(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak Jimeno Jurío Nafarroako kulturaren sustatzaile nagusienen artean kokatu du

osteguna, 2015.eko abenduak 3


Historialari eta etnografoaren alargun eta semeak jaso dute Nafarroako Urrezko Domina, Foru Komunitatearen sari gorena, hilondoko titulu moduan emandakoa


José María Jimeno Jurío historialari eta etnografoari hilondoko titulu moduan emandako Nafarroako Urrezko Domina gaur eguerdian banatu die, Iruñean, Nafarroako Gobernuko Lehendakari Uxue Barkosek Elena Aranguren eta Roldan Jimenori, sarituaren alargun eta semeari. Sariaturi dagokionez, Lehendakariak "haren egundoko obra" azpimarratu du, "hark zuen etengabeko kezka intelektuala eta eskuzabaltasun pertsonala erakusteko, laguntzeko eta historia, arte, hizkuntza edo Nafarroako etnografiaren alde barruan zuen onena emateko". Uxue Barkosek adierazi duenez, José María Jimeno Juríoren "eredu pertsonal eta zientifikoak betirako iraungo du Nafarroako kulturaren sustatzaile nagusietako baten moduan".

Bere agerraldian , Barkos Lehendakariak Jimeno Juríoren jardueraren ardatz izan ziren lau arlo gogora ekarri ditu. Lehenengoa, Santiago bidea, eta bertan ikerketa-lana sakon eta zehatza egin zuen "ia inork ez zionean kasurik egiten", eta horrek "Donejakue bideak Nafarroaren historian izandako garrantzia" jakitera eraman zuen. "Nafarroako Donejakue Bideak gaur egun duen indar miresgarria ez zen ziur asko mundu-mailan hain gora helduko, Jimeno Juríok (beste batzuekin batera) emandako bultzadarik gabe, eta hala erakutsi zuten egindako azterketa, hitzaldi eta argitalpenen bidez" adierazi du Lehendakariak.

Jimeno Juríoren senideak, Nafarroko Gobernuko kideen alboan. ( irudia handitu )

Sarituaren lana nabarmendu zen bigarren arloa gerra zibilaren ondorioz alde errepublikanoan izandako errepresioaren azterketa izan zen. 1974an hasi zuen, eta gai horretan aitzindaria izan zen. Uxue Barkosek gogoratu duenez, jarduera horrek "arazoak eta mehatxuak sortu zizkion, baina haren fitxategiak azterketa eta argitalpenetarako oso erabilgarriak izan ziren eta hala izaten jarraitzen dute orain ere".

Euskara eta haren atzerakada ere, Jimeno Juríorentzat lehentasunezko ikerketa-lan a izan ziren, eta haren lanetatik ondorioztatu zen, Gobernuko Lehendakariak adierazi duenez, "XII. eta XIII. mendeetan nafar hitza euskaldun, euskal hiztunaren baliokide zela, eta hizkuntz hori zela Nafarroan Erdi Aroan hitz egiten zena".

Toponimia izan zen ikerketa-lana garatzeko laugarren arloa; egindako egundoko azterketetan adierazten da, "eta lan hori gure historia nahiz kulturaren ikertzaile, aztertzaile eta dibulgatzaileak baliatzen dute gaur egun eta etorkizunean ere baliatuko dute".

Barkos Lehendakariak agerraldia Elena Aranguren eta Roldan Jimenori zorionak eta eskerrak emanez amaitu du, " haren bizitza eta obraren memoria hain modu berezian kontserbatzen dutelako"; Historialari eta etnografoaren sorleku zen Artaxoako udalerriari ere zorionak eman dizkio, "bai eta nafar eredugarri honen dizipulu eta jarraitzaile sentitzen direnei ere, deskubritzeko haren lanarekin jarraitzeagatik eta gure herriaren sustraien balioa nabarmentzeagatik".

Domina bat gizon xume batentzat

Nafarroako Urrezko Domina, Foru Komunitateak ematen duen sari gorena, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko egoitzako klaustro isabeldarrean egin den ekitaldian banatu da. Nafarroako agintari nagusiak izan dira bertan, eta musikan, Artaxoako abesbatza aritu da, Beatriz Jimenoren zuzendaritzapean, eta baita udalerri bereko banda eta gaita-jotzaileak ere, Cesar Jimenoren zuzendaritzapean.

Eskerrak emateko agerraldian, Jose Maria Jimeno Juríoren senideek gizon xume baten moduan oroitu dute, "ez zinen pertsona harroa, ez zenuen saririk nahi", eta haren biografiaren berri eman dute, nola 19 urterekin maisu izan zen Noainen eta gero Lergan. Erlijiosoa izanik jada, Lizarrako Puy-n eta Altsasuko Lan Institutuan erakusten jarraitu zuen: "Lan-bizimoduak eta pastoraltzak eraman zintuen leku guztietan adiskide onak utzi zenizkigun", adierazi du Roldan Jimenok, eta Pablo Antoñana edo Lizarrako Paco Beruete aipatu ditu, Santiagoko erromesaldiaren antolatzailea izan zena (bere aitak bertan parte hartu zuen) eta egungo Donejakue Bidearen fenomenoaren aitzindari dena.

Jimeno Juríoren senideek zehaztu dutenez, "apaiz gorriaren" bere etapa ekoizpen intelektual handiko fase batekin egokitu zen eta Joxemiel Barandiaranen etnografiarekin izandako harremanarekin, eta horrek eraman zuen "Nafarroa guztia zeharkatzera, artzain, nekazari, errementari, parroko zahar eta abarren datuak jasotzera. Dena zen interesgarria zuretzat, baina batez ere jaien egutegi herrikoia. Eta dantzak. Nafarroako zenbat dantza berreskuratu diren zuri esker!".

Bere agerraldian azpimarratu du dibulgazioarekiko kezka agertu duela beti, eta hala adierazten du ondorengo bilduma honen egilea izateak: "Nafarroa. Herriko kulturaren gaiak´. Estatu guztian, gaur egun memoria historikoa esaten duguna ikertzen lehen pertsona izan zela nabarmendu dute: "Zure ikerketek emaitzak ematen jarraitzen dute, eta zenbait senidek beren adinezko pertsonak berreskuratu ahal izan dituzte zuk egindako lanari esker. Duela urte gutxi ere, San Kristobalgo botilen hilerriko gorpuak identifikatu ziren. Identifikazio horietan ere, zure paperak garrantzitsuak gertatu ziren".

Roldan Jimenok bere lan batzuk aipatu ditu, esaterako: Iruñeko toponimiaren azterketa, lehenik, eta Nafarroa guztiarena ondoren, edo euskararen historia, edo egindako artikuluen ekoizpen oparoa, 50 liburukitan argitaratuak; hala ere, "dozena bat baino gehiago geratzen zaigu oraindik gaztelaniako egile batek inoiz argitaratutako obra oso zabalenak izango direnak amaitzeko".

Beste ekitaldi batzuk

Nafarroako Egunaren ospakizunaren barnean, Erreinua aitortzeko ekitaldiarekin batera, ´Nazioen Jaialdia´ egin da, izaera folklorikoa duena, eta Nafarroako beste herrialde batzuetako elkarteak izan dira protagonistak. Zehazki, Ekuador, Nikaragua, Errusia, Kolonbia, Bolivia, Nigeria, Peru eta Aljeriako taldeak aritu dira Burlatako kultur etxean.

13:00ean, Nafarroako 87 abesbatza eta musika-bandek doako beste hainbeste kontzerturi hasiera eman die aldi berean, Nafarroako Ereserkiarekin hasten zirenak , eta programa zehatzekin jarraitu dute. Guztia, kontzertuetan 3.284 artistek parte hartu dute.

Azkenik, 20:00etan, Baluarte Auditorio eta Kongresuen Jauregian Iruñeko Orfeoiaren emanaldia izango da, haren 150. urteurrena dela eta, eta bertan abesbatzakoak izandako ehun bat abeslarik parte hartuko dute.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa