(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Tuterako “Reina Sofia” ospitaleak erresonantzia magnetikoa izango du legealdi honetan ostirala, 2016.eko apirilak 8


Barkos Lehendakariak osasun-zentroaren hogeita hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian iragarri du hori, eta langileen inplikazioa azpimarratu du bertan


Ezkerretik eskuinera: Fernando Domínguez, Ainhoa Aznárez, Barkos Lehendakaria, Eneko Larrarte eta Benigno Pérez. ( irudia handitu )

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkos Tuterako "Reina Sofia" ospitalearen 30. urteurrena ospatzeko ekitaldietan izan da gaur goizean; bertan, zentroak legealdi honetan erresonantzia magnetiko bat izango duela iragarri du. Gainera, langileei eskerrak eman dizkie beraien profesionaltasun eta inplikazioagatik; izan ere, aipatu du, ospitaleratzeren bat eskatzen denean, "pertsonen bizitza aldatu egiten da eta, lehen unetik, zentroko profesionalen berotasuna erabakigarria da".

Ekitaldian, Barkos Lehendakariaz gain, Tuterako Osasun Eremuko kudeatzaile Benigno Perez eta Tuterako alkate Eneko Larrartek parte hartu dute. Gainera, Osasun Publikoaren Andaluziako Eskolako zuzendari Joan Carles March-ek "Pazienteekin hitz egin ospitale hurbilago bat izateko" izeneko hitzaldia eman du, eta ospitaleko ibilbideari nahiz bertako profesionalei buruz antolatutako argazki-erakusketa bat bisitatu da. Azkenik, pazienteek osasun-sisteman duten partaidetzari nahiz inplikazioari buruzko mahai-inguru bat egin da Joan Carles March-ek gidatuta, eta bertan parte hartu dute: Nafarroako Gobernuko Osasuneko zuzendari nagusi Luis Gabilondok; Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Pablo Azconak; Alcer Navarrako lehendakari Manuel Arellanok eta ospitaleko Barne Medikuntza Zerbitzuko buru Fernando Escolar-ek.

Bere agerraldian, Lehendakariak azpimarratu du Gobernuaren ustez "Osasuna lehen mailako lehentasuna dela, eta hala adierazi dela, hain zuzen, lehenengo aurrekontuetan; haren arabera, Departamentuaren zenbatekoa % 6 handitu da 2015eko hasierako aurrekontuarekin alderatuz, murrizketen legealdi baten ondoren". Osasun Departamentuak –erantsi du– "helburu estrategiko bikoitza du: alde batetik, sistema iraunkor eta kalitatezko bat bermatzea biztanleriaren beharrei erantzuteko eta, bestetik, komunitatearen osasuna sustatzea eta osasuneko desorekak murriztea".


Reina Sofia ospitalearen historiako 30 urteei buruzko argazki-erakusketa. ( irudia handitu )

Tuterako Osasun Eremuko laguntza-estrategiaz ere hitz egin du, eta bertan garatuko da osasuneko proiektu berri bat: Laguntza Arlo Integratuko proiektu bat eta, hari esker, lehen mailako arreta, arreta espezializatu eta soziosanitarioaren arteko zaintzetan koordinazio nahiz jarraikortasun handiagoa izango da. Alde horretatik, paziente kronikoei arreta emateko estrategia funtsezko tresna da laguntza-eredua eraldatzeko, eta osasun-emaitzei zuzenean eragingo die; gainera, aipatu du "egindako proiektu pilotuaren ondoren, non Tuterako Arloak emaitza onenak lortu dituen, hilabete honetan programa biztanleria guztira zabalduko dela, eta arreta eraginkorragoa, integratuagoa eta patologia anitzeko pazienteen banakako beharrei hobeto egokitzeko arreta-modu bat jasoko dela. Kronikoen estrategiak Erriberako 17.000 pazienteri egingo die mesede".

Bestalde, esan du Lehendakariak, jarduera klinikoen eraginkortasuna sustatuko da ospitaleratzea ez den beste aukera batzuk garatuz (kirurgia laparoskopikoa, etxeko ospitaleratzea, zaintza aringarriak…) edo eraginkortasun klinikoa garatuz (aurrez aurrezkoak ez diren kontsultak, erresoluzioa handiko kontsultak jarduera guztiak egintza bakar batean ebatziz…).

Irisgarritasunaren esparruan, kudeaketako tresna berriak abian jartzeko lan egiten ari dira, esate baterako: ospitale eremuan aurrez aurrezkoak ez diren hitzorduak eta minbizia bizkor diagnostikatzeko prozedurak lantzea.

Osasun Departamentua une hauetan Autokudeaketa eta Ebaluazio Klinikoko Eredu berri batean ari da lanean, Uxue Barkosek aurreratu duenez; haren helburua, osasun profesionalentzako partaidetza, lankidetza, autokudeaketa eta erantzukizuneko esparru berri bat ezartzea da.

Inbertsioak

Tuterako Eremurako Inbertsio Planean, Nafarroako Gobernuak 1.900.000 euro erabiliko du; kopuru horretatik, 1.100.000 euro obretarako, erdia Tuterako bi osasun-zentroetarako, eta beste erdia "Reina Sofia" ospitaleko obrak egiteko, Barkos Lehendakariak aurreratu duenez. Gainera,guztira 795.000 euro erabiltzea aurreikusten da ekipamendu medikua erosi eta jartzeko.

Gobernuak ondorengo konpromisoa hartzen du, gainera: zentroak erresonantzia magnetikoko ekipo bat izan dezala legealdi honetan, "osasun publikoaren alde egiten ari garen apustuaren, ospitale horren maila teknologikoa igotzearen eta langileen asebetetze maila handitzen laguntzeko beste adibide bat da", nabarmendu du Lehendakariak.

"Teknologia berriak izatea funtsezkoa da osasuneko profesionalentzat laguntza espezializatuan nahiz lehen mailako arretan, eta gogoan izan behar dugu, Osasun Sistema Publikoan sartzeko atea dela. Lehen mailako arreta indartzea da Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbidearen beste helburuetako bat. Horregatik, urte amaierarako bi ekografo berri lanean izatea espero da Tuterako Eremuko bi osasun-zentrotan. Horrenbestez, lehen mailako arretako profesionalen erabakitzeko gaitasuna areagotuko da diagnostikoan nahiz tratamenduan, desbideratze desegokiak murriztuko dira eta desbideratze horiek Arreta Espezializatura bideratzen utziko du itxarote-zerrenda murriztuz. Lehen mailako arretako profesionalek horretarako berariazko prestakuntza jasoko dute".

Bestalde, Uxue Barkosek gogora ekarri ditu Gobernuak iaz bere gain hartutako konpromisoak: bizitzaren autobusa finantzatzea eta "Reina Sofia"-ko laborategiko jarduera guztiari eustea, bai eta hari atxikitako langileria guztiak ere (36 pertsona).

"Nafarroako osasuna –esan du aurrerago Lehendakariak– kalitatezko osasun-zerbitzuez eta bertan lan egiten duten profesionalen bikaintasunaz baliatu da. Baina bizi-itxaropen handia honako honen mende dago gero eta gehiago: ingurune osasungarria, klima, eta ahalbidetzen dituen paseoak, maila soziekonomikoa, babes sozial eta elkartasun maila handia, elikadura, lurralde honetako barazki eta fruta bikainak bereziki". 30 urte hauetan, Nafarroak arlo askotan asko irabazi du, eta gaur egun munduko bizi-itxaropen handienetakoa dugu (87 urtekoa emakumeak, eta 80,7koa, gizonak), eta hori lorpen sozial handia da; horrek guztiak zahartzeari lotutako erronka garrantzitsuak dakartza eta ahalik eta autonomia nahiz gaitasun fisiko, kognitibo eta sozialak lortzea bizitzaren amaierara arte. Krisiak, hala ere, arrastoa utzi du, eta desberdintasun sozialak, azken urteotan sustatuak, beste funtsezko erronka bat dira bizitzaren etapa honetan eta beste batzuetan".

"Pneumokoko-txertoa haurren txerto-egutegian sartzea, bizitza-estiloei buruz esku hartze pertsonalizatuko programari ematen ari zaion bultzada Bizitza Estiloen Errezeta sartuz, botika-kopurua jaistea xede duena, kolon eta ondesteko minbizia detektatzeko programa (bigarren fasea Tuteran eta Cintruenigon egiten ari da orain), edo "Bularreko Minbizia" garaiz detektatzeko programari jarraipena ematea; horiek guztiak, prebentzioarekin dugun konpromisoa adierazten duten adibide batzuk baino ez dira".

Barkos Lehendakariak agerraldia pazienteei bere esker ona adieraziz amaitu du; izan ere, aipatu du "haiei esker etengabe hobetu dela ospitale hau. Osasun Departamentuaren erabateko lehentasuna dira, zalantzarik gabe". Alde horretatik, esan du "ezinbestekoa dela pertsonen eskubide nahiz gaitasunak indartzea, konfiantza eta protagonismo handiagoa izan dezaten".

Bilakaera

"Reina Sofia" ospitalean artatutako erreferentziazko biztanleak 76.325 ziren 1987an eta 95.514, berriz, 2015ean; oheei dagokienez, 150 zeuden 1987an, eta iaz, 170; azken horiei etxeko ospitaleratzearen 20 oheak gehitu behar zaizkie.

Ospitaleratzeetan, 5.007 1987an eta 8.731, iaz; egonaldiak, berriz, 41.904 1987an eta 43.942, iaz. Kontsultak, berriz, 18.359 izan ziren 1987an eta 137.710, 2015ean; larrialdiak, 16.671tik 48.459ra igo ziren eta ebakuntzak, 2.793tik 5.292ra.

Langileei dagokienez, 1987an 321 langile zeuden, eta 2015ean, aldiz, 793.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa