(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak iraganak Estella-Lizarraren izaeran izandako eragina azpimarratu du asteartea, 2016.eko uztailak 19


Erdi Aroko Azterketen Nazioarteko XLIII. Astea inauguratu du gaur eguerdian


Erdi Aroko Azterketen Astea

Barkos Lehendakaria inauguraziora bertaratutako guztiei hitz egiten. ( irudia handitu )

"Lizarrak hiru garai distiratsu bizi izan ditu bere historian, baina haren Erdi Aroaren iraganak (bertako bizilagunen lanerako gogoan, elkartasunean eta adimenean oinarrituta) izan du eragin handiena guztiok ezagutzen dugun hiriaren izaeran. Ez da harritzekoa, beraz, Lizarrak aste zientifiko batzuk hartzea, eta lau egunez hiria, eta era berean Nafarroa osoa, Europako Erdi Aroaren erdigunean jarriko da".

Hitz horiek Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek Estella-Lizarrako Nazioarteko XLIII. Astearen inaugurazioan egindako agerraldiaren zati bat dira; oraingo honetan gaia "Tronurako iritsiera. Kontzeptualizazioa eta erritualizazioa" izenekoa da, eta uztailaren 22ra arte, sei herrialdetako hamabi espezialista ospetsuk parte hartzen dute; Erdi Aroan erregeen koroatzeari lotutako alderdi ideologiko, politiko, sinboliko eta erlijiosoak aztertuko dituzte. Asteari "Lizarra, foruari eta haren historiari buruzko gogoetak" izeneko mahai-inguru batek emango dio amaiera, eta bertan, hiru ikertzailek parte hartuko dute.

Barkos Lehendakariarekin batera izan dira, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrera eta Estella-Lizarrako alkate Koldo Leoz, bai eta aurtengo edizioko hizlari eta Valladolideko Unibertsitateko katedradun Pascual Martínez Sopena ere. Ondoren, Madrilgo Complutense Unibertsitateko José Manuel Nieto Soriak "Dialektika monokratikoak: tronurako iritsiera eta jatorrizko zilegitasuna" izeneko inaugurazio-hitzaldia eman du, eta haren atzetik berriki hil den Juan Ignacio Ruiz de la Peña irakasleari aitorpen bat egin zaio (Astearen Batzorde Zientifikoa).

Erdi Aroko Azterketen Nazioarteko Asteen jatorria aipatu ondoren, hau da, 1963. urtea eta Lizarrako Santiago Bideko Adiskideen Elkartearen ekimenez (orduan Francisco Beruete zen burua), eta Lizarrako Jose Maria Lacarra Erdi Aroko aditu ospetsua bertan zela, Barkos Lehendakariak gogora ekarri du hiru urte geroago Nafarroako Foru Aldundiak laguntza ekonomikoa eta antolaketa-laguntza hasten duela Vianako Printzea erakundearen bidez: hamarraldi bateko eten baten ondoren, 1991an ekimena orientazio akademiko berri batekin birsortu zen, batzorde zientifiko baten eskutik, Vianako Printzea Erakundea-Kultur Zuzendaritza Nagusiaren euskarriarekin. "Baina Astearen edizioetan zehar izandako gauzarik aipagarriena –esan du Lehendakariak– herritarrek eta Estella-Lizarrako Udalak emandako ezinbesteko laguntza izan da, Lizarrako Santiago Bideko Adiskideen Elkartearekin berarekin batera".


Erdi Aroko Azterketen Astea

Astearen irekiera-ekitaldira bertaratutako jendea. ( irudia handitu )

Ibilbide ordainezin horrekin, jarraitu du Lehendakariak, "buru naizen Nafarroako Gobernuaren zeregina Astearen estatuko nahiz nazioarteko ospea era oso positiboan baloratzea izan da, bultzada politiko berri bat ematea, hau da, izen-aldaketarekin haren nazioarteko izaera berrestea, eta ikertzaile berrien tesi eta ikerketako proiektuak hedatzeko foro bat zabaltzea". Uxue Barkosek esan duen moduan, hainbat jarduera eginez herritarrengana hurbildu nahi da.

Hitzaldiak

Astearen hitzaldiak hiru arloren baitan antolatzen dira: lehenik eta behin, tronurako iritsieraren ikuspegi ideologikoak eta sinbolikoak jorratuko dira, irudi eta edukien transmisioari dagokionez, carolingio eta otonida epean funtsean; hala, ondorengo irakasleen hitzaldiak emango dira: Wolfram Drews (Westfäliche Wilhems-Universität Munster), Carlos Estepa Díez (Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseilua, Madril), Isabel Ruiz de la Peña (Oviedoko Unibertsitatea) eta Klaus Herbers (Friedrich-Alexander-Universität Erlangen-Nurnberg).

Jarraian, errege-boterearen sakralizazioa aztertuko da eta hark tronuaren iritsieran duen eragina, honako hauen hitzaldiekin: Elisabeth Crouzet-Pavan (Université Paris-Sorbonne), Ghislain Brunel (Archives Nationales de France) eta Nicholas Vincent (University of East Anglia).

Azkenik, errege-boterearen desakralizazioari lotutako alderdiak aztertuko dira eta tronuaren iritsieran izandako irregulartasunen kudeaketa, honako irakasle hauen hitzaldiekin: María Fernanda Nussbaum (IHTT School of Hotel Management, Neuchâtel), Maria Helena da Cruz Coelho (Universidade de Coimbra), J. Ángel Sesma Muñoz (Zaragozako Unibertsitatea) eta Eloísa Ramírez Vaquero (Nafarroako Unibertsitate Publikoa).

Ostiralean, hilak 22, Nafarroako Unibertsitateko Jaume Aurell irakasleak "Erregeen autokoroatzeen praktika" izeneko itxiera-hitzaldia emango du, eta haren atzetik, 10:15ean, mahai-inguru bat izango da Estella-Lizarrako herritarrek eta bertako bisitariek parte har dezaten, Lizarrako foruari buruzkoa. Bertan, ondorengo irakasleek esku hartuko dute: Xabier Irujok (University of Reno, Nevada), Juan José Larreak (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Fermín Miranda Garcíak (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa). Itxierako ekitaldi ofiziala 13:00ean egingo dute Kultura, Kirol eta gazteriako kontseilari Ana Herrerak eta Lizarrako alkate Koldo Leozek.

Batzorde antolatzailea honako hauek osatzen dute: Herrera kontseilariak, batzordeburua, Nafarroako bi unibertsitateetako errektoreek, Nafarroako Kultur Kontseiluko ordezkari batek, Artxiboen eta Ondare Dokumentalaren Zerbitzuko zuzendari Joaquim Llansók eta idazkari batek. Bestalde, Batzorde Zientifikoan, ondorengo irakasleek parte hartzen dute: Eloísa Ramírezek (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Julia Pavónek (Nafarroako Unibertsitatea), Pascual Martínez Sopenak (Valladolideko Unibertsitatea), Véronique Lamazou-Duplan-ek (Université de Pau et des Pays de l’Adour), eta Juan José Larreak (Euskal Herriko Unibertsitatea).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa