(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gizarte Segurantzan 2.712 pertsona gehiago afiliatu dira, krisia hasi zenetik izan den igoera handiena

asteazkena, 2016.eko maiatzak 4


Barkos Lehendakariak azpimarratu du datu horrek enplegua berreskuratzeko garaian dagoen joera positiboa berresten duela


Transcripción textual del video

2.712 pertsona gehiago (+% 1,05) afiliatu dira Gizarte Segurantzan aurreko hilarekin alderatuz, eta 6.617 gehiago (+% 2,60) azken urtean.

Arkitektoak

Bi emakume lanean.

2.712 pertsona gehiago (+% 1,05) afiliatu dira Gizarte Segurantzan aurreko hilarekin alderatuz, eta 6.617 gehiago (+% 2,60) azken urtean.

Asteazken honetako gobernu bileraren ondoren, Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek prentsaurrekoan nabarmendu du datu horrek "enplegua berreskuratzeko garaian dagoen joera positiboa berresten duela"; haren arabera, Nafarroa "langabezia-jaitsieran buru dauden autonomia erkidegoen taldean" dago.

Aurrez, eta lehen orduan iragan hileko emaitzak jakin ondoren, Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak azpimarratu du "krisia hasi zenetiko apiril onena izan dela aurtengoa"; urtebetean 3.491 pertsona gutxiago lanik gabe egotea "oso garrantzitsua" dela esan du, "azken urteotako joera positiboarekin jarraitzen baitu, eta iragan urteotan izandako langabezia-jaitsierekin eten da".

Nafarroako Lansareko agentzietan 42.879 langabe zenbatu dira apiril amaieran, hau da, aurreko hilean baino 1.240 gutxiago (-% 2,81); aurreko hil horretan 44.110 langabe zeuden.

Termino erlatiboetan, -% 2,81eko jaitsiera hori Espainiako batez bestekoa baino handiagoa da (-% 2,04) eta Foru Komunitateak martxoan izandakoa baino handiagoa (-% 2,71 izan zen). Termino absolutuetan, 1.240 langabe gutxiago izatea ez da hain garrantzitsua iazko hil berean izandakoarekin alderatuz, Aste Santuko oporren efektua aurten martxoan izan baitzen eta ez apirilean, 2015ean bezala.

Urte arteko aldaketari dagokionez, Nafar Lansarean 3.491 langabe gutxiago erregistratu dira, iazko apirilean zeuden 46.370 langabeak oinarritzat hartuta. % 7,53ko jaitsiera hori iaz lortutakoa baino pixka bat txikiagoa da (% 8,62an kokatua), baina aurreko urteetako apirileko langabe-kopuruan izandako urte arteko gainerako aldaketak baino hobea.

Miguel Laparrak azpimarratu du emakumeen urte arteko langabezia % 5,72 jaitsi dela, "apiril batean izan den handiena krisia hasi zenetik", eta esan du Nafarroako Gobernuak "enpleguaren politika aktiboekin jarraitzeko bere apustua finkatu eta indartuko duela egungo langabezia-tasak arintzeko beharrezko tresna gisa, susperraldi ekonomikoko ingurune batean eta lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dauden ingurune batean".

Kontratu mugagabeen igoera

Laparra lehendakariordeak ere nabarmendu du "kontratazio mugagabeak igo egin direla, hau da, kalitatezko enplegu gehiago dagoela. Baina, hala ere, aurrera egiten jarraitu behar da, alde batetik, langabezia-zifrak murrizteko indar handiagoa eginez, eta bestetik, enpleguaren ikuspegi batetik, kalitate handiagoko lanpostuen sortu ahal izateko" gaineratu du.

Nafar Lansarean 27.599 kontratu erregistratu dira 2016ko apirilean (Foru Komunitatean lantokia dutenak). Aurreko hilean baino 27 kontratu gutxiago dira, eta hileko jaitsieraren % 0,10 da. Urteko terminoetan, kontratu-kopurua % 5,97 igo da 2015eko apirilean izandako kontratuen aldean, hau da, 1.556 kontratu gehiago.

Kontratazio-tipologiari begiratuz, kontratu mugagabeek % 10,04 egin dute gora 2016ko martxoarekin alderatuz (160 gehiago). Halaber, 2015eko apirilarekin alderatuz, kontratu mugagabeak % 23,52 igo direla azpimarratu behar da (334 kontratu gehiago). Horrek esan nahi du, zenbait hilabetetan estreinakoz, kontratu mugagabeen pisua % 6 baino handiagoa dela.

Zehazki, iragan apirilean egindako kontratu guztietatik, mugagabeak % 6,36 dira. Zifra horiek duela urtebetekoak baino positiboagoak dira: kontratu mugagabeak % 23,52 igo dira, 2015eko apirilean baino 334 kontratu mugagabe gehiago, eta kontratazio mugagabearen pisua portzentaje aldetik puntu bat handiagoa da, iazko hil berean % 5,45 izan baitzen.

Datuak xehakatuta

Enplegu-agentzien arabera, langabeziak behera egin zuen iragan hilean Lodosan (-% 9,68), Tafallan (-% 4,22), Tuteran (-% 3,87), Lizarran (-% 3,71), Yamaguchin (-% 2,81), Altsasun (-% 2,58), Zabalgunen (-% 1,98) eta Arrotxapean (-% 1,98), eta igo Donezteben (% 0,83) eta Agoitzen (% 3,74%).

Sexuaren arabera, 23.872 emakume daude lanik gabe (guztiaren % 55,67), hau da, % 1,57 jaitsi da (382 emakume gutxiago), eta 19.007 gizon (guztiaren % 44,33), % 4,32ko jaitsierarekin (858 gizon gutxiago) aurreko hilarekin alderatuz. Hileko aldaketa erlatiboak adierazten du, 2016ko martxotik apirilera, langabezia portzentaje aldetik 2,75 puntu gehiago jaitsi dela gizonezkoetan emakumezkoetan baino. Halaber, urteko aldaketa aztertzen bada, langabeziaren banaketa desorekatua izan dela ikus daiteke. Urte batean gizonezko langabeen kopurua % 10,21 jaitsi da, eta emakumezkoetan, % 5,27. Sexuaren araberako azterketa honetan, emakumeentzako datu positibo bat dago: jaitsiera hori aurreko urteko hil berarekin alderatuz handiena izan dela krisia hasi zenetik.

Adin-taldeei dagokienez, 25 urtetik beherako 4.290 langabe daude, kopuru guztiaren % 10, hau da, aurreko hilean baino % 0,61 gehiago (26 pertsona gehiago). 25 eta 44 urtekoen artean, 19.414 langabe, kopuru guztiaren % 45,28, martxoan baino % 3,65 gutxiago (736 gutxiago). Bestalde, 45 urte edo gehiago dituzten 19.175 langabe daude, hots, kopuru guztiaren % 44,72, aurreko hilean baino % 2,69 gutxiago (530 gutxiago).

Sektore ekonomikoei dagokienez, langabeziak sektore guztietan egin du behera, `aurrez enplegurik gabeko´ arloan izan ezik; azken horretan 54 pertsona gehiago dago lanik gabe. Jaitsera handiena Zerbitzuetan gertatu da (712 pertsona gutxiago), eta atzetik datoz Industria, Eraikuntza eta Nekazaritza sektoreak (227, 181 eta 174 pertsona gutxiago, hurrenez hurren).

Azpisektore ekonomikoen arabera, Elikagaien Industriak jasandako jaitsiera nabarmendu behar da, 180 langabe gutxiagorekin; Nekazaritzan, 170 langabe gutxiago; Administrazio Publikoaren azpisektorean, 119 gutxiago eta Eraikuntzan, 104 gutxiago. Aldiz, langabezia hazi egin da Kautxu eta Plastikozko produktuen fabrikazioan (85 pertsona), eta Osasun jardueren azpisektorean (74).

Ikasketa-mailaren arabera, unibertsitate-prestakuntza duten pertsonen langabezia kopuru guztiaren % 9,85 da; Bigarren Hezkuntzako lehen maila arteko prestakuntza dutenen langabezia, berriz, kopuru guztiaren % 69,86 da. Unibertsitate-ikasketak dituzten langabeei dagokienez, hamarretik zazpi emakumeak dira (% 70,93).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa