(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasunak arreta hobetzeko plan bat ezarri du Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdietan asteazkena, 2016.eko apirilak 20


Antolaketako neurriak, ekipamendu medikuan inbertsioak egitea eta plantilla indartzea sartzen dira planaren barnean, erantzute-denborak murrizteko eta laguntzaren kalitatea handitzeko asmoz


Transcripción textual del video

Nafarroako Ospitaleguneak Larrialdi Zerbitzua hobetzeko plan bat ezarriko du laguntza-kalitatea handitzeko eta pazienteei arreta emateko erantzun-denborak murrizteko asmoz. Aldi berean, Iruñeko San Martin Doktorea anbulatorioko ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzuko espazioa handituko da.

eraikina

Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdietako eraikin berriaren kanpoaldea.

Nafarroako Ospitaleguneak Larrialdi Zerbitzua hobetzeko plan bat ezarriko du laguntza-kalitatea handitzeko eta pazienteei arreta emateko erantzun-denborak murrizteko asmoz. Aldi berean, Iruñeko San Martin Doktorea anbulatorioko ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzuko espazioa handituko da.

Osasuneko kontseilari Fernando Dominguezek Foru Gobernuari aurkeztu dizkio neurriak gaurko bileran.

Nafarroako Ospitaleguneko hobekuntza-planaren arabera, funtsezko hiru puntutan jardungo da: antolaketako baliabideak, baliabide materialak eta inbertsioak, eta langile-baliabideak. Jardueren barnean, haietako batzuk hasi dira jadanik, plantillan 11 profesional gehiago izatea sartzen da, ekipamendu mediku gehiago erostea, triajeko bosgarren postu bat irekitzea (pazienteen harrera eta lehen balorazioa) eskaera handieneko uneetan, familientzako informazio-puntu bat jartzea, eta profesionalen kokapena berriz antolatzea haien mugikortasuna murrizteko, beste ekintza batzuen artean.

Plana diziplina anitzeko lantalde batek egindako diagnostikoaren emaitza da (medikuak, erizainak, laguntzaileak, zeladoreak, administrariak, ETEak), eta hura iragan urrian sortu zen ondorengo xedearekin: plan funtzionala ebaluatzea, zerbitzuaren funtzionamenduan izan daitezkeen akatsak aztertzea pazienteari laguntzeko prozesu guztian eta arretaren kalitatea hobetzeko neurri zuzentzaile egokiak proposatzea. Hala, berariazko helburuen araberako azpitaldeak sortu ziren (arreta-zirkuitu, behaketa, bizkortze, triaje eta harrerari buruzkoak). Partaidetzako prozesu honetan proposatutako neurri asko hobekuntza-planaren barnean sartu dira.

Egoeraren diagnostikoa

Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdi Zerbitzuan diagnostikatutako arazo nagusiak pazienteei dagokienez, honako hauek dira: arreta emateko eta erabakitzeko denborak, familientzako informazio-punturik ez izatea eta espazio zehatz batzuk egokituta ez izatea. Horri, eskaera handieneko une jakin batzuetan langile-defizita izatea gehitu behar zaio.

Azkenik, akats tekniko batzuk hauteman dira. Haien artean, antolaketa-defizit bat aipatu behar da bizkortze, areto balioanitz, behaketa eta B zirkuituko (paziente larrientzako arreta) arloetan. Balio anitzeko aldea ez da behar bestekoa egiaztatu da eskaera handieneko uneetan erantzuteko, eta alor horretan Erizaintzako kontrol nahiz koordinazioko defizita dagoela. Azterketak, gainera, honako hau jasotzen du: profesionalen arteko barneko deietarako erreferentzia puntu nagusi bat ez dagoela, eta Erizaintzako kirurgia-espezialisten eta langileen presentzia koordinatzeko beharra dagoela kontsultetan.

Antolaketa-neurriak, inbertsioak eta plantilla indartzea

Antolaketan, laguntzeko langileen funtzioak nahiz kokapena berriz antolatuko dira eta, horri esker, baliabideak optimizatu ahalko. Hala, areto balioanitza Erizaintzako langileei esleituko zaie, eta erizaintzako ekipo egonkor bat ezarriko da Behaketa gunean egungo txandakatze-sistemaren ordez. Gainera, bosgarren triaje bat irekitzea agindu da itxaroteko denborak areagotzen diren uneetarako, paziente gehiago daudenerako.

Garatuko diren antolaketako beste neurrietako batzuk honako hauek izango dira: jardunbide-plan bat prestatzea Zerbitzuak gainezka egiten duenerako; jarduera handieneko aldiak berriz definitzea (gripe-epidemia, Aste Santua, San Fermin...); pazienteak kudeatzea errazten duten prozedurak idatzi eta eguneratzea (paziente kritikoak artatzeko irizpideak, Behaketan sartzea...); Larrialdietarako berariazko prestakuntza-plan bat prestatzea; Behaketa arloaren kudeaketa hobetzea eta jarduerak jardunbide egokien eskuliburu batean jasotzea.

Azkenik, osasun-arretarako beharrezkoa den materia jasotzeko biltegiak berriz antolatuko dira, farmazia berriz egituratu eta automatizatuko da, eta pazienteak irrati-frekuentzia bidez automatikoki lokalizatzeko sistema abian jartzea aztertuko da.

Baliabide materialetan, informazio-puntu bat ezartzea aurreikusi da, eta barruti guztian seinale horizontalak jartzea, paziente eta senideen joan-etorria errazteko asmoz.

Espazioetan, kontsulta-kopurua mugatua dela ikusirik, bizkortze-boxaren erabilera zabaltzea aurreikusi da paziente larriak baina kritikoak ez direnak artatzeko, eta laguntzeko jarduera gehiago egitea balio anitzeko boxetan.

Paziente eta profesionalen gehiegizko mugikortasunak eragindako efizientzia eza zuzentzeko lanarekin jarraituko da.

Ekipamendu medikuetan, 208.000 euro inbertituko da honako hauek erosteko: 2 ECG aparatu (elektrokardiograma), bizi-konstanteen 4 monitore, RX eramangarriko ekipo bat, sendagaiak kudeatzeko sistema, 12 esku-ohe eta 10 gurpildun aulki, besteak beste.

Halaber, Larrialdi Zerbitzuko plantillan 11 profesional gehiago aurreikusten dira, hasiera batean: 2 mediku ondoko, 3 erizain, 2 erizain-laguntzaile, 2 zeladore eta 2 profesional pazienteei eta familiei informazio-puntu berrian arreta emateko. Indartze hori Nafarroako Ospitaleguneko langileen berrantolaketaren nahiz kontratazioaren bidez egingo da.

112.000 paziente heldutik gora artatu ziren iaz

Paziente bat Larrialdi Zerbitzura iristen denean, triajean baloratu eta arreta-larritasunaren arabera sailkatzen da. Bost lehentasun finkatzen dira, Larrialdietako Medikuntzaren Espainiako Sozietatearen arabera: lehentasun gorena, berehala artatzea eskatzen duten paziente kritikoak; 2. lehentasuna, paziente larriak edo 15 minutu baino lehen artatu behar diren pertsonak; 3. lehentasuna, larrialdi gutxiagoko pazienteak eta 60 minutu baino lehen artatu behar direnak; 4. lehentasuna, 120 minutu baino lehen artatu behar diren paziente arinak; eta 5. lehentasuna, premiarik gabeko egoeran dauden pazienteak eta 240 minutu baino lehen artatu behar direnak.

Gaur egun, arreta emateko batez besteko denborak honako hauek dira: lehentasun gorenean, berehalako arreta; 13,4 minutu, 2. lehentasunean; 37 minutu, 3. lehentasunean; 61,3 minutu, 4. lehentasunean; eta 58,3 minutu, 5.ean.

Arreta emateko batez besteko denborak onargarriak badira ere, Larrialdietara jotzen duten pazienteen % 33 (2. lehentasuna dutenak) finkatutako denbora igarota artatzen da. Arrazoi hori dela eta, neurri horien helburu nagusia portzentaje hori nabarmen murriztea da.

2015ean 112.895 paziente heldu artatu ziren Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdi Zerbitzuan. Batez beste, 309 paziente/ eguneko. Paziente guztietatik, % 1 lehentasun gorenekoak izan ziren, % 12 2. lehentasunekoak, % 46 3.ekoak, % 37 4.ekoak eta % 4 5. lehentasunekoak. 4. eta 5. motako larrialdiak prozesu arin edo premiazkoak ez direnekin doazen pazienteak dira, beste laguntza-maila batzuetan artatu ahalko zirenak (ospitalez kanpoko larrialdiak, osasun-zentroak).

Larrialdi Zerbitzuko 3.500 metro koadro

2006 eta 2007 urteetan Larrialdietako eraikin berriaren plan funtzionala egin zen Nafarroako Ospitale zaharrerako, eta proiektu hori 2008an amaitu zen. Urtebete geroago, proiektu hori birmoldatzeko erabakia hartu zen Nafarroako Ospitaleko nahiz Virgen del Caminoko Larrialdi Zerbitzuak bateratzeko.

2010 eta 2011n egungo eraikina eraiki zen, eta 2014ko urriaren 8an jarri zen abian. 3.500 metro koadroko zalera du. Behaketa gune bat du behe-solairuan, eta honako hauek daude bertan: triajeko lau postu; A Zirkuitua, 3., 4. eta 5. lehentasuneko paziente arinagoak artatzeko, eta 6 mediku-kontsulta, kirurgia-eremu bat eta traumatologia ditu, bai eta oftalmologia, aurpegi-masailetako, otorrinolaringologia eta psikiatriako kontsultak; B Zirkuitua, 1., 2. eta 3. lehentasuneko paziente larriagoak artatzeko, eta 8 mediku-kontsulta, kirurgia-eremu bat eta traumatologia ditu; Areto Balioanitza eta Kontrol Nagusia, laguntza emateko eta itxaroteko 30 posturekin; eta Bizkortzea, paziente kritikoa artatzeko sei posturekin.

Lehenengo solairuan behaketa-gunea dago, eta monitorizatutako banakako 18 box daude bertan. Bakoitzak 6 box dituen 3 kontrol daude. Azkenik, -1 solairuan, OTA, ekografoak eta 1. eta 2. ospitaletarako sarbideak daude.

Berrikuntzak San Martin Doktorea anbulatorioan ospitalez kanpoko larrialdietako

Osasun Departamentuak San Martin Doktorea anbulatorioko ospitalez kanpoko larrialdien arretarako espazioa zabaltzea aurreikusten du. 2016. urtean zehar edo 2017aren hasieran, espazio fisikoa berriz antolatuko da helduen eremuan nahiz pediatrian zerbitzu hobea emateko asmoz. Egokitzapen arkitektoniko eta kontsulten ekipamenduaren aurrekontua 300.000 bat euro izango da.

Iruña eremuko ospitalez kanpoko larrialdiak San Martin Doktorea, Ermitagaña, Arrotxapea eta Burlatako zentroetan egiten dira, gaur egun. Azken urteotan, jarduera-bolumena nabarmen areagotu da. 2015ean 103.214 kontsulta egin ziren, hau da, aurreko urtean baino % 11,3 gehiago. Zifra horretatik, 80.006 (+% 10,7) helduei zegokien eta 23.208 (+% 13,4) Pediatriako artatzeei.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa