(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak munduko 100 eskualderekin akordio bat izenpetuko du 2050 arte gas-isurketak % 80 murrizteko ostirala, 2015.eko abenduak 4


Igande honetan, hilak 6, sinatuko da, Parisen egiten ari diren Klima Aldaketari buruzko Gailurraren barnean


Nafarroak munduko 100 bat eskualderekin akordio bat izenpetuko du igande honetan 2050 arte berotegi-efektuko gas-isurketak % 80 murrizteko. Izenpetze hori egunotan Frantziako hiriburuan egiten ari den Klima Aldaketaren gaineko Gailurraren barnean gauzatuko da.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusi Eva Garcia Balaguer arduratuko da testua izenpetzeaz Nafarroako Gobernuaren izenean. Under2Mou sarea izeneko ekimena da, eta Kaliforniako estatua (AEB) eta Baden-Württemberg (Alemania) ditu buru. Parisko Enbaxada Amerikarrean egingo den ekitaldian, zuzendari nagusiarekin batera, Foru Gobernuak Bruselan duen ordezkari Mikel Irujo izango da.

2050 arte berotegi-efektuko gas-isurketak % 80 murriztea Gailurraren azken helburuari gehitzen zaio, hau da, berotze globala 2 gradu Celsius baino gutxiagora mugatzea mende honen amaierarako.

Beste eskualde batzuen artean, akordio honekin bat egin dutenak dira: Rhône-Alpes, (Frantzia), Eskozia (Erresuma Batua), Acre (Brasil), Columbia Britainiarra, Ontario eta Quebec (Kanada), Oregon eta Vermont (AEB) Cross River State (Nigeria), edo Behe Kalifornia, Chiapas, Jalisco eta Yucatán (Mexiko), Euskal Autonomia Erkidegoa eta Katalunia.

Nafarroak biohondakinen % 75 birziklatzeko helburua du

Akordio hau sinatu aurretik, zuzendari nagusiak adierazi duenez, "Foru Komunitaterako hondakin-plan berri bat garatzea da berotegi-efektuko gas-isurketen % 80 murrizteko helburu hori lortzeko Nafarroak egingo ditun ekintzetako bat, biohondakinen % 75 birziklatzeko asmoz". Gainera, basoko azalera finkatzeko lanean jarraituko da, karbonoaren hustubide modura zer-nolako balioa duen ikusirik. Alde horretatik, aipagarria da Nafarroa Europako basoko azalera handieneko eskualdetako bat dela; izan ere, % 64 basoko lurra da eta, azalera horretatik, 450.000 hektarea zuhaitzez beteta daude.

Bestalde, zuzendari nagusiak aipatu duenez, Nafarroako Gobernuak "energia berriztagarrien alde egiten jarraituko du, isurketa gutxiago eragingo duen mugikortasun are iraunkorragoa bilatzeko bereziki".

Igandean sinatuko den testuari dagokionez, Garcia Balaguerrek azpimarratu du Nafarroa "autonomia erkidego aktiboa izan nahi duela eskualde-mailan klima-aldaketaren aurkako borrokan. Akordio horrek era honetako ingurumen-politikekin konprometituta dagoen eskualde modura jartzen gaitu

eta proiektu interesgarriak lortzeko bidea errazten digu". Alde horretatik, gogora ekarri du Foru Komunitateak Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokian ere parte hartzen duela, Pirinioetako Lan Elkartea osatzen duten zortzi eskualdeek 2010ean sustatutako mugaz gaindiko ekimena. Behatoki horrek azterketak argitaratzen ditu eta ekosistema naturaletako klima-aldaketaren eragina ebaluatzen, bai eta sektore sozio-ekonomikoak ere Pirinioetako lurraldeei laguntzeko.

Eraginkortasun energetikoa, hondakinen murrizketa eta klima-kutsatzaile suntsikorrak

Igandean akordioa sinatuko duten ehun bat eskualderi dagokionez, berotze globala aztertzeko ahalegin orokorra egitea da jarrera komuna, eta egoera horrek maila azpinazionaleko ekintzak egitea eragingo du. Alde horretatik, aipatu behar da Garapenerako Nazio Batuen Programaren arabera, klima-aldaketari aurre egiteko beharrezko arintze eta egokitzeko ekintzen % 50-80 gobernuko maila azpinazionaletan edo tokikoetan egingo dela.

Eskualdetako gobernu horiek nazioarteko lankidetza-eredu zabalagoa eskaintzen dute, eta beren eskumeneko arloetan egingo da, honako eremu hauetan oinarrituz: eraginkortasun energetikoa; trafikoa eta garraioa; baliabide naturalen babesa eta hondakinen murrizketa; zientzia eta teknologia; komunikazioa eta partaidetza publikoa; eta klima-kutsatzaile suntsikorrak.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa