(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gripearen aurkako txertaketa-kanpaina hasiko da Nafarroan, eta 120.000 bat pertsonari eragingo die asteartea, 2015.eko urriak 13


Dominguez kontseilariak txertoa La Milagrosa osasun-zentroan hartu du gaur goizean 


Osasuneko kontseilari Fernando Dominguez gripearen aurkako txertoa hartzen. ( irudia handitu )

Gaur, asteartea, hasiko da Nafarroan 2015-2016ko urtaro-gripearen aurkako txertaketa-kanpaina. Urtero bezala, udazkenean egin ohi da, 120.000 bat pertsonari eragingo die eta azaroaren 27an amaituko da.

Osasuneko kontseilari Fernando Domínguez izan da txertoa hartzen lehenengoetarikoa eta, horretarako, La Milagrosako osasun-zentrora joan da. Nafarroako Diabetikoen Elkarteko (ANADI) Humberto Pérez de Leiva eta La Milagrosa osasun-zentroko mediku Maite Gazteluk ere hartu dute; azken bi horiek txertoa hartzea bereziki gomendatzen zaien arrisku-taldeko ordezkariak dira.

Txertaketaren helburua gaixotasunak Nafarroako biztanleengan eta heriotza-tasan ahalik eta eragin txikiena izatea da, honako hauek immunizatuz: pertsona ahulenak nahiz gripeak ondorio sozial handiagoa eragin diezaiekeen pertsonak.

Xede horretarako, eta aurreko urteetan egin den bezala, kanpaina honako hauentzat da: 60 urtetik gorako adinekoak, gaixotasun kroniko kardiobaskularrak edo biriketakoak dituztenak, metabolikoak, giltzurrun-gutxiegitasuna dutenak edo immunodeprimituak, haurdun dauden emakumeak, tutoretzapeko etxebizitzetan bizi direnak edo komunitateko egoitzetan bizi direnak. Aldi berean, osasun-zerbitzuek pneumokokoaren aurkako txertoa jartzen diete 65 urtetik gorako adinekoei eta aurrez hartu gabeko arriskuko pazienteei; izan ere, txerto hau bizitzan behin baino ez da hartzen.


Gripearen aurkako txertaketa-kanpainaren kartela.

Aipatutako arrisku-taldeez gain, kutsatuz gero konplikazioak izateko arrisku handia dutenei gaitza kutsa diezaieketen pertsonek ere txertoa hartzea gomendatzen da: osasun-zentroetako langileak, geriatriako erakundeetakoak edo arrisku handiko pazienteei etxez etxeko zaintzak ematen dituzten pertsonak. Gomendio horrek ere balio du oinarrizko zerbitzu publikoetan lan egiten dutenentzat (segurtasun-indarrak, suhiltzaileak, babes zibileko zerbitzuak...). Aipatu beharra dago, 2009. urtetik aurrera, hezkuntzako profesionalen taldea ez dela arriskuko taldetzat jotzen.

120.000 dosi 336.960 euroko kostuarekin

Urtaro-gripea airetik kutsatzen den gaixotasun infekzioso birikoa da. Bat-batean hasten da, egun batetik hirurako denbora-tartean inkubatzen da, eta gaixotasuna hasten denetik 3 egunetik 5era kutsatzen. Honako sintoma hauek ditu: sukar handia, osasun-egoera orokorrari eragiten dio, buruko minak eta giharretakoak, sudurreko kongestioa, eztarriko narritadura eta eztula, besteak beste. Normalean, inolako ondoriorik utzi gabe desagertzen da, baina adinekoen edo gaitz kronikoak dituztenen kasuan larriak izan daitezkeen gaixotasunak eragin ditzake.

Kanpainarako, Osasun Departamentuak 120.000 dosi ditu (aurrekoan 117.415 dosi eman ziren), 336.960 euroko kostuarekin (2,8 euro unitateko). Txertoaren osaera hiru birus-motari aurre egiteko prestatuta dago: A/California/7/2009 (H1N1)pdm09-ren antzeko virusa; A/Switzerland/9715293/2013 (H3N2)-ren antzeko birusa; eta B/Phuket/3073/2013-ren antzekoa.

Txertaketa osasun-zentro eta kontsultategietan egiten da. Osasun-profesionalak beren lantokietan har dezakete txertoa, eta egoitzei nahiz beste era bateko erakundeei ere ematen zaizkie.

Gainera, Nafarroako Gobernuko webgunearen barneko atal batean, gripeari buruzko informazioa ematen zaio herritarrari (ohiko galderak, zer egin gaixotuz gero, prebentziozko neurriak…). Gripearen aurkako txertoari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, mediku-kontsultako edo ohiko osasun-zentroko langileengana jo behar da.

2014-15 denboraldiko balantzea

Iragan denboraldian, 16.874 gripe-kasu izan ziren Nafarroan, 27 kasu 1.000 biztanleko, hau da, intentsitate ertaineko gripetzat jotzen da. Kopuru guztitik, 249 paziente ospitaleratu ziren, aurreko sasoian baino gutxiago (338). Halaber, zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutakoen kopurua jaitsi egin zen: 32, 2013-2014an eta 12, 2014-2015ean. Gripea izandako 17 paziente hil ziren ospitalean.

Adinen arabera, eragin-tasa handiena 5 eta 14 urte arteko haurrengan izan zen; ondoren, 0-4 urte artekoengan eta heldu gazteengan, eta 60 urtetik aurrerakoengan jaitsi egin zen. Aurreko sasoiekin alderatuz, tasak handiagoak izan dira 45 urtetik gorako adin-talde guztietan.

Gripe-uhin hori berandu samar agertu zen eta ohi baino gehiago iraun zuen. Epidemiaren atalasea (50 kasutik gora 100.000 biztanleko) 12 astetan gainditu zen, urtarrileko 2. astearen eta martxoaren amaieraren artean. Bi eragin-maila goren izan ziren urtarrilaren 27tik otsailaren 2ra, eta otsailaren 10etik 16ra, 373 eta 362 kasurekin 100.000 biztanleko, hurrenez hurren; tasa hori aurreko sasoikoa baino askoz txikiagoa da, orduan 507 kasu izan baitziren 100.000 biztanleko (2014ko urtarrilak 13-19).

Gripeak Nafarroan izandako eragina Gripea Zaintzeko Sare Zentinelak jarraitzen du; sare hori Lehen Mailako Arretako 70-80 medikuk eta pediatrek osatzen dute urtero, eta 100.000 pertsona ingururi ematen die estaldura. Izandako gripe-kasuak jakinarazteaz arduratzen da, bai eta laginak hartzeaz ere laborategietan erabakiak hartzeko eta datuen estatistikak aztertzeko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa