(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Foru Gobernuak egindako kontrolen arabera, Nafarroan ez dago tigre eltxorik osteguna, 2016.eko abuztuak 11


Zaintza-plana urriaren amaiera arte izango da indarrean, orduan baldintza meteorologikoek intsektu horien jarduera eta ugaltzea galaraziko baitute


Eltxoa

Eltxoa

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioaren Departamentuak, Iruñeko eta Tuterako Udalekin lankidetzan, egindako kontrolen arabera, Zika birusa transmititu dezakeen tigre eltxorik (Aedes albopictus) ez dago oraingoz Foru Komunitateko lurraldean.

Zaintza-plana ekaineko azken astean jarri zuten abian eta urriaren amaiera aldera arte indarrean izango da, orduan baldintza meteorologikoak medio intsektu horien jarduera eta ugaltzea eragotzi egingo dela aurreikusten baita. Horretarako, 45 gailu ("ovitrampa") ezarri dituzte Foru Komunitateko bost zona geografikotan banatuta; izan ere, gune horietan espezie hori sartzeko arriskua egon daiteke, intsektuaren ezaugarriak, biologia, kokalekuko ingurumen-arloko zenbait alderdi eta intsektua egon deneko beste zona batzuetatik errazago zabaltzeko bestelako faktoreak direla-eta.

Bereziki zaintzen ari dira Mediterraneoko zonatik eta Frantziako Akitania eskualdetik datozen komunikazio-bideak, horietan tigre eltxoa ezarri dela erakutsi baita eta horietatik ibilgailuen trafikoa handia delako, batez ere udako turismoen joan-etorria medio; denboraldi hori da, gainera, intsektuaren jarduera handiena den garaia.

Azpimarratu behar da eltxoak hegan joaten direla batetik bestera 400 metrotik beherako distantzian; beraz, lurralde berri bat kolonizatzen dute ibilgailuen bidaiari-lekuetan eramaten direnean (maletategiak, kabinak, edukiontziak, e.a.) lehendik ezarrita zeuden lekuetatik.

Gune jakin batean tigre eltxoa dagoela ikusten bada, akabatzeko kontrol-neurriak aplikatuko lirateke, batez ere ugaltzea saihesteko, eta banako babes-neurriak ere bai. Hortaz, eltxorik badagoen edo ez jakitea garrantzitsua da intsektu horiek dakartzaten gaixotasunak transmititzeko arriskua ebaluatzeko eta beharrezko prebentzio-neurriak hartzeko.

Tigre eltxoa eta Zika birusa 

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak gogorarazi nahi du birusaren bidez sortutako gaixotasun ezberdinak transmititu daitezkeela kutsatutako tigre eltxo batek pertsonei zizta eginez gero. Min horien artean, kezkatzekoa da Zika birusaren bidez sortutako gaixotasuna intsektu horrek transmititu ahal izatea, gaur egun horren ebidentziarik ez dagoen arren.

Halaber, gogoratu behar da infektaturiko lau pertsonatatik soilik batek garatzen dituela gaixotasun horren sintomak, eta normalean arinak direla edota oharkabean ere pasa daitezkeela, zailtasunik gabe konponduaz; ondorioz, batzuetan zaila da kasuak antzematea. Hala ere, herrialde batzuetan eta agerraldi epidemikoetan, konplikazio neurologikoak gehitu direla ikusi da, eta larriak izan daitezke; batez ere haurdunaldian kutsaturiko amen haurtxoengan dute eragina, bereziki mikrozefaliak.

Gaur egun, Zika prebenitzeko txertorik ez dago; beraz, gaixotasuna ez transmititzeko, egoera epidemiologikoa ezagutu behar da eta kasuak eta intsektu bektorearen (transmititzailea) presentziarik baden jakin.

Nafarroan, 2016. urtean zehar, Zika birusak sortutako gaixotasunaren bost kasu aitortu dira, guztira. Gizonezko bat eta lau emakumezko izan dira (azken horietatik inor ez zegoen haurdun). Pertsona horiek inkubazio-garaian gaixotasunaren agerraldi epidemikoa zuten herrialdeetara bidaiatu dutenak dira.

45 tranpa 

"Obitranpak" honelakoak dira: 400 cc-ko ontzi bat, ahal dela iluna, goian zulo batekin tranpak gainezka egin ez dezan euria eginez gero. Ontzia urez betetzen da zulora bitarte, eta, ondoren, lekukoa sartzen da. Lekukoa material porotsuko elementua da; bertan, eltxo emeak arrautzak jartzen ditu, obitranpatik gertu aurkitzen bada.

Hamabost egunetik behin, lekukoa hartzen da, identifikatu eta poltsa txiki batean sartzen da laborategira eramateko; horren lekuan beste bat jartzen da.

Jasotako laginak aztertu egiten dira arrautzarik badagoen ikusteko, identifikatzeko eta tigre eltxoarenak diren egiaztatzeko. Ildo horretan, herritarren lankidetza garrantzitsua da, pertsonaren batek gailu horietakoren bat aurkituz gero, bertan uzteko inola ere maneiatu gabe.

Plana bat dator dengea, zika eta chikunguya bezalako bektoreek transmititutako gaixotasunen aurrean prestatzeko eta erantzuteko Estatuko Planarekin; plan hori Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioko Osasun Publikoaren Batzordeak onartua da. Plan Nazionalean esaten da komunitate autonomoek, eta, behar izanez gero, Udalek, zaintzeko aurretiko planak egin behar dituztela bektore eltxorik badagoen zehazteko, lurraldean ezarri diren kontuan izateko eta egin beharreko jarduerak erabakitzeko.

Zaintzaren kudeaketa Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak koordinatzen du, eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak eta Iruñeko eta Tuterako Udalek hartu dute parte. Nekazaritzako elikagaien laborategiak zaintza-programan jasotako laginak prozesatu ditu.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa