai eta Nafarroako Gobernuko Lehendakari Uxue Barkos ere; azken horrek esan du hezkuntza inbertsio modura ulertzen duela, eta Unibertsitateak gizartearen aitzindari izan behar duela.

Lehendakariak agerraldian azpimarratu duenez, "hezkuntzak gizarte osoari argi eta garbi mesede egiten dio garapen sozial, ekonomiko, kultural eta demokratikoari laguntzen baitio". Adierazi du, halaber, "Unibertsitatea gizartearen aitzindari bihurtu behar dela, sare sozioekonomikoaren aurretik egon behar dela ikerketa eta garapen teknologikoan eta nahitaez berritzailea behar duela izan. Arlo guztietan bikaintasuna bilatu behar du etengabe, irakaskuntzan, ikerketan eta kudeaketan. Eta zerbitzua ematen dion gizarteari lotuta egon behar du. Lotura hori galtzen bada, bikaintasun horrek ez ditu emaitzak emango, eta unibertsitatea irla bat izango da".

"Politika publikoetan gizarte-mailako norabidea aldatzeko konpromisoa hartu duen gobernu baten buru naiz, hori ezinezkoa da gizarteak konplizitate handia ez badu, eta haren barnean, unibertsitateak zati garrantzitsua hartzen du", esan du Lehendakariak; erantsi du ere, "unibertsitatea leku egokiena dela gure bizikidetza antolatu behar den balioen gainean eztabaidatzeko. Unibertsitateak, gero eta gehiago, teknologiak –gailu teknikoetatik finantza-produktuetaraino– eta hura antolatu behar duten balioek gure gizartean bete beharreko lekuaren gainean eztabaidatzeko gune bihurtu behar du".


barkos

Lehendakaria bere agerraldian. ( irudia handitu )

Azkenik, Uxue Barkosek adierazi du "teknikoki egingarria den horretan bakarrik interesatzeaz gain, ikuspegi humano batetik desiragarria den horretan ere interesa duen unibertsitate batekin" amesten duela, "egitateak eta balioak, informazioa eta zentzua barneratzeko helburua duena".

Inaugurazioko irakurketa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko katedradun Manuel López-Amo Sainzen esku izan da, eta "Fotonika eta Argiaren Nazioarteko Urtea" izeneko hitzaldia eman du.

Errektoreaz eta Nafarroako GobernukoLehendakariaz gain, honako hauek bertaratu dira: Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarza; eta Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Alba Orduna. Haiekin batera, Foru Gobernuko bi lehendakariordeak: Manu Ayerdi Olaizola (Garapen Ekonomikoa) eta Miguel Laparra Navarro (Eskubide Sozialak), eta ondorengo kontseilariak: Mikel Aranburu Urtasun (Ogasuna eta Finantza Politika); María José Beaumont Aristu (Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barnea eta Justizia); Ana Ollo Hualde (Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanak); José Luis Mendoza Peña (Hezkuntza); Fernando Domínguez Cunchillos (Osasuna); Ana Herrera Isasi (Kultura, Kirola eta Gazteria); eta Isabel Elizalde Arretxea (Landa Garapena, Toki Administrazioa eta Ingurumena).

Haiei gehitu zaizkie: Iruñeko, Lizarrako eta Tafallako alkate Joseba Asiron Saez, Koldo Leoz Garciandia eta Arturo Goldaracena Asa, hurrenez hurren. Bertan izan dira ere, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakari Helio Robleda Cabezas; Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaechea; Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakari Joaquín Galve Sauras; eta Nafarroako fiskal nagusi José Antonio Sánchez Sánchez-Villares.

Bi lehendakari ohi

Talde politikoetako diputatu, senatari eta parlamentariak, Iruñeko zinegotziak eta erakunde ekonomiko nahiz sozialen ordezkariak izan dira, bai eta Nafarroako Gobernuko bi lehendakari ohi ere: Juan Cruz Alli Aranguren eta Yolanda Barcina Angulo, eta azken hori, katedradun izanik, togarekin azaldu da. Guztira, 400 bat pertsona izan dira ekitaldian.

Irakaskuntza aldetik, honako hauek hurbildu dira: Nafarroako Unibertsitate Publikoko aurreko errektore Julio Lafuente López; Nafarroako Unibertsitateko errektore Alfonso Sánchez Tabernero; UPV/EHUko errektoreorde Fernando Plazaola Muguruza; eta Iruña zein Tuterako UHUNeko zuzendari José Luis Martín Nogales eta Luis J. Fernández Rodríguez, hurrenez hurren.

Irakaskuntzako segizioaren desfilea

Ekitaldia eguerdiko 12etan zabaldu da irakaskuntzako segizioaren desfilearekin, aurretik Mauro Malvè banderaria (Ingeniaritza Mekaniko, Energetiko eta Materialen Departamentuko irakaslea) zuela. Togadun irakasleak Fernando Ramacha ikasgelara joan dira Nafarroako Goi Kontserbatorioko Metalen Taldeak "Marcha para la entrada del Reyno" interpretatzen zuen bitartean (anonimoa, XVIII. mendea). Ondoren, Unibertsitateko idazkari nagusi Inés Olaizola Nogalesek 2014-2015 ikasturteko memoriaren laburpena irakurri du.

Jarraian, Manuel López-Amo Sainz katedraduna fotonikaren (argiari buruzko zientzia eta teknologia) gaineko inaugurazioko irakurketaz arduratu da, gai horren Nazioarteko Urtea dela kontuan hartuta, 2013an NBEak erabaki zuen moduan. "Fotonika eta Argiaren Nazioarteko Urtea" izeneko bere agerraldian, adierazi du zientzia hori "hasiera fasean dagoela". "Horren adibidea da 2013ra arte ez dela Europa garatzeko funtsezko sei teknologietako bat izendatu".

Hizlariak fotonikaren historia eta haren aplikazio batzuk errepasatu ditu, esaterako: komunikazio optikoen sareak, zuntz optikoko sentsoreak, laser-kirurgia edo eguzki-zelulak. "Argiaren zenbait propietate berriki erabiltzen hasi dira, eta fotonikak aukera asko ematea espero da konputazio, sentsore, kriptografia eta telekomunikazio-sareetan", azaldu du bere agerraldian.

Unibertsitateko langileentzako omenaldiak

Horren ondoren, erakundean 25 urte lanean betetzen dituzten 85 pertsona omendu dira (haietatik 27 bertaratu ezina agertu dute), bai eta 2014ko irailaren 1etik 2015eko abuztuaren 31 bitartean erretiroa hartutakoak ere (haietatik 6 bertaratu ezina justifikatu dute).

Jarraian, Alfonso Carlosenak hitza hartu du. Errektoreak bere agerraldian Unibertsitatearen kontzeptuaren gaineko hausnarketa egin du hezkuntza-sistema eta lanbide baten egikaritzearen arteko "muga" modura; ezagutzaren sorreraren eta haren gauzatzearen artean pertsonentzat erabilgarriak diren aurrerabideetan; eta pentsamendu-forma berrien eta haiek gizarte justuago batean duten adierazpenaren artean. Carlosenak honako hau defendatu du: NUPek irekia eta mugako gune hori izan behar duela, eta bertan Nafarroako gizarteak bertako herritarren prestakuntza-maila handiagoa izan dadin lortu behar duela.

Alde horretatik, errektoreak "gizartearen erabateko babes osoa" eskatu du NUPen ezagutza sortzeko gaitasun-efektua biderkatzeko, talentua finkatu eta gehiago erakartzeko, foru-komunitatearen garapenean lagunduko duten oinarri teknologikoko enpresak sortzeko, edo gazteek beste kulturekiko duten pentsamendua zabaltzeko haien nazioartekotzeari bultzada bat emanez. Carlosenak adierazi du NUP ezin dela gastuaren aurrekontu-lerro baten modura aurkeztu, "inbertsio onena" balitz bezala baizik; hala, Gobernuari, udalei, erakundeei eta enpresa pribatuei dei egin die helburu horiek erdiesteko tresnak abian jar ditzaten.

Azkenik, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakari Uxue Barkosek bere diskurtsoa irakurri du eta, haren ondoren, 2015-16 ikasturtea inauguratu da ofizialki.

Nafarroako Musikako Goi Kontserbatorioko Metalen Taldea aritu da musika-arloan, Miguel Sansiñena Vergararen zuzendaritzapean, bai eta Nafarroako Ganberako Abesbatza ere, David Guindano Igarreta zuzendari zuela. Honako pieza hauek jo dituzte: Himnus "De comune Martyrum" (Michael Navarrus doinu gregorianoaren gainean), "De colores" (Fernando Remachak harmonizatutako herri-doinua), "Jeiki, Jeiki!" (Aita Donostiak harmonizatutako herri-doinua), "Gaudeamus Igitur";"Música para los reales fuegos artificiales"-en obertura (G. F. Haendel); "Rondeau" (Jean-Joseph Mourer), "Pompa y Circunstancia" (Edward Elgar) eta "Trumpet Tune" (Henry Purcell).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa