(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak eta Gipuzkoak Bidasoa eta Leitzarango ibaiak hobetzeko proiektu bat garatuko dute elkarrekin osteguna, 2016.eko urtarrilak 14


"Life + Irekibai" ekimena da, eta haren helburua ibaien bideak iragazkorrak izatea da bertako habitat nahiz espezien kontserbazioa bermatzeko


arduradunak

Proiektuan parte hartzen duten erakundeetako arduradunak. ( irudia handitu )

Nafarroak eta Gipuzkoak "Life + Irekibai" Europako proiektua elkarrekin garatuko dute; haren helburua Bidasoa eta Leitzarango ibaietako habitat nahiz espezien eta bertako ibaiadarren kontserbazio-egoera hobetzea da.

Horretarako, ibaietako bideetan dauden oztopoak kendu edo murriztuko dira, espezie inbaditzaileak kontrolatuko dira, habitatak berrezarriko eta ekosistema nahiz espezien jarraipen-ekintzak egingo. Proiektua biztanleria sentsibilizatzeko ekintzekin osatuko da.

Ekimenaren bazkideak Nafarroa, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa SA (GANASA) sozietate publikoaren bidez, eta EAE dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Ura Uraren Euskal Agentziaren eta Hazi Fundazioaren bitartez. Gaur goizean Andoainen egindako ekitaldi batean aurkeztu da, eta bertan parte hartu dute: Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilari Isabel Elizaldek eta Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk. Haiekin batera izan dira, Gipuzkoako Aldundiko Obra Hidraulikoen zuzendari Francisco Alonso; URAren zuzendari nagusi Iñigo Ansola eta Hazi Fundazioko ordezkari Mikel de Francisco.

Programa 2020ra arte egikarituko da, eta haren aurrekontua 2.999.372 euro da; zenbateko horretatik, Europar Batasunak 1.788.624 euro finantzatzen du (% 60), Life+ programaren bidez. Beste % 40 Nafarroak (617.621) eta EAEk (582.127) jarriko dute.

Elizalde kontseilariak bere agerraldian agerian utzi du bi lurraldeek elkarrekin egindako lanak zer-nolako garrantzia duen. "Balio handiko ibaiak eta espezieak partekatzen ditugu, administrazio-mugak ulertzen ez dituztenak", esan du; aldi berean, lankidetzari esker, banakako ekintzarekin baino "anbizio askoz handiagoko" helburuak lortu ahalko dira.

Oztopoak, ibaien arazo nagusia

Zenbait faktore historiko eta geografikoren eraginez, Bidasoa eta Leitzarango ibaietan beren jarraipena eteten duten oztopo-kopuru handia pilatu dira. Horren ondorioz, ekosistemak aldatu dira eta espezie sentikorrenei (erdi uretakoak diren ugaztunak, bisoia edo desmana adibidez, eta izokina arrainen kasuan) beren banaketako gunea murriztu edo zatitu egin zaie. Horrek, isolamendu genetikoa eta hari lotutako beste ondorio batzuk gehituz, beren jarraipena eta errekuperatzeko gaitasuna arriskuan jartzen du edo beste presio batzuei aurre egiteko ahalmena.

Horregatik, ibaietako oztopoak iragazkortzea jarduteko lehen ildoa da Kantauriko Natura 2000 espazioen kudeaketan. Izan ere, EAE eta Nafarroa aspalditik lanean ari dira ildo horretan, banakako ekintzak eginez lurralde bakoitzean nahiz elkarrekin egindako lankidetza-proiektuetan (Bidur, Guratrans…).

Hala, proiektu berriaren izenak (Irekibai) oztopo edo arazoak desagertzeko ideia adierazi nahi du eta, horretarako, ireki (abierto) eta ibai (río) hitzekin jolasten du ibaiak "irekitzea" dela kontua adierazteko.

Aurreikusitako jarduerak

Proiektuaren helburu nagusia honako hau da: Bidasoa eta Leitzarango ibaietako (Oriako arroa) Natura 2000 espazioetako komunitate-intereseko ibaien habitat nahiz espezien kontserbazio-egoera hobetzea.

Foru Komunitateari dagokionez, Kontserbazio Bereziko Eremuetan lan egingo da: "Bidasoa ibaia", "Baztan ibaia eta Artesiagako ubidea", "Bertizko Jaurerria", "Belate" eta "Artikutza".

Xede diren espezieak dira: desman iberiarra (Galemys pirenaicus), bisoia (Mustreola lutreola), izokina (Salmo salar) kolaka (Alosa alosa), itsas lanproia (Petromyzon Marinus), loina (Chondorstoma toxostoma) eta burtaina (Cottus aturi). Baita, loina txiki, amuarraina, aingira europarra eta nutria ere.

Proiektuaren jarduera nagusiak honako hauek dira:

1. Bidasoa ibaiaren arroa iragazkortzea eta arrain-populazioaren espezien mugimendua hobetzea Bera, Endarlatsa, Iturengo (Ezkurra ibaia) presa txikietan jarduerak eginez eta bi oztopo txiki Txaruta ibaian. Jarduera horiek tokiko eragileekin egindako partaidetza-prozesu batean gauzatuko dira, irtenbide egokiena bilatzeko asmoz.

2. Txaruta eta Ezkurrako ubideetako eta Baztan nahiz Bidasoa ibaietako erriberak berreskuratzea. 6 zati hautatu dira, eta haietan ondorengo jarduerak egingo dira: espezie exotikoak kenduko dira, harri-lubetak berriz jarriko dira eta erriberak landatuko, berreskuratze morfologikoa egingo da eta ibilgu-ohearen higadura eta dibertsifikazioa kontrolatuko.

3. Bisoi amerikarraren kontrola. Bisoi horiek dauden edo ez hautemateko prospekzioak egingo dira eta, hala badagokio, haiei tranpak jarri eta harrapatutako aleak desagerraraziko dira espezie inbaditzaile hori murrizteko, bisoi europarraren egoera kritikoa areagotzen baitu (desagertzeko arriskuan dago).

4. Jarraipeneko ekintzak. Proiektuaren barnean jarraipeneko zenbait ekintza sartzen dira ere, emaitzak egokiak diren baloratzeko asmoz edo lan egiteko era aldatu behar den jakiteko. Desman iberiar, kolaka eta izokinaren populazioak aztertuko dira, bai eta erabiltzen ari diren oztopoetan arrainetarako pasabideen funtzionamendua ere. Programatutako jarduerek ikuspegi geomorfologiko batetik ibaietan zer aldaketa eragiten dituzten ere egiaztatuko da (higadura, garraioa eta sedimentazioa) eta proiektuak gizartean nahiz ibaiek eskaintzen dituzten zerbitzuetan zer ondorio sortzen duen.

Jarduera horiek guztiak biztanleei begira egindako sentsibilizazio-kanpaina batekin osatzen da, ibaiek duten garrantzi eta balioen gaineko kanpainarekin.

Gipuzkoan, ekintzak Leitzaran ibaian egingo dira bereziki, eta 4 oztopo txiki kenduko dira bertako Ubaran ibaiadarretik eta, ibaiaren ardatz nagusian, Inturiko eta Oiokiko presa kentzea osatuko da. Hura, jadanik egikarituta dagoen Erreka Amuarrainak arrain-haztegiko instalazioaren itxierari gehitu behar zaio.

ARGAZKI-OINA:

Ezkerretik eskuinera, Hazi Fundazioko ordezkari Mikel de Francisco; Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuru; Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilari Isabel Elizalde; URAren zuzendari nagusi Iñigo Ansola eta Gipuzkoako Aldundiko Obra Hidraulikoen zuzendari Francisco Alonso.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa