(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Artxiboak Interneten argitaratu ditu Gerra Zibileko soldaduen eta epai judizialen 40.000 fitxa osteguna, 2016.eko urriak 13


Foru Komunitatean epe historiko horren gainean orain arte jarritako datu-kopuru handiena da


Dokumentuak

Soldaduen bi fitxa eta epaien liburuetako bat. ( irudia handitu )

Nafarroako Artxiboak Gerra Zibilean altxatutako bandoko soldadu nafarren 40.791 fitxa argitaratu ditu Interneten, eta baita Nafarroako Politika Erantzukizunen Eskualde Epaitegiak Mugimendu Nazionaleko aurkarien kontra emandako 1.538 epai ere.

Informazio hori Nafarroan epe historiko horren gainean orain arte argitaratutako datu-kopuru handiena da, eta ikertzaileen nahiz herritarren esku daude doan eta era librean, Foru Gobernuko artxiboen atariko bilatzailearen bidez (www.archivoabierto.navarra.es).

Epaien kontsulta zuzenekoa izango da orrialde osoan argitaratu baitira. Aldiz, zeharkakoa izango da fitxen kasuan deskribapenak dokumentuen irudirik gabe zabaldu izanagatik. Horrek esan nahi du fitxa osoa eskuratu nahi duten interesdunek Nafarroako Artxiboko egoitzara joan beharko dutela (Maiatzak 2 kalea, zenbaki gabea, Iruña) edo ondorengo helbide elektronikoan eskatu ahalko dutela: archivogeneral@navarra.es.


Dokumentazio honen argitalpena Nafarroako Artxiboan azken lau urteotan XX. mendeko dokumentazioarekin egindako artxibo-lanen emaitza ikusgarriena da. Lan horretan, funts dokumentalak berriz antolatu dira, serieak identifikatu, dokumentuak deskribatu eta pieza garrantzitsuenak digitalizatu.

Hari esker, Nafarroako Artxiboak Gerra Zibilari buruzko dokumentazioa eskuratzeko eskaera ugariak izapidetu ahal izan dira, Kontsulta Gelan egunero jasotzen dituzten eskaerak eta nabarmen igo direnak azken hilabeteotan gatazka hau aztertzeko sortu den interes handiagatik.

Dokumentu horietako batzuk "Gerra baten aztarna dokumentala. Gerra Zibileko dokumentuak Nafarroako Artxiboan" izeneko aldi baterako erakusketan ikus daitezke. Zehazki, beira-arasa batean altxatutako bandoko Nafarroako soldadu batzuen fitxak agertzen dira eta, bestean, Nafarroako Politiken Erantzukizuneko Epaitegiaren epaien liburuetako bat. Erakusketan Gerra Zibilari buruzko dokumentazioaren hautaketa zabal bat jasotzen da, eta urtarrilaren 8ra arte zabalik izango da astelehenetik ostiralera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, asteazkenetan 11:00etatik 20:00etara eta asteburu nahiz jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara. Gainera, larunbat eta igande guztietan doako bisita gidatuak egingo dira interesdun guztientzat eguerdiko 12:00etan.

Soldaduen fitxategia

Berrantolaketa-lanen ahalegin handiena oinarritu den dokumentazioa Nafarroako Foru Aldunditik eta Probintzialetik jaso da, Artxiboan zaintzen dituztenetatik bolumen handienetako funtsetako bat. Funtsa osatzen duten serie dokumental ugarien artean, altxatutako bandoko soldadu nafarren fitxategia nabarmentzen da.

Fitxategi hori 1937 eta 1940 artean osatu zen Nafarroako Foru Aldundiak eta Probintzialak eskatuta, altxatutako bandoan sartutako boluntario eta soldadu guztien erregistro izendun bat lortzeko asmoz. Aldundiak udal guztiei agindu zien altxatutako bandoan armak hartu zituzten soldatu guztien gaineko fitxak osa zitzatela. Horretarako, udalerri guztietan banatzeko eredu bat prestatu zen, eta informazioa osatzeko erari buruzko agindu zehatzak eman ziren.

Borrokan hildako soldaduen fitxak egin eta igorri behar ziren tokiko agintariek beren herritarrak gerrako frontean hil zirela jakiten zutenean. Bestalde, bizirik ateratako soldaduen fitxak gerra amaitzean osatu behar ziren, eta horrek azaltzen du azken horiek Diputazioan jaso izana 1939 eta 1940 artean. Fitxak aztertu ostean ondorioztatu daiteke soldaduen % 44 soldadutzara deitutakoak izan zirela; % 40 boluntario erreketeak eta % 14 boluntario falangistak.

Gaur egun, fitxategiak bizirik dauden eta hildakoen soldaduen artean zatituta jarraitzen du. Bizirik dauden soldaduen fitxategitik 36.309 fitxa kontserbatu dira eta hildakoen artetik, 4.482. Oro har, Iruñea dago buru 2.342 fitxarekin, Tutera ondoren, 1.226rekin. Nolanahi ere, landa-eremuko Nafarroaren laguntza askoz garrantzitsuagoa izan zen, kontuan hartuz 125 udalerrik 100 eta 1.000 gizon artean jarri zituela bakoitzak. Haietatik Baztan nabarmendu behar da, 907 soldadu jarri zituen, eta atzetik datoz Lizarra (729), Tafalla (635) eta Deierreiko ibarra (574). Finean, egiaztatuta dago Nafarroako 262 herritako soldatuak izan zirela.

Horrek guztiak soldaduen fitxategia gaur arte Nafarroan kontserbatutako datu pertsonal osoenak dituen artxibo bihurtu du; izan ere, bertan biltzen dira: data berean identifikazio-datuak, lanbidea, jatorria, ondorengoa, armadan sartutako data eta emandako zerbitzuak argazki pertsonal batekin, eta azken alderdi hori oso garrantzitsua zen, nahiz eta fitxa guztiak ez ziren elementu horrekin bidali. Nolanahi ere, soldaduen ondorengoen testigantzen bidez, ikusi ahal izan da fitxa gutxi batzuk galdu egin zirela edo ez zirela egin, gaur egun fitxategiaren barnean ez baitaude.

Soldaduen fitxak antolatu dira hildakoen eta bizirik ateratakoen azpiserieak errespetatuz. Bakoitzaren barnean, fitxak udalerrien arabera ordenatu dira eta aldi berean kontzejuka, eta horri esker, udalerrien araberako informazioa berreskuratu da bertako soldaduekin.

Artxibo Irekiko web bilatzailean jarritako datuak deskribatzaileen bidez bakarrik osatuta daude, eta ez dute jatorrizko dokumentuaren irudia sartzen. Horrek esan nahi du erreprodukzio osoa jaso nahi duten interesdunek Nafarroako Artxibora jo beharko dutela eta berariaz eskatu, edo posta elektronikoz egin (archivogeneral@navarra.es.


Erantzukizun politikoen epaiak

Interneten argitaratutako bigarren multzo dokumentala Nafarroako Politika Erantzukizunen Eskualde Epaitegiak Mugimendu Nazionaleko aurkarien kontra emandako epaiak dira. Dokumentazio hori 1998an eraman zen Nafarroako Artxibora, baina orain bakarrik tratatu ahal izan da digitalki, hau da: deskribapen xehatua, dagozkien irudiak digitalizatu eta argitaratzea www.archivoabierto.navarra.es bilatzailean.


Serieak 1.538 epai ditu, 1939 eta 1942 artean eman ziren eta hiru liburuki marduletan koadernatuta daude. Errepresioaren testigantza modura duen balioa apartekoa da, epaiei dagozkien espediente judizial asko ez baitira gorde. Espediente horiek Iruñeko Artxibo Judizial Orokorrean gordetzen ziren, eta bertan antolatu nahiz deskribatu ziren 2012an Nafarroako Artxibora eraman baino pixka bat lehenago.

Artxibo Irekian argitaratutako epai judizialak iturri dokumental zehatzenetakoak dira Nafarroako eta Gipuzkoako errepresio frankistaren garrantziaz jabetzeko gerra Zibilaren amaieran. 1939ko otsailean honako hauen erantzukizun politikoa adierazi zen: 1934ko urriaren 1etik aurrera ezarritako ordenaren iraultza areagotzen lagundu zuten pertsonena eta uztailaren 18tik aurrera Mugimendu Nazionalaren kontra jo zutenena egintza zehatzekin edo pasibotasun larria erakutsiz. Lurralde Auzitegi baten egoitza diren beste hiri batzuetan bezala, Iruñean Erantzukizun Politikoen Eskualde Epaitegi bat sortu zen Nafarroan eta Gipuzkoan jurisdikzioa izanik, eta gordeta dauden 1.538 epai eman zituen. Izan ere, epai horien ehuneko handi bat, 940 zehazki, Gipuzkoako gizon eta emakumeen aurka emandakoak izan ziren. Epaimahaia lehendakari gisa aritzen zen armadako buru batek osatzen zuen, ibilbide judizialeko funtzionario batek eta Espainiako Falange Tradizionalistako eta JONSetako abokatu militante batek.

Lege horrek hiru zigor-talde ezarri zituen erantzukizun politikarengatik zigortutakoei: jardueraren zigor murriztaileak edo inhabilitaziokoak; egoitza-askatasuna mugatzeko zigorrak, esaterako: atzerriratzea, kanporatzea, konfinamendua edo jabetza afrikarrak baztertzea; eta azkenik, zigor ekonomikoak, isunak edo ondasunak konfiskatzea, adibidez. Epai guztietatik, 1.341 zigortzekoak dira eta 251 absoluziozkoak.

Bestalde, erantzukizun politikoko arrazoiak askotarikoak izan ziren. Zigortzeko jokabidetzat jo ziren jurisdikzio militarrak Mugimendu Nazionalaren aurkari gisa zigortu izana, Frente Popularraren alde publiko egitea, legez kanpoko alderdi, talde eta elkarteetan zuzendaritzako karguak bete izana, edo haietan afiliatuta izatea, besteak beste.

1.538 epaiak Artxibo Irekiko web bilatzailean deskribatuta eta digitalizatuta daude. Hainbat bilaketaren bidez kontsulta daitezke. Haien guztien zerrenda osoa lortzeko, Erantzukizun Politikoen Eskualde Epaitegiaren izena aipatzea nahikoa da. Emaitza zehatzagoak lor daitezke zigortuaren izen-abizenekin bilatuz edo irizpide geografikoen bidez.

Kontsulta irekia eta eskuragarria

www.archivo.navarra.es bilatzailean argitaratutako dokumentazioa era librean eta unibertsalki eskura daiteke. Orain arte aurrez aurre baino ezin zen kontsultatu Nafarroako Artxiboan, baina sarean jarrita etengabe kontsultatu eta eskuratu ahalko da.

Argitaratuta, ikertzaileak berehala sartu ahalko dira eta dokumentazioa era arinean aztertu; horri esker, gure hurbileneko historiako orrialde garrantzitsuenetako baten ezagutzan sakondu ahalko da. Bilaketen emaitzak Excel taula batera esporta daitezke, fitxa dokumentalak deskarga daitezke eta digitalizatutako irudiak zuzenean ikusi edo deskargatu.

Gerra Zibileko dokumentu horiek jarrita, gaur egun, Artxibo Irekiko web bilatzaileak digitalizatutako 15.000 dokumentu ikusten uzten du eta Nafarroako Errege Artxibo Orokorrean eta Administrazioko Artxiboan kontserbatutako dokumentazio historikoko 150.000 fitxa deskribatzaile. Datozen hilabeteotan datu gehiago argitaratzea aurreikusten da teknikariek egunero egiten dituzten deskribapen eta digitalizazioko lanek aurrera egin ahala.

Nafarroako Artxiboak gaur egun XX. mendeko lehen erdiko funts dokumentalen multzo handiena eta garrantzitsuena gordetzen du, hau da: Nafarroako Foru Aldundia eta Probintziala, Nafarroako Gobernu Zibila, Nafarroako Ogasuneko Ordezkaritza Probintziala edo administrazio judizial garaikideko funtsak, azken horiek berriki jasotakoak.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa