(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak % 25 igo nahi du ekintzailetza-tasa datozen hiru urteetan osteguna, 2016.eko abuztuak 4


Foru Komunitateak Europako enpresa berrien biziraupen-indize handiena izatea ezarri du helburu, gainera, II. Ekintzailetza Planak


Ikertzaileak

Oinarri teknologikodun enpresa gehiago sortzeko ekintzak jasotzen ditu Planak.

Nafarroako II. Ekintzailetza Planak (2017-2019) ekintzailetza-tasa % 25 handitzea (egungo % 3,9tik % 5era); urtero dauden enpresen kopurua % 5 handitzea, eta Foru Komunitatea sozietate berriek aktibo gehien irauten duten (42 hilabete baino gehiago) lurralde egitea ezarri ditu helburu gisa. Herbehereen atzetik dago azken puntu horretan (% 9,3 Nafarroa, % 9,5 Herbehereak), baina aurretik egotea da helburua.

Helburuak lortzeko, askotarik 28 ekintza zehaztu ditu Nafarroako Gobernuak, enpresa-proiektuak sortu, erakarri, garatu eta finkatzeko eta, hartara, enplegua sortu eta ekonomia eta gizartea garatzeko.

II. Planaren zirriborroa gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako kontseilari eta lehendakariordeak eta Izaskun Goñi Politika Ekonomikoko, Enpresako eta Laneko zuzendari nagusiak. Irailaren 5era arte hartu ahal izango du parte jendeak Gobernu Irekiaren web-orrian.

II. Planak berrikuntza teknologikoaren eta espezializazio adimentsuaren alorretako enpresen ekintzailetzan jarriko du arreta. Enpresak sortzeko babes orokorraren barruan, Nafarroako Gobernuak babes berezia emango die mota horretako ekimenei, I+G+B proiektuetan inbertsio handia egin delako, estatuan eta nazioartean hazteko aukera handia duelako, eta kalitatezko eta prestakuntza handiko enpleguak sortzeko gaitasuna duelako.

Proiektu berritzaileak sortzeko eta finkatzeko ekintzak Nafarroako ekintzailetza sustatzeko lau arlo estrategikoetako bat dira. Gainerako hiru arloak 2013-2015ko lehen planean egindakoekin datoz bat: ekintzailetzarako gaitasuna gaztetatik bultzatu eta gizarteari ekimenak sortzearen garrantzia erakutsi; proiektu berrien sustapena, sorrera eta finkapena babestu, eta finantzaziorako eta teknologia berrietarako sarbidea erraztu.

II. Ekintzailetza Planak bat egiten du Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako erronkekin (datozen urteetako baliabide eta politika publikoak ezarritako 6 lehentasunei buruzkoak izango dira) eta, zeharka, kalitatezko enplegua sortzeko helburua lortzeari ere helduko dio.

Hori dela eta, 12 adierazle ere betetzen dituzten enpresei babes handiagoa emango zaie: enplegu mugagabeak, ezbehar-kopurua, genero-presentzia orekatua, desgaitasunen bat dutenentzako enplegua, erantzukizun soziala, trebakuntza, familiaren babesa, ordutegi malguak, hobekuntza-taldeetan parte hartzea edo telelana egiteko aukera.

Arlo estrategikoak eta ekintzak

Plana prestatzeko, Nafarroako Gobernua berrogeita hamarren bat erakunde eta enpresarekin aritu da elkarlanean.

6 ildok osaturiko 28 ekintza zehatzen bidez gauzatuko dira Planeko lau arlo estrategikoak: heziketa-garaian eta ikasleen artean ekintzailetza sustatzea; gizarteari ekintzailetzaren garrantziaz jakinaraztea; proiektuen izapidetza, aholkularitza eta bideragarritasuna azpimarratzea; enpresa teknologiko berritzaileak eratzeko proiektuen sustatzea; finantzatzeko dauden aukera guztiak antolatzea, eta enpresa berrietan IKT tresnak gehitzea erraztea. Horiek abian jartzeko, Gobernuak, ohi bezala, Sodena edo CEIN sozietate publikoetara edo Nafar Lansarera joko du, besteak beste.

Planaren ezaugarri nagusia oinarri teknologikodun enpresen aldeko apustua egitea izango da, 3 ekintzaren bidez. Hala, 42 hilabete bete arte, enpresek sortu ondorengo babesa jasoko dute; besteak beste, haien negoziaren jarraipena egingo da, instalazioa erraztuko da inkubagailuen, baimen-programen, prestakuntzarako sarbidearen eta kontaktuen bidez, edo hazteko aukera handiena duten 10 sozietateri lagun egingo zaie hazteko bidean.

Teknologiaren alorreko ekintzailetza berritzailea sustatu eta teknologiaren alorreko ekintzailetza berritzailea detektatu eta babestuko da. Hau da, honako hauetarako ekintzak garatuko dira: proiektuak atzemateko; ikertzaileak edo doktoregaiak erakartzeko; Nafarroan sortutako edo bertan ezartzeko prest dauden proiektu berritzaileentzako sariak, eta tesi eta emaitza zientifiko garatuen alderdi komertzialaren azterlanentzako sariak antolatzeko; urtero EITB proiektuei babes pertsonalizatua emateko, eta ekintzailetza teknologikoaren inguruko erakundeen taldeko lana bultzatzeko.

Bestalde, II. Ekintzailetza Plan honek lan-sozietateak edo ekonomia sozialeko sozietateak; ekintzailetza solidarioa, eta baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen ekintzailetza babesteko ekintza berriak hartzen ditu barne.

Enpresen ondorengotzak eta birmoldaketa babesteko ekintzak ere jasotzen ditu, eta baita gaur egun zailtasunak dituzten eta, behar diren neurriak hartu eta ekintzailetza finantzatzeko formula berriak ezarri ezean, ixteko arriskuan dauden enpresa bideragarriei babesa ematekoak ere.

Halaber, finantzatzeko bitartekoak ugaritu nahi dira. Hala, inbertitzaileen foroak eta zirkuluak sortuko dira, eta elkar bermatzeko sozietateekin edo ENISA sozietate publiko ministerialarekin berriki sinatutako hitzarmenak eguneratuko dira, behar bada.

Beste neurri batzuk

Departamentuak zein sozietate publikoek eraginkortzat jo dituzten beste neurri batzuk ere mantendu eta bultzatzen ditu Planak, esate baterako, proiektuen bizkortzailea.  

Hezkuntzari dagokionez, metodologia aktiboen pixkanakako ezarpenean jarriko da arreta lehen eta bigarren hezkuntzako etapetan, eta lanbide heziketako irakaskuntzan. Gizartea ekintzailetzaren balioaren inguruan sentsibilizatzeko ekintzak ere indartuko dira.

Horiez gain, finantzazioari lotutako aholkularitza, trebakuntza eta babesa ematen jarraituko da; ekintzailetzari zerga-abantailak emango zaizkio (funtzionatzen ez dutenak berrikusi egingo dira); autoenplegua babestuko da (Nafar Lansarea), eta sortzen diren enpresei ere babesa emango zaie, hasierako gastuen zati bat ordaintzeko diru-laguntzak emanda eta lehia irtenbide teknologikoak ezartzeko laguntzen bidez sustatuta.

Ekintzailetza Nafarroan

Nafarroan kokatutako enpresen kopurua sei urtez nabarmen jaitsi zen arren, inflexio-puntu bat izan zen 2014an. 2007an zeuden 48.128 enpresen kopuruak % 23,7 egin zuen behera, 37.983 enpresa izan arte. 2015ean, aurreko urtearekin alderatuta, % 3,4 egin zuen gora (EIN). Bigarren urtez jarraian, enpresen kopurua hazi egin zen Foru Komunitatean. 2016ko lehen bost hilabeteetan, 51 kooperatiba sortu ziren Nafarroan, 2015eko urtarril eta maiatz artean erregistratutakoen bikoitza baino gehiago (24). Hortaz, Nafarroan eratutako kooperatiben kopuruaren hazkuntzak estatukoarena gainditzen du. Hori dela eta, % 10 egin du gora enpresen kopuruak azken urtean Nafarroan, kooperatiben sorrera kontuan hartuz gero, prentsaurrekoan jakinarazitako datuen arabera.

Hala ere, Nafarroako ekintzailetza-tasa (gutxienez 42 hilabeteko jardunaldia izan duen ekimen ekintzailea garatu duen 18 eta 64 urte arteko biztanleen ehunekoa da) nahiko txikia da (% 3,9, estatuko batez bestekoaren % 5,4 edo Balearretako % 9arekin alderatuta). Foru Komunitateko ekoizpen-egituragatik izan liteke.

Edonola ere, ekintzailetzaren kalitateak ona diruri, ekimen berrien ehuneko handi batek lortzen baitu luzaroan bizirauten, 42 hilabete baino gehiago alegia (% 9,3k).

Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) enpresen demografiari buruzko adierazleek ere atera dute ondorio bera. Horien arabera, Nafarroak estatuko enpresen hilkortasun-tasarik baxuena du estatuan. Enpresen % 50 errentagarritasun faltarengatik ixten da, eta % 10 finantzazio faltarengatik.

Munduko Bankuak hirugarren tokian jarri du Nafarroa (Iruña) estatuaren barruan negozioak irekitzeko erraztasunari dagokionez. Errioxa (Logroño) eta Madrilgo Komunitatea (Madril) ditu aurretik. Ardura sortu du enpresa irekitzeko prozeduraren adierazleak emaitzak eskasa eman izana, azken tokian baitago Nafarroa. Enpresen irekiera izapidetzeko sistema osatua falta delako da hein handi batean, baina horretan ari da lanean dagoeneko Gobernua.

2014 eta 2015 urteetan, Gizarte Segurantzan afiliatutako autonomoen kopurua leheneratu egin da aurreko urteetako jaitsieraren ondoren. Hala ere, 2008tik hona % 7,3 jaitsi da eta, 2015en amaieran, 47.883 langile zeuden guztira Araubide Berezi horretan. Izan ere, krisiaren erantzun bihurtu da autonomoen lana. Horri erantzun egokia emateko, Nafarroako Gobernua autonomoentzako plan estrategiko bat ari da prestatzen, Nafarroako ekintzaile eta autonomoei babesa emateko Foru Legea betez (12/2013 Foru Legea).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa