(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Denboraren kontzeptua izanen da atzera begirako tematikoa Punto de Vista zinema jaialdian

astelehena, 2015.eko azaroak 16


Jaialdiaren urteko maiztasuna eta egoitza berria sendotuta, Jean-Daniel Polleten zinemari buruzko ziklo bat programatuko da, La Région Centrale filma proiektatzeko, besteak beste, Michael Snow bertan dela


Jaialdiko kartela. ( irudia handitu )

Nafarroako Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren X. edizioa eginen da 2016ko otsailaren 8tik 14ra. Horrenbestez, urteko maiztasuna finkatu, eta jardueren egoitza bakarra Baluarte izanen da aurten ere, Nafarroako Biltzar Jauregia eta Auditorioa alegia. Hamargarren urteurrena ospatzeko, Punto de Vista jaialdian denboraren kontzeptua izanen da atzera begirako tematikoa; Jean-Daniel Pollet zinegile frantsesaren ziklo bat programatuko da, eta haren baitan pelikula mitiko bat proiektatuko da, La Région Centrale, zeinaren zuzendaria, Michael Snow kanadarra, Iruñera etorriko baita emanaldian parte hartzera.

Krisia dela eta, zenbait urte zalantzaz beteta eman ondoren, jaialdia urtekoa izatera itzuli zen 2015ean, eta maiztasun hori sendotu eginen da 2016an. Izan ere, jaialdiaren historia osoan 2015ekoa izan da nazioarteko bisitari gehien erakarri dituen edizioa, ikusle gehien izan dituena eta hedabideetan presentzia handiena izan duena.

Michael Snow (La région centrale)

Michael Snow zinegile kanadar handia Punto de Vista Jaialdiaren urteurreneko gonbidatu nagusietako bat izanen da. Jaialdia sortu zenean  haren pelikula mitikoenetako baten izena hartu zuen jaialdiko atal esperimental eta berritzaileena izendatzeko, zuzendari honen zinema motari omenaldia eginez. La Région Centrale Snow-ren beraren zinematik gertuen dauden proposamenak hartzeko aterpea izan da jaialdian; zinema honek bere buruaz ere galdetzen du, bere funtsetik bertatik, eta ardatz bat da Punto de Vista jaialdiaren espirituan eta filosofian.

Azken edizioan, berriz, izen hori hartu genuen Sekzio Ofiziala izendatzeko, eta halaxe da ezaguna gaur egun: La Region Central, forma eta eduki berrien ausardia eta esperimentazioa lehia nagusian aurkezten diren pelikulekin uztartzeko asmoa adierazteko. Horregatik, Michael Snow-ren filma Punto de Vista Jaialdiaren 10. ediziorako oparirik onena da; jatorrian omenaldi gisa jarritako titulua izan zen, eta urtebetetze honetan ospakizunetarako pelikula bat izanen da, edizio berrian toki benetan berezia izanen duena. Are gehiago, egilea, Michael Snow, Iruñera etorriko baita filma aurkeztera eta masterclass bat ematera pelikula ikusi eta biharamunean.

Michael Snow (Toronto, 1928) arlo askotako proiektuak egin ditu: eskultura, pintura, argazkigintza, holografia, instalazioak, liburuen argitalpena, bideoa, zinema edo musika, eta zinea egiteko bere modu berezian diziplina horiek guztiak laburbiltzen ditu. Etiketa bakar batean definitzea ezinezkoa izanik, begirada eta proposamen muturrekoa eta independentea du, bizirik dagoela kultuko zinegile bihurtu dutenak, merezimendu handiz. Sari ugari jasoa da, besteak beste Frantziako Arte eta Letren Ordenako Zalduna (1995) da, eta haren lana New Yorkeko MoMAko edo Parisko Georges Pompidou zentroko bildumetan dago.

La Région Centrale (1971) monumento zinematografiko apartekoa da, eta, beraz, 2016ko Jaialdiaren emanaldi berezietako batean ikusiko dugu, Punto de Vista zinemaldiko aretorik onenean: Baluarteko Ganbera Aretoan, proiekziorako baldintzarik onenekin eta 444 ikuslerentzako tokiarekin. Gure herrialdean oso gutxitan ikusi den eta dagoeneko mitiko bilakatu den film honetan ez dago ekintza fisikorik ezta gizakiaren presentziarik ere, naturaren eta makinaren arteko jolas sekulakoa besterik ez gure begien aurrean. Filmerako propio asmatu eta eraikitako kamera batekin egin zen, norabide guztietan mugi daitekeen tramankulu bat: horizontalean, bertikalean, aldeetara edo espiralean, pelikula etengabeko mugimendua da, espazioan barna, basamortu batean, Québec-eko probintzian, Sept-Iles-etik 150 kilometro iparraldera: ordoki moduko bat da, zuhaitzik gabekoa, inguruetako mendien ikuspegi zirkular zabal batera irekia. Hori ikustea esperientzia historikoa da, oroimenean zinemaren mugarri bat ezartzen duena, ahantzezina eta liluragarria.

Gaur arte, La Région Centrale pelikularen bi emanaldi baizik ez dira egin gure herrialdean, biak Bartzelonan.

Ten years solder atzera begirakoa

Jaialdiaren hamargarren urteurrena dela eta, aurtengo atzera begirakoak denbora izanen du gai nagusi, hain zuzen ere zinema dokumentalak bere lehengai eta kontzeptu nagusietako ezartzen duen harremana eta jolasa: Denbora. Argi dago pelikula guztiak denboraz eginik daudela, eskulturak brontzez edo buztinaz eginik daudela diogun bezala, baina pelikula batzuek beste batzuek baino denbora gehiago dute, eta horietaz arduratuko da ziklo hau, bertan eginen zaie toki. Pelikula batzuetan tik-tak hori ozenagoa da, unean unekoaz eta betierekoaz hausnarketa zuzenagoa eskaintzen diguten proposamenak, betiere jakinik Denbora atzemanezina dela hitzen mundutik, San Agustinek zioen moduan. Irudien mundutik ere, beharbada.

Zinema eta denbora elkarrizketan aritzen dira, dantzan, eta, batzuetan, borrokan. Aipatutako hurbilketa guztiak aztertuko dira Ten years older izena daraman zikloan, Punto de Vista jaialdiaren urtebetetzeari aipamena eginez eta omenaldia, berriz, Herz Franken film handiari; zuzendaria Iruñeko jaialdira etorri zen 2007an, harribitxi bat aurkeztera, txotxongilo ikuskizun baten aurrean hamar minutu zahartzen den ume baten aurpegiaz egindakoa.

Ten years older zikloko pelikuletan aurrenekoz filmatu eta hainbat urtetara berriz bisitatzen diren tokiak edo gaiak agertzen dira; gizakiaren adinen igarotzea erakusten duten filmak, eta zinemaren adinaz beraz hausnartzen duten beste batzuk; bizitza toki zehatz batean lau urtaroetan erakusten duten dokumentuak, edo planoaren iraupenarekin, flashback-arekin, errepikapenarekin, elipsiarekin eta zinemak denbora harrapatu eta menperatzeko erabiltzen dituen beste arma batzuekin esperimentatzen duten filmak.

Pollet. Etxea eta mundua

Jean-Daniel Pollet (1936-2004) Frantziako XX. mendeko bigarren erdialdeko zinemako sekretu gordeenetako bat da. Bere lehen film laburra, Pourvu qu’on ait l’ivresse, Veneziako Jaialdian saritu zuten 1958an, eta Jean-Luc Godard-en iritziz egiazko zinegile baten sorrera ekarri zuen. Hogeita bat urte zituen. Esploratzaile nekaezina, estreinako esperimentu harrezkeroztik -begiradekin kontatutako historia bat, bere aktore kuttuna Claude Melki protagonista zuena- egindako proiektu berri bakoitza forma zinematografikoari buruzko hausnarketa berezi bat izan zen, gai sorta mugatu baten berrikuspen etengabearen barruan; gai horien artean Greziak ardatz lana egiten du.

Frantziatik kanpo, zinemazaleek pelikula batengatik diote miresmena Polleti: Méditerranée (1963), luzera ertaineko pelikula bat, harrigarria, obsesiboa, irudia hitza eta sekuentzia esaldia duen bilaketa formal batean oinarrituta. Mediterraneoari eta haren kulturei buruzko film bat, biziaren eta heriotzaren inguruko irudi erritualak erabiliz eraikia, irudi errepikatuak eta konbinaketa berrietan berrantolatuak, alfabeto filmiko berri baten bila. Cahiers du cinema aldizkarian txosten berezi baten gaia izan ondoren, pelikula handitzen joan zen zinegileen belaunalditik belaunaldira, kultuko pelikula bat bihurtu arte, zinemaren historiaren mugarri bat.

Baina Polleten zinema ez da hasten ez amaitzen Méditerranée pelikularekin. L'Ordre (1974) pelikularekin ere ez, Greziako Spinalonga irlan bakartuta zeuden legendun batzuei buruzko pelikula funtsezkoa. Polleten zinea bi bide paralelotik doa 1958an errodatu zuen lehen film labur hartatik: bi bide, aurkakoak baina elkarren osagarriak, hein batean, egileak errealismoaren eta abstrakzioaren artean ezartzen zuen oposizioaren barrenean.

Neurri handi batean Polleten zinema sekretua da Frantziatik kanpo bere pelikulen edizio azpititulaturik ez dagoelako eta oso gutxitan egiten direlako emanaldiak bere herrialdetik kanpo. Horregatik, harro gaude, Punto de Vista Jaialdiaren hamargarren urteurrenean aurkeztu behar dugulako zinegile honi buruz 2004an hil zenetik munduan egiten den lehen atzera begirakoa; Pollet esperimentatzaileena ikusiko dugu, garapen sortzaile esplizitua erakusten duen programa bat barnean: saioz saio irudiak eta ideiak agertzen eta berriz agertzen joanen dira, etengabeko berridazketa eta berrirakurketa kritikoa egiten, aurreko guztia bere baitan bildu nahi duen lan benetan erakargarri bat. Bidaia eta bakartzea nahasten dituen dialektika bat da testuingurua, trantzea eta gelditasuna, inflexio puntua 1989ko tren istripu batean duena: ordutik aurrera, Mediterraneoaren memoria filmatzeko 35.000 kilometroko ibilbidea egindako zinegilea bere etxeko lurralde mugatuan geldituko da; bertan eta bertatik atera gabe asmatuko du bere zinemarako aukeraz betetako etapa berri bat.

X. ediozioaren afixa

Izenbururik gabea, zuri-beltzekoa, anonimoa, 2016ko Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia iragartzeko aukeratu dugun argazkia 50eko hamarkadan aterea da, Frantziako haitzulo batera egindako bisita turistikoan. Ezer gutxi dakigu argazkiaz, beraz. Moja talde bat ageri da bertan, txalupa batean, Okzitaniako Pirinioetan dagoen Padirac haitzuloko aintziretako bat gurutzatzen. Ziurrenik kanpoan saltzen ziren argazki horietako bat zen, baina destinoak eta denborak Parisko antzinako objektuen merkatu batera eraman zuten irudia, eta han aurkitu zuten jaialdiaren arduradunek joan zen udan.

Aurkezpen Bideoa

Postal zahar bat da, 1910ekoa, eta bertan adaburu oparoko zuhaitz bat, errota bat eta bi pertsonaren soslaia ikusten dira, azken horiek irudi osoaren eskala adierazten dutenak. Eta lasaitasun horren erdian, bat-batean zuhaitzaren adaburua bizirik dago, eta haizeak kulunkatzen du, argazkiaren gainerakoa iraganean izozturik jarraitzen duen bitartean. Ikusizko jolas horrekin sortu dugu Punto de Vista Jaialdiaren hurrengo edizioaren sarrera. Bideo hipnotiko bat, X. edizioko gai zentrala ezin hobeki islatzen duena: denbora. David Claerboutek egin du, diziplina arteko artista belgikar batek, denboraz etengabe hausnartzen duena museo handietan eta arte zentroetan instalazio gisa erakusten diren pelikuletan. Punto de Vista Jaialdiak proiekzioen abiapuntu gisa emanen duen pieza Claerbouten iraupen luzeko bideo-instalazio baten pasarte bat da: Ruurlo-Bocurloscheweg 1910-1917.

Boluntarioen kanpaina

Punto de Vista Jaialdiak boluntarioak erakartzeko kanpaina berri bat hasi du, X. edizioan zeregin hauetan aritzeko: aretoko laguntzaileak; prentsa eta komunikazioa; gonbidatuei arreta ematea; jendeari arreta eta informazioa ematea.

Boluntarioa izateko 18 urtetik gorakoa izan behar da, eta, kasu batzuetan, ongi jakitea hizkuntza hauetako bat: euskara, ingelesa, frantsesa edo alemanera. Jaialdiko boluntarioa izateko interesa duenak jaialdiaren web orrian dagoen inprimakia bete beharko du 2016ko urtarrilaren 10a baino lehen.

Boluntarioen taldeko kide izateko boluntarioa izateak dakartzan konpromisoa eta betebeharrak onartu, eta Jaialdian lan txandaren bat egiteko prest egon beharko duzu. Boluntarioen lanaldiak bost ordukoak izanen dira gehienez egunean. Boluntarioak erantzukizun zibileko aseguru batek babestuko ditu, eta jaialdirako akreditazio bat izanen dute, boluntario lana bete duten ordutegitik kanpo pelikulak ikusteko, betiere sarrera hartu ondoren, ikusleentzako dagoen tokiaren arabera. Jaialdia amaitu ondoren boluntario guztiek jaialdian parte hartu izanaren ziurtagiria jasoko dute.

Interesa dutenek esteka honetan eman dezakete izena boluntario izateko:

http://puntodevistafestival.com/es/voluntarios.asp

Inskripzioen marka hautsi da

Punto de Vista Jaialdian 1.378 pelikula erregistratu dira, dokumental luzeak eta motzak, aurten parte hartzeko hurrengo ediziorako hautapen prozesuan. Kopuru horrek jaialdiko historiako marka hautsi du; iaz 1.237 pelikula izan ziren. Oskar Alegría Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoaren esanetan, parte-hartzean izandako igoera horren arrazoi nagusietako bat nazioarteko ordezkari sarea sendotu izana da, bera karguan hasi ondoren lantzen hasi zena, eta horrek berresten du jaialdiaren zabalkundea eta izen ona gero eta handiagoak direla bost kontinenteetan.

Aurkeztutako pelikulak 86 herrialdetatik etorri dira. Kopuru handiena Espainiako ekoizleek aurkeztutakoena da, 180 lanekin, eta atzetik Frantziatik datozenak (123 pelikula), Estatu Batuetatik (81), Argentinatik (61), Alemaniatik (58), Mexikotik (43), Italiatik (40), Brasildik (39), Poloniatik (37) eta Belgikatik (28). Lehendabiziko hautapen fase honetara beste herrialde batzuetatik iritsitako lanak ere aurkeztu dira: Kuba, Venezuela, Filipinak, Palestina, Jordania, India, Bangladesh, Iran, Burkina Faso, Mozambike edo Madagaskar; horrez gain, herrialde batek baino gehiagok batera ekoitzitako 220 lan daude (iaz 192 izan ziren). Aurten ere Latinoamerikatik etorritako lan ugari daude inskribatuta, eta gora egin du Afrikan ekoitzitako pelikulen kopuruak. Eta datu bitxi bat, Madagaskarren egindako pelikula bat aurkeztu da aurrenekoz.

Jaialdia Baluarten finkatu da

Punto de Vista zinema jaialdiaren ezaugarriak kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuaren iritziz urteroko maiztasuna egokiena da. Horregatik, Foru Gobernuak azken edizioaren eredua errepikatu nahi du, eta jaialdia Baluarte Fundazioarekin batera antolatzea erabaki du. Horrela, 2016an ere, jaialdiaren ekoizpena Baluarte Fundazioarekin elkarlanean eginen da, eta zuzendaritza, berriz, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak hartuko du bere gain.

Horrez gain, Punto de Vista Jaialdiak zuzendari exekutibo berria izanen du X. edizioan, egungo Nafarroako Kulturako zuzendari nagusia Fernando Pérez taldean sartuko baita, Ana Herrerak, jaialdiarekin hasiera-hasieratik, 2005etik, lotura izan duenak, berriki Foru Komunitateko Kulturako kontseilari izendatu ondoren utzitako kargua hartzeko. Urte hartatik, Punto de Vista jaialdiak hiru zuzendari artistiko izan ditu (Carlos Muguiro, Josetxo Cerdán eta Oskar Alegría), bi ediziotan Nazioarteko Biltzarraren formatuarekin egin da (2012an eta 2014an).

Punto de Vista Jaialdiaren X. edizioa otsailaren 8tik 14ra eginen da, aurreko urteetan baino astebete lehenago, beraz. Programazioa, gainera, egun bat lehenago abiatuko da, otsailaren 8an, astelehena, sekzio ofizialeko pelikulen emanaldi bat eginen baita, bai eta inaugurazioko film batena ere. Horrela, jaialdiak aurreko edizioetan baino eduki gehiago izanen ditu, hamargarren urteurrenean ikusleei opari bat egin nahian. Klausurako ekitaldia ere egun bat lehenago eginen da, otsailaren 13an hain zuzen, larunbatarekin, orain arte igandea izaten baitzen jaialdia ixteko eguna.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Irudiak
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa