(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Baztertuta geratzeko arriskuan dauden 500 pertsonaren lana aurkitzeko aukerak handituko ditu proiektu pilotu batek Tuteran eta Burundan ostirala, 2015.eko abenduak 18


Hiru urtekoa izango da ekimena, eta gizarte- eta enplegu-zerbitzuak bateratuko ditu kasu bakoitzaren araberako kudeaketa eginda.


Nafarroako Gobernuak gizarte- eta enplegu-zerbitzuak bateratuko dituen proiektu pilotu bat abiatuko du Tuteran eta Burundan (Altsasu, Olazti eta Ziordia), langabezian dauden 500 pertsonari gizarteratzen laguntzeko. Hiru urte iraungo du proiektuak.

Zehazki, haien beharretara egokitutako gizarteratzeko ibilbidea eskainiko zaie ekimeneko parte-hartzaileei. Bi langilek osaturiko talde misto batek gauzatu eta gainbegiratuko du ibilbidea; batak enpleguaren alorrean izango du esperientzia eta besteak gizarte-zerbitzuen alorrean.

Parte-hartzaileak (400 Tuterakoak eta 100 Burundakoak) hautatzerakoan hainbat irizpide hartuko dira kontuan; esate baterako, denbora luzez langabezian egon izana (urtebete eta bi urteren artean); talde ahulenetakoak izatea (gazteak, 45 urtetik gorakoak, emakumeak, atzerritarrak, etab.); gizarteratzeko errenta jasotzea; amaitzear duten langabeziagatiko laguntzaren bat jasotzea; prestaziorik ez jasotzea eta gizartean baztertuta geratzeko arriskuan egotea, edo enplegua aurkitzeko arrazoizko gaitasuna izatea.

Gizarteratzeari lotutako elkarrekiko hitzarmen bat sinatu beharko dute bi aldeek. Haren arabera, zerbitzu publikoak pertsona bakoitzaren beharren diagnostikoa egiteko eta trebakuntza-ibilbide bat eskaintzeko (eta ondoren hura gainbegiratzeko) konpromisoa hartuko du, denboraldi baterako. Bestalde, adostutako eta bere beharretara egokitutako ibilbidean parte hartu beharko du onuradunak.

Proiektuaren eta aurrekontuaren aurkezpena

Proiektua gaur goizean aurkeztu dute Iruñean, Miguel Laparra bigarren lehendakariorde eta Eskubide Sozialetako kontseilariak hasi duen eta Patxi Tuñón Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiak amaitu duen jardunaldian.

Alfonso Carlosena Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Eneko Larrarte Tuterako alkateak eta Francisco Javier Paz Sakanako Mankomunitateko lehendakariak ere hartu dute parte jardunaldian.

470.000 euroko aurrekontua du proiektuak. Horietatik 350.000 erakunde publikoek eman dituzte, eta 120.000 euro "la Caixa" Gizarte Ekintzak eta Caja Navarra fundazioak, erdibana. Gainera, 1,4 milioi euroko finantziazioa eskatu zaio Europar Batasunari.

Nafarroako Gobernua; Nafarroako Unibertsitate Publikoa; Tuterako Udala; Altsasuko, Olaztiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea; Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa (SEPE); Erriberako (AER) eta Sakanako (AES) enpresarien elkarteak; Gurutze Gorria, ANAFEk, CCOO, LAB, Eder Partzuergoa eta Sakanako garapen-agentzia arituko dira elkarlanean ekimenean.

Zergatik Tutera eta Burunda

Tutera eta Burunda eskualdea hautatu dira proiektu pilotua gauzatzeko; izan ere, langabetuen eta gizarteratzeko errenta jasotzen dutenen tasarik handienetakoak dituzte biek Nafarroan.

Zehazki, 2008ko abuztutik 2015eko abuztura, langabeziak % 105 egin du gora Burundan eta % 91 Tuteran. Nafarroa osoan, aldiz, % 71 egin du gora. Bestalde, gizarteratzeko errenta jasotzen dutenen kopuruak % 440,74 egin du gora Tuteran azkeneko zazpi urteetan, eta % 270 Altsasun, Olaztin eta Ziordian. Nafarroa osoan % 399 igo da prestazioa jasotzen dutenen kopurua.

Prestazio osatua eskaintzea

Proiektuaren xede nagusia ("Gizarteratzeko eskubidea indartzea zerbitzuak bateratuta" izenekoa) baztertuta geratzeko arriskuan dauden 500 herritarri gizarte- eta enplegu-zerbitzuen prestazio osatua eskaintzea da, haien egoerak banan-banan kudeatuta.

Datorren urtean hasiko da ekimena eta, amaitzean, Nafarroako beste udalerri batzuekin alderatuta ebaluatuko da zera zehazteko: martxan jartzen diren esku-hartze sozialen eredu berriek zenbateraino lortzen dituzten esperotako emaitzak. Aurreikusitakoaren arabera, udan sartuko dira programan 500 parte-hartzaileak, pixkanaka.

Nafarroako Gobernuaren ustez, gizarteratzeko errentaren bidez, adibidez, gizarte-babesa indartzeak "ez dio pizgarria kenduko berriro enplegua lortzeari, aldi berean enplegua aurkitzeko aukerak handitzen dituzten zerbitzuak indartzen eta egokitzen badira", trebakuntza eskainita esate baterako.

Gainera, Eskubide Sozialetako Lehendakariordetzak enpleguaren eta gizarte-zerbitzuen gaineko eskumenak izanik, arindu egingo da beharrezko administrazio-erreformak gauzatzeko prozesua.

Proiektu pilotua bertan sartuta dauden eragileen partaidetzaren bidez diseinatu da, eta Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, proiektuan sartuta dauden tokiko erakundeen, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren, gizarte-zerbitzuen, gizarteratzeko eta laneratzeko taldeen (EISOL), enpresa-elkarteen, sindikatuen eta inguruko gizarte-erakundeen lankidetzari esker antolatu da.

Proiektuaren helburuak

Proiektu pilotuan parte hartuko duten 500 pertsonari enplegua lortzeko aukera hobetzeaz gain, langabezian dauden herritar ahulenei arreta emateko eredu berri bat diseinatzea eta ebaluatzea ere bada Nafarroako Gobernuaren asmoa. Horretarako izango da gizarte- eta enplegu-zerbitzuen esku-hartzea koordinatua eta kasu bakoitzera moldatua.

Ekimen horren bitartez, Eskubide Sozialetako Lehendakariordetzak gizarteratzeko errentaren erreforma posibleak identifikatu eta egiaztatu nahi ditu, baita ere, babesa hobea izan dadin eta administrazioaren kudeaketa malguagoa, sinplifikatuagoa eta eraginkorragoa.

Proiektuaren beste helburuetako batzuk dira, esate baterako, tokian tokiko enpleguaren politika aktiboak planifikatzeko sistema berri bat garatzea eta abian jartzea, eragile publiko zein pribatuekin ituna eginda; emaitzak ebaluatzea, ondoren esku-hartzeen alorrean erabaki politikoak hartzeko, eta beste administrazio batzuentzat baliagarriak izan daitezkeen ikasbideak edo gomendioak ateratzea.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa